Mikel Ugalde: “Euskaldun izateko helburua jarri nion nire buruari 20 urte nituela”

Sindikalismoan, antzerkigintzan, irakaskuntzan, kazetaritzan... Arlo askotan jardun du eta jarduten du Mikel Ugalde errenteriarrak. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak bere konpromisoa saritu du.
mikel.ugalde.barrua1

Mikel Ugalde, Koldo Mitxelenaren eskulturan.

Gaur jasoko du, 19:00etan Errenteria-Oreretako Niessen kulturgunean egingo den ekitaldia, 2017ko Oarsoarrak Euskararen Saria Mikel Ugalde Ugartek. Kolektiboaren saria Kuadrillategi egitasmoari emango diote.

Oarsoarrak saria emango dizute gaur. Zer dela-eta uste duzu hautatu zaituela epaimahaiak?
Epaimahaiak gehientsuenetan asmatuko du, oraingo honetan ez dakit [irribarrez]. Sari hau ez dut lehiakortasun aldetik ikusten, baizik eta euskalgintzari egindako saria da. Edozein arlotan, eta euskalgintzan are eta gutxiago, ez dago bakarka ibiltzerik. Nik zortea izan dut, arlo asko ukitu ditut, eta beti oso jende onarekin, lankidetzarako gogoz eta sinisten duen jendearekin ibili naiz. Horrek eman dezakeen fruituaren emaitza saria baldin bada, sari hori guztiona da. Beti egokitu naiz besteekin lanean, eta gainera, lan horretan gozatu egin dut. Egia da batzuetan etxekoak ez ditugula hainbeste estimatzen, beti kanpoko intxaurrei begira egoten gara, bada, norbaitek nire izena eman badu, eskerrik asko, baina testuinguru horretan.

Erantzun horrekin ostiraleko [gaurko] ekitaldirako diskurtsoaren erdia idatzi duzu.
Ez naiz idatzi zale. Norbaitek zerbait idazten duenean gero agian gerta daiteke aurrean pentsatzen zuen jendea ez egotea, horregatik, entzuleei egokitzeko nahiago dut bertatik bertara esatea esan behar ditudanak.

Epaimahaiaren arabera, zure bizitza «euskaldunon hizkuntza gogoa elikatzeko ahalegin etengabea eta gozagarria» izan da. Hitz potoloak dira horiek…
Prozesu bat izan da. Hogei urte nituela nire buruari euskaldun izateko helburua jarri nion, ez euskara elebidun, baizik eta euskaldun. Euskaraz bizi, euskaraz sentitu, euskaraz pentsatu, euskaraz gozatzera iritsi behar nuela erabaki nuen. Esfortzu handia egin nuen hizkuntza nire barne-barneko arnasa izan zedin. Eta horretarako esku artean genituen baliabideetara jo nuen. Batetik, 1960eko hamarkadan Euskal Herria eta euskal gizartea asko eraldatu zen, euskal herritartasunaren ikurra baserria zen, eta hiritartu egin zen hori, hori tokatu zitzaidan… Bestetik, baserri giroko edo tradizioko esaera zaharrak oso gogoan hartu nituen, bertsolaritza ere hurbiletik jarraitu, eta gero, horrez gain, garaiak eskatzen zuen hizkuntz gaitasunari ere erantzun. Gogoan dut seminarioko klaseak latinez ematen zizkigutela, eta apunteak euskaraz hartzen saiatzen nintzen, nire burua euskaltasun horretan murgiltzeko. Gauza desberdinak dira musika ikastea instrumentua jotzen jakiteko, edo musikari izateko egitea. Euskara elebidun bezala erabili dezaket, baina euskaldun sentitu nahi nuen. Hori izan zen nire barneko apustua.

Euskalgintzan, sindikalismoan, irakaskuntzan, kazetaritzan… Urte mordoxka eman dituzu herrigintza elikatuz.
Jarraipen bat izan da. Gizarte arloan, orduan hasi ziren halako talde sozialak, baimenak ere ez ziren errazak, eta beti erdi klandestinitatean. Eta konturatu nintzen talde hauetan beti erdaraz egiten zela lana, euskaraz egiteko baliabide handirik ez zegoela. Orduan, liburu pare bat argitaratu nituen (Langileria historian zehar, Etor. 1971ean lehenen liburukia eta 1974an bigarrena), erdarazko materialak egokituta. Talde horietan euskaraz lan egiteko baliabide izan zitezen egin nuen.

Gero, sindikalgintzan aritu nintzenean [ELA sindikatuan], ahozko harremanak, taldekideen artekoak, euskal sindikatua esaten zitzaion horri… Bada euskal sindikatu horrek euskara eskatzen zuen.

Ez ziren garai errazak izango, ohiturarik ere ez zegoen. Nola gogoratzen duzu?
Sindikalgintzan hasi ginenean sindikatu bat zer zen ere ez genekien. Demokrazia atarian geundeneko hartan aukeraketa egin behar zen, edo politikagintzara jo edo sindikalgintzara, eta garbi ikusi genuen gizarte aldaketarik ez zela izango sindikatu sendo bat gabe. Hortik abiatu ginen.

Oso oroitzapen politak ditut, hirugarren sektorea egokitu zitzaidan, garbitasuneko langileak, dendariak.. jende arrunt-arrunta eta oso leiala, oso borrokalaria. Orduan ez zen broma, emakume borrokalariak oso leialak ziren, erabaki bat hartzen zenean oso garbiak ziren, azpijokorik ez zuten onartzen, eta negoziatzeko garaian gu ere beti argi, ‘zer egin daiteke?’, edo ‘akordioa non egon daiteke?’, baina beti beraiekin kontatuz.

mikel.ugalde.barrua2

Elizarekin harremana era naturalean bizi du Ugaldek.

Eliza ondoan nahi izan duzu argazkia atera. Harreman handia izan duzu elizarekin, ez?
Elizakin bi fase edo hiru izan ditut. Bat izan zen gazte garaian JOC mugimenduan (Juventud Obrera Catolica) ibili nintzela 18 urterekin, paper lantegian elektrikaria nintzela. Gero, 20 urterekin seminariora joan nintzen, Donostiara, 26 urte izan arte. 1960ko hamarkada zen, 1968ko iraultzak hor harrapatu gintuen, eta seminarioa uztea erabaki nuen, generaman bideak euskal gizartearen eskakizunei erantzuten ez ziolako. Geroztik ere, jerarkiarekin ez beti, baina elizarekiko harreman onak izan ditut eta nire burua elizduntzat jotzen dut, natural-natural. Gerora konturatu naiz, gero eta gizarte laikoagoa dagoen honetan, sinisdun bat ikusteak ez duela harritzen, batez ere sinisten duena eta egiten dena koherentziaz egiten baldin bada. Alde horretatik, eroso sentitu naiz beti, konplexurik gabe.

Lan kontuez eta beste gaiez  idatzi egin zenuen, Egin-en, Zeruko Argia-n…
Ikusten duzu, toki askotan ibilitako burruntzalia naiz, eta lanpostuetan ere, lau-bost urte irauten nituen. Zeruko Argia-n publizitatea egiten nuen batetik, eta herriz herriko berri emaileekin egoten nintzen, haiek zaintzen. Motibatu, euren kexak jaso… hori zen nire lana. Euskara batuaren gorabeherak egokitu zitzaizkidan, borroka handiak, mindura latzak, baziren zenbait herri euskara batua ikusi ere egin nahi ez zutenak, horiek gozatu egin behar ziren, atzetik beste planteamendu ideologikoak ikusten zituzten. Guk, aldiz, euskara batu bat, hura edo beste bat, ezinbestekoa zela ikusten genuen.

Denetarik aurkitu nuen, oso haserre zeudenak, beste batzuk ez hainbeste… Anekdota bezala, Goizuetako kazetaria, ez nuen aurrez aurre ezagutu, baina herriko festen kronika bidali zuen behin, makinaz idatzita, eta behean hau, ‘oharra: hhhhhh…’, lerro oso bat. Eta gero, ‘nik neronek ‘h’-ak non jarri behar diren ez dakit, baina behar dituzunak hartu eta jarri’ [barrez]. Denetarako jendea bazegoen.
Gipuzkoan ibiltzen zinen?
Ez, Euskal Herri osoan, festak non, Mikel han. Gero hiriburuetan, Nafarroan gutxi, baina Gasteiz, Bilbon, Donostian bai. Horrelakoetan beti euskaltzaleak topatzen zenituen… Beti laguntza handia izan nuen, eta esan gabe doa oso eskertuta nagoela eragile edo bide lagun izan nituenekin, eta haien lanarekin.
Egin-en ere idatzi nuen, eta Txistulari aldizkarian, baina gehienbat Zeruko Argia-n. Bolada batean ia astero.

«Sindikalgintzan
hasi ginenean, sindikatu bat zer zen ere ez genekien»

«Esfortzu handia egin nuen hizkuntza nire barne-barneko arnasa izan zedin»

«Lotsatia naiz, baina inauteriak nire buruarekiko erronka gisa hartu izan ditut»

Idazteko zaletasunik zenuen, edo komunikatu beharrak eraman zintuen idaztera?
Beti komunikazioaren eskabidearen arabera, komunikatu beharra beti sentitu dut, eta alderdi soziala eta abertzaletasuna uztarturik, bide hortatik.

Gero, halako saio batzuk egin nituen antzerkigintzan. Herrian bagenuen Andoni Korta antzerkizalea, Koldo Mitxelenaren laguna. Kortak esaten zuen euskal gizartea alfabetatu gabe zegoela, eta erantzuna eman behar zitzaiola, eta bi bide genituela, bertsolaritza, eta gero antzerkia, biak idaztea eta irakurtzea eskatzen ez duten gauzak. Antzerki pare bat-edo idatzi nituen, sari bat ere jaso nuen —Toribio Altzaga saria, 1999an, Bake biltzarraren ildotik (Euskaltzaindia-BBK, 2000) lanagatik—. Baina testuinguru horretan, ez da barruak idaztea eskatzen zidala.

Idatzi, eta ibili ere, antzeztu izan duzu. Ereintza taldeko zuzendari ere izan zinen.
Bai [garrantzia kenduz], batez ere gizartegintzaren ikuspuntutik, 18-19 urte izango nituen, mutil-moko batzuk ginen. Hori ere ez genuen antzerkigintzagatik egiten, euskalgintzagatik baizik. Gero konturatu gara hura ez zela bide guztiz egokia, antzerkigintza euskaraz egiten bada hobe, baina antzerkigintza izan behar da. Baina fase horretan…

Akaso garai hartatik datorkizu inauterietan mozorrotzeko eta emaztearekin muntatzen dituzun ikuskizunak muntatzeko zaletasuna.
Bai, beno [burua jaitsi du]. Inauterietakoa oso kuriosoa da. Ni oso lotsatia naiz, beti mikrofonoan ibiltzea tokatu izan zait, baina ni kale bat non dagoen galdezka hasi baino, lehen buelta mordoa emango dut ez galdetzeagatik. Inauteriak nire buruarekiko erronka bezala hartu izan ditut. Umorea bai, badut, umorerik ez duen herriak ez du etorkizunik. Gainera, beti emakume izatea tokatu zait, batzuetan balleta izango zen, beste batean moto karrera, bestean zirku domadorea, pertxak saltzen, sumo borrokalaria… Emazteak aginduak ematen zizkidan eta nik obeditu egiten nuen, eta biak ateratzen ginen. Eta oso ondo pasatu dut.

Oraindik mozorrotzen zarete?
Joan den urtean ja ez ginen atera, aurretik hogei urtez edo. Lehenik Errenterian eta gero Tolosara joaten ginen. Gozatu egin dugu, eta jendea barrez ikusteak on egiten zigun. Umore fina egiten saiatzen ginen, inor mindu gabe.

Aterpean lan asko egindakoa zara, baina kaleko giro horretan gustura, ezta?. Kopletan ere ibiltzen zara.
Bai, Ereintzakoekin. Batzuetan norbaiti eskainitako bertsoak izaten dira, 50 urte egin dituelako, edo zerbait egin duelako, hil delako… Horretan ere pixka bat aurkeztea tokatzen zait, baina hor ere taldean [argi utziz], beti taldean.

Leku askotan galdu dira koplak. Zer dela-eta gorde dira Errenterian?
Hemen sendo dago. Badugu arazo txiki bat, belaunaldi artekoa. Olentzerorekin ere gertatu zitzaigun eta lehen Olentzero gisa ateratzen zenak ja gazte bati erreleboa eman dio. Nik uste hori zaindu behar dugula, eta horretan gaude, gu adinean aurrera goaz eta gazteek har dezaten lekukoa. Giro oso polita izaten da kopletan, eta egia esan, oso sustraituta dago herrian ohitura hori.

Euskalgintzan eragile izan zara. Baldintzak zu gaztea zinenekoak baino hobeak dira, baina erabilerak huts egiten du. Borroka horretan erreleborik ikusten al duzu?
Badakit astakeria bat esatera noala, baina hainbat alorretan pentsatu dut halako debeku txikiren bat ezartzea ez al litzatekeen izango ona, debekatuaren kontra eginaz, gauzak indartzeko. Eta euskararekin ere antzerako zerbait gertatu zaigu. Euskara zorionez asko hedatu da, eta irakaskuntzak zer ikusi handi du, eta abar, baina motibazio aldetik ez dakit nola gabiltzan. Guk motibazioa garbi genuen, euskaldun izan nahi genuen. Orain ez dakit indar puntu hori ez ote dugun galdu euskaldunok, Artzek esaten zuenaren aldetik; nahiko kezkatzekoa da.

Beste aldetik, ikusten dut erakundeak, eta batez ere udalak, erantzuten ari direla. Pausu kualitatibo bat eman da, zinegotzien banaketan. Euskara aparte zegoen, edo gehienez euskara eta kultura zinegotzi beraren ardurapean. Geroztik ikusi dut hirigintzak ere hizkuntz eskakizunari erantzun behar diola, normaltasun bide batetik, eta euskararen ardura erakunde osoarena da. Urrats batzuk egin dira, era naturalean gainera.

Erakundeen lan horretan aritua izan zara zu ere, Euskara Aholku Batzordeko koordinatzaile bezala.
Bai, hiru urtez-edo ibili nintzen, Mari Carmen Garmendia sailburuarekin, Mikel Zalbidearekin, Andoni Sagarnarekin, hainbat euskaltzain biltzen ziren… Garai hartako oso oroitzapen onak ditut. Taldetxo batzuk aritzen ziren lanean eta ni horiek koordinatzen aritzen nintzen. Oso eskertua nago, asko ikasi nuelako, bai hizkuntzari dagokionez baita nolabait gizalegeari dagokionez ere. Han ikusi nuen, inongo irabazpiderik gabe, euskararen alde lanean sakrifikatzen ari zen jendea. Eta hori ere gogoan hartzekoa da.

Hor ere taldean, baina hor ere ibili zinen zu.
Bai, beno, denetarik egin izan dut, lehen esan dut elektrikaria izan nintzela, bertsolaria ere  [barrez]. Umorez bukatzeko, behin Xabier Leterekin ezkontza batean egokitu eta, bertsotan hasi nintzen, hirugarren kopa hartuz gero, nola ez bada. Bertsoa bota nuen, eta Letek ‘ona haiz Mikel, jode, ona haiz’. Eta ni nire egoa puztuta, eta hark, ‘ona haiz bai, bertso txarrak botatzen’. ‘Hik inbidia ‘, erantzun nion nik.
[Pentsakor jarri da] Bai, pozik nago. Garaian-garaian erantzuten eta egokitzen zitzaidan giroan eta unean zerbait egiten ahalegindu naiz beti, eta gustura egin dut, besterik gabe.

Gaur banatuko dituzte sariak Niessenen

Mikel Ugalde Ugarte ekintzaile eta euskaltzale errenteriarrak eta Kuadrillategi egitasmoak jasoko dituzte aurtengo Oarsoarrak Euskararen sariak. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak banatzen ditu 2010az geroztik, gizarteko alor guztietan euskararen normalizazioan urrats esanguratsuak egin dituzten banako, elkarte, lantoki, erakunde nahiz taldeak saritzeko.  Gaur egingo dute sari banaketa, 19:00etan, Errenteria-Oreretako Niessen Kulturgunean.

Batetik, Ugaldek «frankismo garaitik, bere kristau konpromisoak bultzatuta» egin duen lana nabarmendu nahi izan dute. Gizarte eragile izan zen hainbat kolektibotan jardunez. Sindikalismoa, irakaskuntza, kazetaritza eta antzerkigintza izan dira bere lan ardatzak, eta horrez gain, bere jardun soziolinguistikoa goraipatu dute, «beti ere, euskararen mesedetan eta ikuspuntu euskaltzale batetik eraginez».

Bestetik, DBHko gazte kuadrilletan hizkuntza ohiturak euskalduntzea helburuz martxan den Kuadrillategi programari ere aitortza egin diote aurten. Pasaian sortu zen Kuadrillategi 2002an, handik gutxira Lezo eta Oiartzunera hedatu zen, eta orain lau urte Errenteriara. Kudrillategiri esker «eskualdean gazteen artean jarduera arrakastatsu bihurtu da euskarazko aisia», adierazi du Euskara Batzordeak.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend