Bokazio soziala duten proiektu ekintzaileak abian jartzeko 6.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du Errenteria Irabazizek.
Errenteria Irabazizeko kideak gaurko agerraldian.
Lagunduz proiektua aurkeztu du gaur goizean Errenteria Irabazizek. Errenteria “hobetzeko tresna” dela nabarmendu dute, “herri justuagoa, solidarioagoa, berdinzaleagoa eraikitzeko”. Zehazki, bokazio soziala duten proiektu ekintzaileen garapena errazteko jaio dela proiektua esan dute, eta horren harira, proiektu horiek abian jartzeko ekarpen ekonomikoa egingo du Errenteria Irabazizek, 6.000 euro guztira proiektu bakarra edo gehiago laguntzeko, “aurkezten direnen artean erabakiko du batzarrak zeintzuk lagundu”.
Proiektura dirua, Errenteria Irabazizeko kideen kuota eta udal taldeak jasotzen duen diruaren soberakinetik bideratuko dute, eta urtero egingo dute deialdi publikoa berdintasuna, hezkuntza, kultur aniztasuna, gizarte inklusioa, gizarte ekonomia arloetan lanean ari diren gizarte kolektibo nahiz erakundeei zuzenduta.
Parte hartu ahal izateko, Errenteria Irabaziz taldea arautzen duten oinarri etikoekin kontraesanean ez dute egon beharko erakunde eta kolektiboek, irabazi asmorik gabeko elkarte formala izan beharko du eta gizarte interesak izan beharko ditu, inskribatua egon beharko du erregistroan, egunean egon beharko du betebehar fiskal eta laboraletan, eta aurkeztutako proiektua aurrera eramateko gaitasun teknikoa egiaztatu beharko du. Kolektibo edo erakundeak, bestalde, aurretik egindako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko du.
Diruz laguntzea erabakitzen diren proiektuek, gainera, alokairua, hornidura, ura, argia edo antzekoak, ezta nominak, dietak, edo web orriak ordaintzeko erabili.
Proiektuak aurkezteko epea 2018ko urtarrilaren 1etik 31ra zabalduko du Errenteria-Irabazizek, eta proiektuak Kapitanenea 5, behean duen egoitzan aurkeztu behar dituzte interesdunek. Aurkezten dutenen artean, batzarrak erabakiko du zein proiekturi edo proiektuei eman laguntza: “Xede horretarako eratuko den lantaldeak egingo duen balorazio teknikoaren araberakoa, eta diru laguntza justifikatzeko txostena egingo da”. Aukeratutako proiektuak gauzatzeko, hamabi hilabeteko epea izango dute kolektiboek; egokitutako diru kopuruaren %40 eskuratuko du hautatzeko unean, %30 handik sei hilabetera, eta gainontzeko %30 proiektua amaituta. Azken bi faseetan une horretaraino egindako lanaren gaineko memoria bana aurkeztu beharko dute.