Lezon Ondo Ai Gea taldeak jarraipena egin dio hondakinak jasotzeko bost edukiontzien sistemari. Euren iritzia berretsi dute, ondorioei begiratura.
Zabor poltsak edukiontzien inguruan. Argazkia: Lezon Ondo Ai Gea.
Lezon Ondo Ai Gea taldeak esan duenez, azken hilabetean, hondakinak edukiontzi bidez jasotzeko sistema herri osora zabaldu eta horren jarraipena egin du, hainbat auzotan eta egun ezberdinetan. Taldeak nabarmendu du, gainera, Lezon birziklatzen denaren gaineko datu ofizialak lortzen saiatu direla euren jarraipenarekin kontrastea egiteko, “baina inoiz ezingo dugu datu sinesgarririk eduki, Lezoko hondakinak biltzen dituen kamioiak beste herrietako hondakinekin nahasten dituelako”.
Hala, oro har, hondakinak biltzeko sistema berria “arazoa” dela adierazi du taldeak, “herrian ikusten ari garena salatzeko elkarretaratze bat egingo dugu”. Taldeak atera dituen ondorioen arabera, bost edukiontzien sistema atez atekoa baino “zikinagoa, herritar gehienentzat ezerosoa, eta garestiagoa da. Eta Lezok gutxiago birziklatzen du”. Ostiralean da mobilizazioa, 19:30ean, plazan.
Jarraipena
Jarraipen horren harirako hainbat ondorio atera ditu. Hala, esan dutenez, bost edukiontzien sistemarekin Lezoko gutxiago birziklatzen du, “hondakin desberdinak nahasturik agertzen dira edonon. Bereizketa mailak behera egin du. Gainera, organikoen ontzietan inpropio ugari ikusi dugu”.
Kexak ere jaso ditu taldeak, herritarrenak. Organikoen edukiontziek “kiratsa” botatzen dutela esan diete herritarrek, “eta kalean botatako eta nahastutako zabor poltsa ugari ikusi dugu, kasu askotan, hautsita. Zalantzarik gabe esan dezakegu sistema hau atez atekoa baino zikinagoa dela”.
Adinekoen kexak ere jaso dituzte, bakarrik bizi direnenak gehienbat. “Lehen hondakinak etxeko atarian biltzen ziren bitartean, gaur urrutiago dauzkaten edukiontzietara joan behar dute poltsekin. Hau pertsona helduek bereziki sufritu badute ere, lezoar guztiek sumatu dugu”. Landa eremuko biztanleek ere hondakinak uztera urrutira joan behar dutela esan dute taldekoek.
Azkenik, bost edukiontzien sistema atez atekoa baino garestiagoa dela esan du Lezon Ondo Ai Geak. Kale garbiketaren eta hondakinen bilketaren kontratuak bitan banatzea, eta lehen udalak papera eta plastikoa saltzea (110.000 euroan jarri dute salmentaren kopurua) da horren arrazoia taldearen aburuz.