Langabezia tasa Oarsoaldean %12,09tik %10,21era jaitsi da 2017an. Hala ere, Gipuzkoan tasa altuena duen hirugarren eskualdea da.
Lanbideren bulego bat.
Lanbidek eman dituen datuen arabera, Oarsoaldea da 2017an langabezia gehien jaitsi den eskualdea Gipuzkoako ikuspegitik. Iazko abenduan, 2016ko abenduaren azken egunarekin alderatuta, ia %14an jaitsi zen (%13,98) langabezia tasa. Horrela, Pasaian, Errenterian, Lezon eta Oiartzunen dagoen tasa orokorra, urtebetean, %12,09tik %10,21era jaitsi da.
Eskualdean 2016ko abenduaren 31n 4.114 langabe zeuden. 2017ko azken egunean, berriz, 3.539 (-575). Horrela, herrialdeko langabezia tasa orokorrera asko hurbil da Oarsoaldea (Gipuzkoako %9,94koa da), nahiz eta herrialdean tasarik altuena duen hirugarren eskualdea izan, Deba Barrenaren (%12,3) eta Bidasoaren (%11,41) atzetik.
Herrialdean tasarik txikiena duen eskualdea Urola Kosta da, %8,38ko langabezia tasarekin. Ondoren Goierri (%8,45) eta Debagoiena (%8,64) ditu Urola Kostak.