Albaola Itsas Kultur Faktoriak ontzigintza tailerra burutu du Oiartzungo Soinuenean. Haurrek tornua erabili eta barkuak eraikitzen ikasi dute.
Soinuenean bildu diren haurrak, egurrez eraiki dituzten barkuekin
Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktoria, ibai faktoria izan da gaur. Hoberen egiten dakitena egiten ibili dira, barkuak eraikitzen, baina lehorrean, Oiartzungo Ergoien auzoan, Soinuenean. Haurrentzako ontzigintza tailerra egin dute bertan, baina haurrak bezain adi ibili dira haien gurasoak.
Batetik, Albaolako arotzak San Juan baleontzirako behar dituzten txirrikak torneatzen ibili dira, eta haurrek ere izan dute tornua erabiltzeko aukera. Eta horrez gain, ume bakoitzak bere itsasontzia eraikitzen ikasi du, baita praktikan jarri ere. Eraiki eta margotu, dena egin dute, itsasoratzeko moduko flota bikaina sortu dute Soinuenean gaur.
Arratsalde pasa bikaina egin dute Oiartzungo haurrek, eta basorik gabe egurrezko barkurik ez litzatekeela existituko ikasi dute. “Itsas ondarearen garrantzia barnealdearekin lotuko dugu —azaldu dute Albaolako kideek—, bi paisai hauek zeinen uztartuta eta elkarren lagun diren ulertzeko. Basoetako haritz gidatu lehorrak landuz osatzen dira itsasontziak.