1.328 ikaslek egiten dute aurten Eskola Kirola eskualdean

Eskola Kirola

Enekoitz Markos, Lore Suarez, Garazi Lopez Etxezarreta eta Irlentz Ortega, Donibaneko agerraldian.

8 eta 12 urte arteko ikasleak 2.751 dira guztira, eta horietatik %48,27 egiten du eskola kirola aurten, ikasleen ia erdiak. Hala goraipatu dute gaur Oarsoaldeko lau udaletako kirol zinegotziek ikasturteko datuak aurkezteko antolatutako prentsaurrekoan.

Donibanen izan da aurkezpena eta bertan izan dira Pasaiako zinegotzi Lore Suarez, Lezoko zinegotzi Irlentz Ortega, Errenteriako Garazi Lopez Etxezarreta eta Oiartzungo Enekoitz Markos.

Zinegotzi pasaitar Lore Suarezek gogorarazi du eskualdeko lau udalek hemeretzi urte daramatela Eskola Kirolaren kalitatea hobetzeko lanean. Azaldu duenez, kirol eta euskara teknikarien lan mahai batek gidatzen du lana, Eskola Kiroleko koordinatzaileen bitartez.

Datuen xehetasunak Oiartzungo zinegotzi Enekoitz Markosek eman ditu, Eskola Kirolak handitzen jarraitzen duela nabarmenduta, eta eskola orduz kanpo haurrek egiten dituzten jardueren artean nagusiena dela ohartaraziz.

Zehaztu duenez, eskualdean, guztira, 124 talde ari dira Eskola Kirolean; 67 talde Errenterian, 26 Oiartzunen, 21 Pasaian eta hamar Lezon. 60 entrenatzaile arduratzen dira 124 talde horien saioak gidatzeaz. Entrenatzaileen artean hamazazpi emakume eta 43 gizon daude.

Horrez gain, nesken parte hartzeak aurten ere gora egin duela jakinarazi dute. Nesken %31,74k parte hartzen du Eskola Kirolean, eta mutilen %63,10k.

Programaren filosofiaz

Eskola Kirolaren ezaugarri nagusienen berri eman dute kirol arduradunek baita ere, jarduera %100 euskaraz egiten dela goraipatuta. Horrez gain, programaren bidez kirol aniztasuna eta berdintasuna bultzatu nahi dituztela adierazi dute.

Azkenik, haur eta gurasoen artean garraio publikoaren erabilera sustatzeko egiten ari diren ahaleginaren berri eman dute, eta Eskola Kirolak egitura profesionalizatua duela goraipatu. Esan dutenez, lan kontratua eta gutxieneko kirol prestakuntza bermatzen zaie entrenatzaileei.

 

 

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend