Dena prest Errenteria-Oreretako San Tomas Egunerako

San Tomas Errenteria-Orereta

Agerraldi jendetsua egin dute San Tomas Eguna aurkezteko

Dena prest, edo ia, daukate Errenteria-Oreretan San Tomas Egunerako. Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo egitaraua Zumardiko kioskoan, eta inoiz baino txistorra postu gehiago izango direla aurreratu dute. Gainera, jai eremua Xabier Olaskoagara zabalduko da, eta Landarbaso abesbatza omenduko dute, “munduan zehar hiriaren izen ona zabaltzen ari delako”. Landarbasoko kide ezagunari keinu eginez, Saratxo izena izango du hilaren 21eko San Tomas azokako txerriak.

Agerraldi jendetsua egin dute antolatzaileek. Modu horretara irudikatu dute hilaren 21a ez dela gutxiren artean antolatzen: “Herri honetan elkarlanean guztia lor daitekeela sinisten dugu hemen bildu garen guztiok, horrela antolatzen dugulako herritarrak gogo handiz esperoan egoten diren San Tomas Eguna”. Agerraldi jendetsua eta plurala izan da: “Eremu zein esparru desberdinetakoak bagara ere, adin eta jatorri ezberdinetako izanagatik ere, jaia antolatzera batu gara”.

Zumardia inguruak bilduko ditu hilaren 21eko ekitaldi gehienak, baina ez da festa gune bakarra izango, eta hiriko beste plazetan izango da txistorra dastatzeko eta musika entzuteko modurik: Agirre Lehendakaria plazan, Foru Plazan, Biteri kalean, Herriko plazan eta, aurten lehen aldiz, Xabier Olaskoagan ospatuko dute San Tomas azoka.

Antolatzaileek dei egin diete oreretarrei, San Tomas egunaz gozatu dezaten: “Jantzi dezatela baserritar trajea, ekar dezatela edalontzi berrerabilgarria, erabil dezatela euskara agurtzeko, eskatzeko, komunikatzeko, eskertzeko…, ez ditzatela onartu eraso sexistarik, errespeta ditzatela animaliak, eta lagun diezagutela eguna paregabea atera dadin”.

Azken urteotako ohitura sanoari jarraituz, hainbat lehiaketa antolatu ditu San Tomas Eguneko batzordeak. Jantzirik ederrena, baserritar posturik dotoreena eta postuetako txistorrarik xamurrena sarituko dituzte, eta Saratxo txerriaren pisua asmatzen duenak ere izango du saria: “Txerriaren kiloak asmatuz gero, bere pisua dirutan eskuratuko du irabazleak”.

Egitaraua

  • 11:00etan. Azokaren irekiera eta Errenteriako Udal Txistulari Bandaren saioa.
  • 11:30ean. Pregoia Zumardian.
  • 12:00etatik 14:00etara. Euskal jantzien erakusketa, Jantziaren zentroan (Kapitain Etxea).
  • 13:00etan. Bertso saioa, Foru plazan.
  • 17:00etan. Txapel jaurtiketa txapelketa, Foru plazan.
  • 17:30ean. Herri kirolak, Lehendakari Agirre plazan.
  • 17:30ean. Dantzaldia, Xabier Olaskoaga plazan.
  • 18:00etan. Deiadar txaranga, San Tomas lagun diren tabernetan.
  • 18:30ean. Jauziak Zumardian, eta trikitilariak, kalez kale.
  • 20:30ean. Sari banaketa Zumardian

Honako taldeak ibili dira, Errenteriako Udalarekin elkarlanean, aurtengo San Tomas Eguna antolatzen: Ereintza Dantza Taldea, AEK, Oiartzo Batxilergo Ikastolako ikasleak, Gaztelan, Sputnik, Landarbaso abesbatza, Oarso Taldea, Koldo Mitxelenako ikasleak, Alaia, Alaitasuna, Pikoketa elkarte errepublikanoa, Gazte Sozialistak, Doike, Motorbike, Oarso lifestyle, Oreretako burusoilen elkartea, Oreretako 4ak askatu, Oiarso Saskibaloi Taldea eta Stokke futbito taldea.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend