Iraia Oiartzabalen bakarkako estreinaldia, Zirizan

Iraia Oiartzabal

Pasaia Rabanne erakusketaren aterpean antolatu dute Iraia Oiartzabelen lehen bakarkako desfilea.

Moda zaleak zorioneko daude. Iraia Oiartzabalen goi mailako joskintzaren erakusgarri izango den desfilea antolatu dute larunbaterako (hilak 23) Trintxerpen. 19:00etatik aurrera, Ziriza etxean egunerako propio onduko duten pasarelan, jostun antxotarraren azken diseinuak ikusteko aukera izango da.

Iraia Oiartzabalek bakarka egiten duen lehen moda desfilea izango da larunbatekoa. Gaur aurkeztu dute, udaletxean, Iraia Oiartzabal bera bertan zela. Diseinatzaileak ondoan izan ditu Pasaiako alkate Izaskun Gomez, eta Illunbe Musika Elkarteko Juanje Neira eta Kike Santiago. Izan ere, desfileak udalaren laguntza du eta Illunbe elkartearen Pasaia Rabanne erakusketaren babesarekin antolatua izan da.

Oso gaztea den arren, Oiartzabalen lanak aitortza esanguratsuak izan ditu azken urteetan, ziurrenik garrantzitsuena, aurten irabazitako Max Sariaren eskutik, Kukai dantza konpainiaren Oskara lanarentzat sortutako jantziengatik.

Oiartzabalek 2011. urteaz geroztik tailerra du Donostian. Goi jantzigintzan aritzen da, eta ezkontza soinekoak ez ezik, oso gustukoa du beste diziplinetako artistekin elkarlanean aritzea. Larunbatean ere, horren erakusgarri izango da, jostun antxotarrak Juan Luis Goenaga margolariarekin proiektu bat duelako, eta bi sortzaileen arteko elkarlanaren emaitzarekin ere gozatzeko parada izango delako.

Azkenik, iragarri dute moda desfilea bitartean musika zuzenean izango dela, “pasaitar musikariek interpretatuta”. Eta ohar garrantzitsu bat ere plazaratu dute: Tokia mugatua denez, desfilera sartu ahal izateko izena aurrez eman behar da, Trintxerpeko Ziriza etxean bertan, erakusketaren harreran, edota Iraia Oiartzabalen Komorebi tailerrean, Donostiako Marina kaleko zazpigarren zenbakian.

Pasaia Rabanne espazioa

Pasaia Rabanne erakusketa uztailaren 28an inauguratu zuten, eta gaurko aurkezpenean gogorarazi dutenez, sorreraz geroztik helburu nagusi bat izan dute antolatzaileek: “Arte guztietara zabalik egongo den espazio dinamiko, garaikidea eta sormenezkoa izatea”.

Horregatik, inauguratu zutenez geroztik kultur jarduera bat baino gehiago antolatu dute bertan, eta larunbateko desfilea ere, norabide horretan aurrera urrats bat izan nahi duela nabarmendu dute espazioaren bultzatzaileek. Jakinarazi dutenez, 1650 bisitari jaso dituzte erakusketa zabalduz geroztik.

 

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend