Hala baieztatu du BERRIAk egin dion elkarrizketan.
Maialen Arrazola, Etxaberekin, iazko denboraldia hasi aurretik entrenatzaileak aurkezteko egindako agerraldian.
Batelerak entrenatzeari uzten ziola iragarri zuen Pasai Donibane Koxtapek lehengo
astelehenean, talde teknikoaren berri emateko zabaldutako prentsa oharrean, eta gaur Arrazolak berak arrauna utziko duela iragarri du
BERRIAk egin dion elkarrizketan. Maialen Arrazolak Koxtapen eman ditu bere ibilbideko azken bost urteak, azkena, arraunlari gisa ez ezik, entrenatzaile bezala. Bateleren trainerua behetik gora etortzen ikusi du.
Ibilbide luze eta oparoa
Hemezortzi urte eman ditu arraunean Arrazolak, hasierakoak aulki mugikorrean. Arraun Lagunak taldean hasi zen eta berehala hasi zen garaipenak pilatzen. Espainiako txapeldun; Europako txapelketan bi zilarrezko domina, gazte mailako Munduko txapelketan zazpigarren…
Espainiako Selekzioaren egonaldi luzeak egina da, baina belauneko lesio bat tarteko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzerik ez zuen izan.
Ondoren hasiko zen Hondarribiarekin arraunean, 2013. urtean Donibanera etortzeko deitu zioten arte. San Juanekin lau aldiz izan da Espainiako txapeldun, lau aldiz irabazi du Euskotren Liga eta lau Kontxako Bandera.
“Ez ditut ateak itxi”
“Arraunetik kanpo zer dagoen ikusten saiatu” behar duela adierazi dio Arrazolak BERRIAri, baina erabakia ez da behin betikoa. “Gaizki pasatzen badut, arraunera itzuliko naiz”, adierazi du. “Ateak ez dituela itxi” eta “dena egin duenaren ustea ez duela” baieztatu du Bateleren entrenatzaile ohiak.