Zerbitzu bide egoki bat egiten ari dira, errepide nagusiaren paraleloan; Carrefour barruko errepideko lanak bukatu dira
Zerbitzu bide erosoa eta segurua egiteko asmoarekin ari dira lanean.
Lintzirin eremua berritzen jarraitzen dute. Horrela, ingurua biziberritzeko obrak hirugarren fasean sartu dira. Oraingoan, GI-636 errepidearen paraleloan joango den zerbitzu bide bat eraikitzen hasi dira. Oinezkoentzako espaloia izango du, eta argiteria ere jarriko dute.
Oiartzungo Udalak azaldu duenez, helburua alde horretako —Irungo noranzkoan, eskubira— enpresa, denda eta bestelakoetara sarrera erosoago eta seguruago bat egitea izango da. Gainera, trafikoa arinduko du, Gipuzkoan trafiko karga handiena jasaten duen puntuetako batean.
Pasa den astean hasi zituzten lanak, eta bi hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute. Udalak eta aldundiak finantzatuko dute 919.000 euro inguruko lanek.
Irtenbidea ematea xede
Oiartzungo Udala orain dela bi urte hasi zen ingurua txukuntzen. Irtenbide integral bat eman nahi diote obra horiekin. Duela gutxi bukatu ziren bigarren faseko lanak. Kasu horretan, Carrefour barruko errepidean egin zuten interbentzioa. Udal jabetzakoa da errepide hori, eta argiteria eta espaloiak jarri dituzte. 400.000 euroko inbertsioa egin du udalak.