Idoia Arbelaitz: Pako Sanz Zamarron, agur eta ohore, militante hori!
Segoviakoa jaiotzez, euskal herritarra bihotzez; ezkertiarra pentsamenduz, taldekidea jokabidez; lagunen lagun egunerokoan, boluntarioa bokazioz; jostuna lanbidez, gaztainotarra nortasunez; maitagarria sentimenduz, nekaezina parte-hartzez; baikorra ilusioz, langilea izaeraz; espainiarra derrigorrez, euskalduna ametsez —eta eginbidez-—; burusoila fisikoz, energiaz betea gorputzez; seme-alaben aita aitatasunez, biloben aitona mimoz; eta Maiteren bikotekidea amodioz.
Horrela ezagutu zaitugu zurekin harremana edukitzeko parada izan dugun guztiok. Horrelaxe gogoratuko zaitugu utzi gaituzun une honetatik bertatik.
Pako izenez, Sanz Zamarron abizenez. Herrikoa eta herriarentzakoa pasioz. Izatez militante.
Militantea militantziaz, militantea 24 orduz, nonahi eta noiznahi. Beti aldapan gora prest, irriz eta ziriz. Militantea bertatik, eskutik; eta eskutik eskura, eskuak zartatu arte. Militantea sinismenez, militantea jokabidez, buruz eta bihotzez. Militantea norabidez, militantea ibilbidez, pauso txikiz, ahalegin sendoz, etengabean (astegun eta jai egunez).
Militantea jaiotzez, militantea azken hatsa eman arte. Militante soziala, militante auzotarra. Militante oparoa, militante atsegina. Militantea atzo, gaur eta bihar. Militantea beti.
Hori bera ikasi dugu zugandik eta zurekin: etxetik hasita auzorainoko/herrirainoko ibilbidean, edota elkarretaratzeetan zein ekimenen bat antolatzen elkar ikusten genuenean, baita herri bazkariak nahiz kartelak itsasterakoan ere.
Beraz, Pako, agur eta ohore, militante hori.
Idoia Arbelaitz. Oreretako ezker abertzalearen izenean.