Tantaka baina etengabe ari da jendea Artiolak Merkatuzarren antolatutako Eskulangintza Azoka bisitatzen.
Eskuz egindako larruzko zapatak eros daitezke, besteak beste, azokan.
Ederra azoka, eta ederra, batez ere, artisauen eskaintza. Askotariko produktuak topa daitezke Artiolak Merkatuzarren antolatutako
Eskulangintza Azokan; bitxiak, zapiak, larruz landutako produktuak, zeramika, kapelak… baina eskaintza denak badute hainbat ezaugarri komunean: kalitatea, edertasuna, mimoa, originaltasuna…
Gaur goizean zehar jende asko animatu da azoka bisitatzera. Ez da pilatu jendetzarik, baina etengabe aritu dira sartu irtenean bisitariak. Eta barruan, giroa, goxoa, atsegina… artisauekin hartu eman lasaia edukitzeko aproposa. Askok, gainera, han bertan ari dira lanean, saldu bitartean.
Gaur 16:30etik 20:30era izango da zabalik azoka eta bihar, azkenik, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Sarrera, helduentzat, euro batekoa.