Herritarrak bere politiken erdigunean jarri nahi zituela esan zuen Errenteriako udalak. Txosten batek Errenteriakoa gizarte zerbitzuetan gehien inbertitzen duen udala dela erakutsi berri du. Bide horretan lanean jarraitzeko akuilua da txostenaren emaitza.
Etxe kaleratzeak eta pobrezia energetikoa ekiditea ditu erronka udalak.
Herritarrak eta haien duintasuna erdigunean jarrita jardungo zuela esan du udalak behin baino gehiagotan, eta hala bildu zuen Errenteria 2025 Plan Estrategikoan. Esandako hori hala dela, herritarrengan inbertitzen duela Errenteriako Udalak berretsi du Espainiako Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaile Elkarteak argitara atera berri duen txostenak. Errenteriakoa da, Espainiako Estatuko 20.000 biztanletik gorako udalerrien artean gizarte zerbitzuetan gehien inbertitzen duen udala.
Txostena egiteko garaian 2016. urteko likidazioa eta 2017ko aurrekontua hartu dute kontuan. Jardun bikain gisa sailkatzeko irizpideak, berriz, udalek 100 euro inbertitu izana pertsonako, aurtengo aurrekontuan diru zatia ez gutxitzea, aurrekontua orokorraren %10 gizarte zerbitzuetara bideratzea, eta informazioa udalaren gardentasun atarian izatea eskura.
Horiek irizpideak, eta ondorioa, Errenteria, gizarte ongizatean biztanleko gehien inbertitzen duen herria dela. Zehazki, 277,09 euro dira inbertitzen dituenak biztanleko.
Julen Mendoza alkateak eta Nagore Basurto Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia pozik azaldu ziren berria ezagutu eta gutxira hura baloratzeko, eta gizarte politikekin Errenteriako Gobernu taldea osatzen duten EH Bildu eta Errenteria Irabaziz alderdiek duten konpromisoa berresteko egindako agerraldian. Pozik, «gauza bat esatea delako, eta oso bestelakoa, emaitzek erakustea esaten duzun hori». Biek berretsi dute arlo horretan egindako apustua, «askotan esan dugu ez dagoela garapen sozioekonomikorik, babes sozialik gabe eta justizia sozialik gabe. Zentzu horretan, guretzat erronka inportantea izan da, eta mantendu dugu».
Apustu estrategikoa
Txostenak ondorioztatu duen datua garrantzitsua den zalantzarik ez dute, «gure irizpideekin bat datorrelako». 2025 Plan Estrategikora jo zuen Mendozak, izan ere, hori da agintaldiaren ardatza, eta bertan bildu dituzte Errenteriarentzat estrategikoak diren proiektuak: «Bertan bildutako erronka guztien artean bazegoen Errenteria herri solidarioa, aktiboa, kohesionatua eta integratzailea izatea, hori zen erronka handiena eta horri jarraituta, babes soziala, justizia soziala, eta kohesio soziala ezinbesteko lerro dira guretzako, pertsonen bizi kalitatea duintzen den neurrian etorkizunerako bide bat garatu dezakeelako herri batek».
Gizarte ongizate politiketan Errenteriako Udalak izan duen garapenaren errepasoa ere egin zuen Mendozak 2011tik [EH Bildu urte horretan heldu zen alkatetzara Julen Mendoza buru zela] 2017ra arte egin duen bidea aletu zuen, eta erronka nagusiak aipatu. Horrela, krisi beteko egoeran heldu zela koalizio subiranista udalera nabarmendu zuen: «Bi erronka nagusi ezarri genituen, pobrezia energetikoa saihestea, eta etxe kaleratzeak ekiditea». Gizarte larrialdietarako laguntzek argi islatu dute hori alkatearen iritziz, «laguntza horiek, energiarekin lotutako fakturak ordaintzera, alokairuak, hipotekak eta oinarrizko beharretara bideratutakoak dira».
%15eko hazkuntza
Laguntzek sei urtean izan duten garapenak erakusten du hoberen apustuaren tamaina: 2011. urtean 495.000 euro bideratzen zituen Errenteriako Udalak gizarte larrialdietarako laguntzetara, eta horietatik 425.000 euro Eusko Jaurlaritzak finantzatzen zituen. Egun, 1.066.000 euro bideratzen ditu udalak eta 458.000 euro finantzatzen ditu Eusko Jaurlaritzak. Kopuru totala %115 igo da eta Eusko Jaurlaritzak gastua %7,8 handitu duen bitartean, Errenteriako Udalak %877 handitu du. Datuek berresten dute apustua, eta txostenak berriz, espero ez zuten aitortza egin dio udalari, eta erakutsi bidea ondo agiten ari direla, egoki. Horren guztiaren atzean egindako esfortzua nabarmendu zuten agerraldian Basurtok eta Mendozak.
Pobrezia energetikoa eta etxe kaleratzeak erronka izan ditu udalak, haiek ekiditea erronka izaten jarraitzen du. Horren harira, hipotekak ordaintzeko laguntza aipatu zuten: «Eusko Jaurlaritzak aurten aldatu dituen irizpideen arabera, hipotekak lehenengo urtean baino ez ziren finantzagarriak. Udal honek 2011. urtetik mantendu du hipotekak ordaintzeko laguntzak, ez bakarrik lehen urtean. Helburua kaleratzeak ekiditea izan da». Baina diru inbertsioa gizarte gaietan ez da horietara mugatzen, beste hainbat arloetara ere bideratzen du inbertsioa. Horren harira, Basurtok 2018ko aurrekontuan hartutako zazpi neurriak azaldu zituen, gizarte ongizatearekin duten konpromisoa «berresteko».
Laguntzak, berdin
Iaz emandako diru zati bera emango diete gizarte larrialdietarako laguntzei 2018. urtean, 1.066.000 euro; Etxez etxeko zerbitzuari, 1.235.000 euro. Azken hori oso garrantzitsua dela nabarmendu zuen Basurtok, «iaz hainbat kasuetan arratsaldetara zabaldu genuen zerbitzua beharra zegoelako horretarako»; udal erresidentziara, 1.039.800 euro; Gaztelutxoko aterpea eta aldi baterako etxebizitzak mantentzeko 532.510 euro; gazteen ekintzetarako, 525.000 euro; enplegu programetarako 500.00 euro; eta herrian dauden zortzi jubilatu elkarteetarako, 82.000 euro. Diru laguntza horien bidez bertan ari diren adinekoen autonomia sustatu nahi dutela nabarmendu zuen Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.
Laguntzek ez dietela eragiten bakarrik horiek jasotzen dituzten pertsonei esan zuen Mendozak, herri osoari baizik, «konbentzimendu bat dugu. Laguntzak gure gizartearen kohesio sozialerako bidea zabaltzen laguntzen dute. Gizarte bazterketan dauden pertsonak ez dauden gizarte solidario bat eraikitzen dugun neurrian, gizarte garatu bat sortzen ari gara. Laguntza gure herriari ematen diogu, ekarpena egiten diogu. Gizarte zerbitzuetako politika hauek beraz, modu kolektiboan ulertu behar ditugu».
Guztien lanaren ondorioa
Eskerrak eman zizkien eta zoriondu egiten duten lanagatik Gizarte Zerbitzuetako departamenduko langileak, «langile guztiak zoriondu nahi ditut, eta kasu honetan, bereziki emakumeak, denbora honetan guztian lan izugarria egiten ari dira».
Basurtok ere eskertu zuen horien lana eta «harro» azaldu zen langile eta teknikariez, «gizarte zerbitzuetan maila handiko langileak ditugu, oso konprometituak». Nabarmendu zuen bestalde, ez dela lan indibiduala, «gobernu taldearen konpromisoa argi gelditu da, baina konpromiso hori ezinezkoa litzateke langile eta teknikaririk gabe, baita EH Bildu eta Errenteria Irabazizen atzetik daukagun lantalderik gabe, hau guztien meritua delako».
Irun ere, «bikainen» artean
Espainiako Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaile Elkartearen txostenaren arabera 25 udalerrik jaso dute «bikaintasun» kategoria politika sozialetara bideratutako aurrekontuetako diru zatiarengatik. Errenteria da zerrendan lehena, baina Irun ere zerrenda horretan azaltzen da. Hamabigarren postuan dago Bidasoko udalerria.Bildutako datuen arabera, Irungo udalak, 133,41 euro inbertitzen ditu biztanleko.
Oarsoaldea eta Bidasoko 20.000 biztanletik gora dituzten bi udalerriak azaltzen dira, beraz, zerrenda horretan, eta biak praktika eredugarrien atalean gizarte laguntzei dagokienean.
Gizarte politiketan bikainak diren herrien zerrenda horretan, gainera, bost dira Euskal Herrikoak,[lau Gipuzkoakoak eta bat Bizkaikoa].
Etxe kaleratzerik gabeko herria 2015az geroztik
Errenteria-Orereta etxe kaleratzerik gabeko herrien zerrendarekin bat egin zuen 2015eko irailean. Orduan, plenoak Kaleratzeak Stop elkarteak aurkeztutako mozioa babestu zuen EH Bildu, PSE-EE eta Errenteria Irabaziz alderdien aldeko botoekin. EAJk abstentzioaren alde egin zuen.
Etxe kaleratzerik gabeko udalerriaren izendapena duela bi urte heldu bazen ere, ordurako, lau urte ziren halako egoerarik ematen ez zela Errenterian, eta hala nabarmendu zuen Joseba Salegik, Donostiako Kaleratzeak Stop taldeko kideak. Azken horren esanetan 2012tik 2015era ez zen etxe kaleratzerik izan, eta hori, udalak egindako bitartekaritza lanari esker izan zela erantsi zuen.
«Lana sortzeko apustu sendoa egitea tokatzen zaigu orain»
Julen Mendoza Errenteriako alkatea
Julen Mendoza alkatea eta Nagore Basurto Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia.
Babes soziala bermatuta, garapen sozioekonomikoa landu behar dela uste du Mendozak, eta gizarte zerbitzuetarako diru zatia mantenduta, lana sortzeko «apustu sendoa» egiteko unea dela dio.
Pertsonak erdigunean kokatu dituzuela esan duzue behin eta berriz, eta hala bildu zenuten plan estrategikoan. Emaitzek hala erakutsi dute. Zer suposatzen du?
Zalantzarik gabe, guk bagenekien zertan ari ginen. Gure herria Espainiako Estatuan dauden 20.000 biztanletik gorako herrien artean gizarte ongizatean inbertsio gehien egiten duena dela esatea oso garrantzitsua da. Horrek baieztatzen du esaten ari garena, benetan gizarte ongizatea lehentasuna dela, pertsonen duintasuna lehentasun bat dela, eta bestetik, konfirmatzen dituelako egiten ditugun beste politika batzuk. Zehazki, garapen sozioekonomikora bideratutako politikak.
Uste dugu, honek erakusten duela egin daitezkeela bi gauzak, hau da babes soziala bermatu, eta garapen sozioekonomikorako neurriak hartu, eta dirua jarri ere. Adibide ezberdinak ditugu, komertzioetara bideratutako laguntza, eta Atlantikaldia bera antolatzea dira horietatik bi.
Suposatzen da horrek eragiten duela herriko saltokietan, herriko ekonomian orokorrean?
Hala da. Horregatik askotan guretzako inportantea da hau nabarmentzea. Guk badakigu zein den lehentasuna, babes soziala da, eta hori behin bermatuta, beste iniziatiba batzuk ere abiatzen ditugu. Garrantzitsua da ikerketa horrek eman duen emaitza, berresten duelako mantentzen ari garela gure herrian babes soziala.
Bi marra gorri jarri ditu udalak: pobrezia energetikoa eta etxe kaleratzeak. 2015ean Errenteria etxe kaleratzerik gabeko herria bihurtu zen plenoaren gehiengoak mozioa onartuta.
Bi momentu daudela esan dezakegu etxe kaleratzeen kasuan. Gizarte larrialdietarako laguntzak daude lehenik. Horrek esan nahi du gure bulegoetatik pasatzen den jendeari laguntzen zaiola hipoteka edo alokairua ordaintzen etxe kaleratzea ekiditeko. Beste kasu batzuetan egoerara iritsi gara eta udalaren bitartekaritza gehiago da politikoa. Lehenengoan administratiboa da, badago erabaki politiko bat diru kopuru bat jartzearena, apustua egitearena eta udal honek apustu hori egin du, baina bigarrenean gehiago sartzen gara politikoa den fase batean . Finantza erakundeekin interlokuzioa egitea dagokigu bigarren horretan.
Gure esku hartzearen bidez bermatu nahi dugu pertsona horien bizitza eskubidea, etxebizitzarako eskubidea. Zorionez, eta guk dakigunez, herri honetan izan diren kaleratze egoeretan irtenbidea aurkitu ahal izan dugu eta alde horretatik pozik gaude.
2011 alkatetzara heldu zinetenean 495.000 euroko diru zatia zen larrialdietarako laguntzetan. 2017an 1.066.000 euro dira.
Hipoteka, alokairua, edo faktura energetikoa ordaintzeko arazoak dituen pertsona gure bulegoetara etortzen denean lagunduko diogula esan dugu argi. Zentzu horretan, askotan, egin izan ditugun aurreikuspenak motz gelditu dira, eta orduan kopuru handiagoa jarri dugu. Apustu bat izan da, eta hor mantendu dugu.
Iazkoaren antzeko izango da diru zatia aurten. Ez dela izoztu duzuelako, beharrak gora egin ez duelako baizik esan duzue. Zerbait hobetu da egoera?
Oso garai gogorrak izan ditugu. Momentu honetan sufritzen ari diren pertsonentzako oso gogorrak dira. Izan ditugu urte batzuk, urtetik urtera gastu handiagoa genuela gizarte zerbitzuetan, eta une hauetan nahikoa egonkortuta dagoela egoera esango nuke. Hori positiboa da, eta orain gure iritziz, lana sortzea tokatzen da. Udalak apustua egin behar du, nahiz Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez bideratzen duen, uste dugu inportantea dela momentu hauetan garapen sozioekonomikoari begira, lana sortzeko apustu sendoak egitea.