"Interes politikoak alde batera utzi eta Errenteriarron arazoei irtenbidea bilatzeko eskatzen diogu gobernu taldeari"
TAOaren auzia korapilatsua dela bistan da, azken osoko bilkuran, baina, gauza pare bat argi geratu ziren EAJ-PNVren aburuz. Alde batetik, Udal Gobernuak, beste edozein irizpideren gainetik, hartutako erabakia politikoa izan dela, bestetik, TAO sistema berriaren funtzionamenduaren inguruko definizio falta.
Garabi eta TAO zerbitzuak publifikatzeko erabakia ezagutzera eman zuenetik, Udal Gobernuak bere erabakia babesteko estrategia ongi baina hobeto prestatuta zeukala argi ikusi dugu, ez baina, publifikazioa bera. Udal Gobernuaren errelatoa hauxe izan da, hitzemandako publifikazioak abiatzea eta zerbitzu publikoak hobetzea. Udalaren esanetan, publifikazio honek ez luke soilik garabi eta TAO zerbitzuen hobekuntza ekarriko, baita herritarren segurtasunarena ere, publifikazio honekin lotuta, udaltzaingoa ere indartuko bailitzateke. Errelato ederra, ustez guztion onurarako erabakia babesteko. Eragozpen bakarra, garabi eta TAO zerbitzuetako langileen kaleratzea, baina horretarako ere bazuen Udal Gobernuak plan bat, beraz, kutxatxo eder batean eta lazo polit batekin apainduta, errenteriarroi egiten ziguten opari.
Ipuinetako istorio eder hauek, baina, errealitatera ekarrita, bere xarma galtzen dute. Benetan izango al da zerbitzua hobea? Benetan indartuko al dugu horrela udaltzaingoa? Benetako irtenbidea bilatuko al zaie langileei? Eta… benetan ari al gara zerbitzua bere osotasunean publifikatzen? Azken Osoko Bilkuran ikusitakoaren arabera, ez dirudi.
Garabi zerbitzuak ez dakar bere horretan sistema aldaketarik, udaltzainek erabiliko dute garabia eta mekanika ez da asko aldatuko, baina TAOaren kasuan, sistema erabat aldatuta, zein berme dauzkagu zerbitzua hobea izango dela esateko? Udal Gobernuak ez daki, Osoko Bilkuran hala onartuta, zerbitzua nola eskainiko den, esleipena martxan da eta enpresen proposamenek zer dioten zain daude. Bai, esleipena. Alegia, zerbitzua ez da erabat publikoa izango, zati bat behintzat enpresa pribatu batek eskainiko baitu kontratu bidez. TAOa kontrolatzeko, udaltzaingoak kotxeak erabiliko ditu, baina kontratatutako enpresak ere izan beharko ditu langileak, sistemaren mantenua egiteko gutxienez. Egungo langileen subrogazioen inguruan, alkateak, berriz ere, diskurtso bikoitz bat erabili zuen, izan ere, subrogazioak eman zitezen bere eskuetan zegoena egingo zuela adierazi bazuen ere, ez du klausula hori esleipenerako pleguan sartu, beraz, subrogazio horiek ezinekoak dira. Berriz ere, gauza bat esan eta beste bat egin eta, ondorioz, egungo TAOko langileak kalera eta beste langile batzuk errenteriarrontzat lan egitera, hori bai, oraingoak bezalaxe oposaketarik egin gabe. Udaltzaingoa indartzearen kontua ere, zoritxarrez, ez da erreala gure ustez. Udaltzain gehiago izango ditugu, bai, baina beste betekizun gehigarri batzuk izango dituzte, beraz, lehen bezala geratuko gara.
Udal gobernuaren jardunak kontu honetan ez dauka ez hanka ez bururik. Justifikazio bakarra, legealdi erdia pasata, publifikazioaren inguruan emandako hitza betetzeko presa sartu zaiela. Interes politikoak, herritarren interesen gainetik.
Laburbilduz,zerbitzua hobea izango dela ez da bermatzen, udaltzaingoa ez da indartuko, egungo langileak egoera zailean geratuko dira eta, gainera, zerbitzua erabat publifikatuko ez denez, beste langile batzuk kontratatu beharko ditu enpresa esleipendunak.
Udal Gobernuak publifikazioaren inguruan hausnarketa bat egitera gonbidatu gintuen. Egin dezagun bai hausnarketa hori, guztion artean, elkarlanean eta zerbitzu guztien inguruan, ez soilik aurrerantzean publifikatzeke geratzen direnen inguruan. Baina informa gaitzatela prozesuan, ez erabakiak hartu ondoren eta prentsari iragarri baino ordu gutxi lehenago eta partaidetzaren hain aldekoak direla defendatzen dutenek, egin gaitzatela guztiok partaide, baita langileak ere, ez daitezela prentsaren bidez enteratu oraingoan bezala.
Beraz, udal gobernuari eskatzen diogu, gai honen inguruan hausnar dezala, interes propioak albo batera utz ditzala eta errenteriarron onura bila dezala. Errenterian aparkaleku arazo bat daukagu, herritarrok egunero ditugu aparkatzeko arazoak. Argi dago egungo sistemak ez diola arazo horri irtenbiderik ematen eta hobetu beharra dagoela. Gure taldeak zentzu horretan egin ditu proposamenak, besteak beste 2017ko aurrekontuetarako trafikoa eta aparkalekuaren inguruko azterketa batentzako kontu saila sortzea lortu genuen. Egin dezatela azterketa hori eta horretaz baliatuta bila ditzatela irtenbideak. Irtenbideak bilatzeko gaude udal ordezkariak, ez arazo berriak sortzeko eta TAO sistema berriaren inguruan ikusi dugun berme falta horrek, arazoak konpontzera baino sortzera garamatzala pentsarazten digu.
EAJren udal taldea