20.150.000 euroko aurrekontua onartu du Pasaiak

gobernua

Nahikari Otermin eta Izaskun Gomez, aurrekontuen plenoan.

Pasaiak badu 2018rako aurrekontua. Atzo onartu zuten, ez ohiko udalbatzarrean. Guztira, 20.150.000 euroko aurrekontua da, ogasun zinegotziak nabarmendu zuenez, iazkoarekin alderatuta %4ko handiagoa.

Gobernuaren arabera, “zuhurtzia” izan da aurrekontuetan oreka lortzeko erabili duten irizpide nagusia. Horrez gain, lehen aldiz partaidetzazko aurrekontu prozesuaren ondorioz 200.000 euroko partida bat herritarrekin adostua izan dela goraipatu zuen ogasun zinegotziak, eta inbertsioetarako aurreikusitako partida nagusiak ere aipatu zituen, tartean Ondartxoren urbanizazioa edota Proisa.

Oposizioa oso kritiko 

Gehiengoa du PSE-EEk eta EAJk osatutako Udal Gobernu Taldeak Pasaian, eta ez du oposizioaren beharrik aurrekontuak aurrera ateratzeko. Horrek salbatu zituen atzo, oposizioa oso kritikoa izan zelako. Aurrez iragarri bezala osoko zuzenketa banarekin erantzun  zioten gobernuaren proposamenari oposizioko bi taldeek, eta kritiketan, kasu askotan, bat etorri ziren.

“Negoziatzeko bat ere intentziorik erakutsi ez” izana leporatu zioten oposizioko bi taldeek gobernuari. Bestalde, Pasaiak Ahal Du-ren arabera, gobernuaren proposamenean “zaharrak berri”, eta EH Bilduk, bere aldetik “zuhurtziaren izenean anbiziorik gabeko aurrekontua” aurkeztu izana leporatu zien EAJ eta PSE-EEri.

Udal langileen ordezkarien aldarrikapenak ere bere egin zituzten oposizioko bi taldeek, eta bigarren urtez jarraian gutxien kobratzen duten udal langileen kategoria handitzeko eskariari bizkar eman izana arbuiatu zuten.

Botazioetan, horrenbestez, elkarri babesa oposizioko taldeen artean, baina hala ere, nahikoa indar ez, ez osoko zuzenketak aurrera ateratzeko, ez eta Pasaiak Ahal Du-k defendatu zituen 32 zuzenketa partzialak onar zitzaten lortzeko.

Bederatzi boto alde (PSE-EE eta EAJ), eta zazpi kontra (Pasaiak Ahal Du eta EH Bildu). Horixe atzo botazio gehientsuenetan  errepikatu zen emaitza.

Salbuespenezko egoera

Zenbakietatik harago, aurrekontuen plenoa baliatu zuen Izaskun Gomez alkateak Pasaiak bizi duen egoeraren diagnostikoa egin eta aldundiari eskaera zuzen bat egiteko.

Alkateak nabarmendu zuenez udalerriak pairatzen duen egoera “erabat ez ohiko da”. Portua udalerriaren erdian egoteak dituen ondorioak ekarri zituen gogora, arazoak zerrendatu eta hazteko dituen zailtasunak nabarmendu zituen alkateak.

Zirizaren auzia ere hartu zuen hizpide, eta herriak bizi duen “salbuespenezko egoeraren” adibidetzat jo zuen. Portuak udala salatu du eta Zirizaren erabilerarengatik 230.000 euro eskatzen dizkio. Gomezek gogoratu zuen udalak milioi bat eurotik gora inbertitu dituela Zirizan.

Diagnosia eginda, aldundiari  “finantzaziorako lurralde funtsean Pasaiarekin diskriminazio positiboa” aplika dezan eskatuko diola iragarri zuen alkateak, eta udaleko talde guztiei “herri egin” eta “bidelagun” izateko eskatu.

Bat azaldu ziren oposizioko taldeek alkateak egindako diagnosiarekin, baina EH Bilduri ez zitzaion gustatu aurrekontuen plenoa baliatu izana gaia plazaratzeko. “Tamainako eztabaidak ez dira plenotan egiten”, erantzun zioten alkateari, eta galdera bat ere egin luzatu  zioten: “Irakurketa gobernu talde osoarena da, alkatearena, edo PSE-EErena?”.

 

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend