Aniztasunean elkarrekin bizitzeko aliantzak ehuntzen

Gaur aurkeztu dute prozesua Xenpelar Etxean.

Gaur aurkeztu dute prozesua Xenpelar Etxean. Argazkia: HERRI BIZIA.

Aniztasuna eta elkarbizitzaren gaineko diagnostiko parte hartzailea egiteko prozesua abiatuko du Errenteriako Udalak. Helburua,  “elkarbizitzan eta herri kohesioan mugarri izango den herri aliantza bat gauzatzea du, eta gaur aurkeztu dute Xenpelar Etxean Julen Mendoza alkateak, Samira Goddi Kultur aniztasuneko azpiataleko teknikariak, eta herriko hainbat alorretako eragileek.

Abendura bitartean, aniztasunaren eta elkarbizitzaren gaineko diagnostikoa sustatuko du udalak, eta horretarako, Erenteria-Oreretak dituen beharrak eta erronkak aztertuko dituzte hainbat alorretako eragile eta herritarrekin. Prozesuaren barruan, egungo egoera aztertuko du udalak, aurrera begirako erronkak aztertuko ditu, eta azkenik, konpromisoak hartuko ditu alorrez alor. Horretarako, talde lanketak egingo dituzte eragile zein norbanakoekin sailka eta saio ireki bat ere antolatu dute hilaren 29an 19:00etan Niessen Auditoriumean.

Prozesuari hasiera emateko, berriz, Bernardo Atxagak aliantza horretarako propio sortutako testua hartuko dute oinarri, hausnarketarako nahiz ondorengo atxikimenduetarako baliatuko dute. Idatzia, herria osatzen duten hizkuntza aniztetara itzuliko dute, gainera.

Abendu amaieran prozesuaren ondorioak gizarteratuko dituzte, eta festa giroan amaituko dute diagnostiko fasea familia argazkia eginda.

2025 urterako Plan Estrategikoan bildu dutela errenteriarrek zein hiri nahi duten gaineratu dute aurkezpen ekitaldian: “Hiri solidarioa, aktiboa, kohesionatua eta integratzailea nahi dute, eta erronka horretan nabarmentzen da aniztasuna, hiri bizia eta ilusioz betea lortzeko aprobetxatu beharreko aberastasuna dela”. Erronka horri erantzuteko, orain arte hainbat iniziatiba landu eta sustatu dituela udalak bai barnean zein herrian nabarmendu dute “norbanako nahiz eragileekin elkarlanean. Nolanahi ere, bultzada berri bat eman nahi zaio orain arte egindako lanari”.

Sailkako dinamiken egutegia

  • Kultura aniztasuna: hilak 9, osteguna, 13:00etan Reina Aretoan.
  • Euskara, kultura eta jaiak: Hilak 21, asteartea, 19:00etan Reina Aretoan.
  • Kirola: hilak 30,  osteguna, 18:00etan Galtzarabordako kiroldegian.
  • Berdintasuna: hilak 28, asteartea, 19:00etan Reina Aretoan.
  • Oinarrizko Eskubideak eta Partaidetza: hilak 29, asteazkena, 19:00etan Niessen Auditoriumean.
  • Hezkuntza eta Gazteria: abenduak 1,  ostirala, 10:00etan udalean.
Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend