Amaia Agirregabiriaren espetxeratzearen harira, eskutitza bidali du Erik Salazar zinegotzi ohiak.
Amaia Agirregabiria, Pasaiako alkate ohia, espetxean sartu dute aste honetan. Guztiok ezagutzen ditugu gertakarien nondik-norakoak, beraz ez dut denborarik galdu nahi gertatutakoa azalduz. Denbora dezente pasa da afera publikoa egin zenetik, eta jarrera bat erakusteko aukera izan du jendeak. Askok pentsatuko duzue zertara etorriko naizen ni, aspaldi udaletik kanpo dagoen zinegotzi ohi bat, oraintxe bertan gainera denbora baterako Txilen dagoena, gaiaren inguruan hitz egitera. Ia bi urte eta erdi pasa dira bizitza politiko publikoa utzi nuenetik. Baina gai honekin pentsatzen dudana plazaratzeko beharra sentitzen nuen.
Amaia eta biok egun berean sartu ginen Pasaiako Udalera, 2011ko udal hauteskundeetan aukeratuak izan ondoren. Bera udal gobernuan alkate bezala, ni oposizioan nire taldeko bozeramailea izan gabe. Lau urteetan zehar bi taldeen arteko ezberdintasunak nabariak izan ziren, eta tentsio une asko bizi genituela aitortu beharra dago.
Gaur, politikerietatik ihes egin nahi dut eta giza eskubideak defendatu nahi ditut. Ni ez naiz epailea, beraz, ez naiz inor gertatutakoa epaitzeko. Hori bai, nik argi daukat alkate ohiari ezarritako zigorra guztiz neurriz kanpokoa dela. Betidanik babestu dut legea bete behar dela, eta horren aurka joaten denak zigorra jaso behar duela. Baina behin esan nuen bezala, legeak ezin dira kartzela bat izan egungo gizartearentzat.
Kasu askotan, legea betetzea modu legala izango da arazoak konpontzeko, baina horrek ez du esan nahi modu justuena denik. Nik ez dut zalantzarik. Argi daukat alkate ohiak eta udal idazkariak fede onez jokatu zutela, kalean gertatutako iskanbila bat modu lasaienean geldiarazteko.
Ezinezkoa egiten zait ikusten dudan bidegabekeria publikoki ez salatzea. Badakit gertakizun honen aurrean batzuk isilik mantenduko direla, baina ni ez naiz pertsona talde horren parte izango. Udala utzi baino lehen aski ondo ikasi nuen politikarien atzetik pertsonak daudela. Askotan pentsatzen dut oraindik ez dudala nire izaera publikoa guztiz uxatu, pasaitarrek jasaten dituzten bidegabekeriak salatzeko beharrean ikusten dudalako nire burua.
Ezin dut imajinatu senideen eta lagunen mina. Gaur ez dut ikusten alkate ohi bat kartzelan sartzen, ama bat, emazte bat, azken finean, emakume bat ikusten dut espetxeratuta soilik herritar batzuen arteko bitartekari lanak egiteagatik.