Arrasateko akordeoi lehiaketa abenduaren 8tik 10era egingo dute. Bertan Lezoko musika eskolako hiru ikaslek parte hartuko dute.
Audizioa hilaren 24an da, musika eskolan, 19:30ean.
Abenduaren 8tik 10era akordeoiaren hiriburu bihurtuko da Arrasate. Bertan, nazioarteko nahiz bestelako mailetako akordeoi lehiak izango dira, eta Tomas Garbizu Lezoko Udaleko Musika Eskolako kideak ere bertan izango dira.
Zehazki, Ibai eta Asier Olaziregik, nahiz Unai Trekuk parte hartuko dute Gipuzkoako XXXVIII. Akordeoi Lehiaketan. Hori prestatzen ari dira, eta bide horretan Arrasaten joko dituzten piezekin kontzertu-audizioa egingo dute, hilaren 24an (ostirala), 19:30ean musika eskolan. Gurasoei zuzenduriko erakustaldia da.
Musikari lezoarrez gain, Usurbilgo musika eskolako kideek ere aukera baliatuko dute Arrasaterako prestatzeko. Maddi Zuloaga, Intza Apezetxea eta Gorka Arroyo izango dira Usurbildik iritsiko diren akordeoi jotzaileak.