Orain dela hilabete batzuk Udalak Arramendi parkearen etorkizunaz hitz egiteko parte hartze prozesua zabaldu zuen. Guk, parkearen erabiltzaile gisa interesatuak ginenez, bertako bileratan parte hartu genuen. Prozesuan parte hartu ondoren, zer gertatu zen ikusita zera adierazi nahi dugu:
Lehenik eta behin, hasiera-hasieratik Udalak zeukan informazio osoa ez zen mahai gainean jarri; areago, parte hartzaile guztiok ez genuen informazio bera. Dena den, prozesua zerotik abiatzen zela ziurtatu ziguten. Bigarrenik, talde guztietan atera zen lehen ondorioa zera izan zen: Arramendi parkean ezertxo ere ez eraikitzea. Hala ere, prozesua bukatzean Arramendi parkean eraiki nahi duten 20 etxebizitzako eraikin baten publizitatea ikusi genuen.
Hirugarrenik, urrian, guk eskatuta, Udal ordezkariekin bilera bat egin genuen eta bertan Arramendi parkean hiru etxe eraikiko direla egiaztatu ziguten, 2004ko Plan Orokorra argudiatuz.
Laugarrenik, Udalak prozesua hasi baino lehen parkean eraikitzeko asmoa zuela ikusi dugu eta, aspektu hau jakinik, gorde egin duela pentsa behar dugu, etxebizitzak eraikitzeko parkearen milaka metro koadro parte hartze prozesutik kanpo utziz; beraz, honek argi uzten du ez ginela zerotik abiatu, sinestarazi ziguten bezala.
Bosgarrenik, Udalak herritarren borondatearen gainetik, prozesuan parte hartu ez duten enpresa pribatuen interesak lehenesten ditu.
Beraz, informazio hori ezkutatzeak parte hartzeko prozesua zalantzan jartzen du erabat eta, ondorioz, ez dugu nahi Udalak gure partea hartzea erabiltzea Arramendi parkean etxeak eraikitzea justifikatzeko.
Koldo Etxepeteleku, Itsaso Perez, Santi Angulo, Jose Mari Irastorza, Mikel Garcia. Agustinak auzoko bizilagunak.