Errege Magoekin heldu dira opilak

Errege opilak protagonista izango dira bihar etxeetan.

Errege opilak protagonista izango dira bihar etxeetan.

Errege opila protagonista izango da bihar etxeetan gosarietan eta postreetan. Errenteriako Aramendia gozotegian, modu tradizionalean egiten dute, kalitatezko eta bertako osagaiekin, “Euskal Herriko produktuekin”, Javi Aramendiak azaldu duenez. Gauerditik izan dira lanean Martutene enpresa gunean duten gozogintza tailerrean Errenteriako Biteri kalean, zein beste hainbat herrietan dituzten dendetan 9.800 errazio salmentan jartzeko gaur. Bihar beste hainbeste egingo dituztela aurreikusi du Aramendia gozotegien arduradunak.

Errege opila egiteko prozesua luzea eta konplexua dela dio Aramendiak, “opilak elementu biziak dira, hartzigarria du, masa bizia dago eta bere haziera prozesua duelako. Azken hori, zenbat eta motelagoa, orduan eta hobeagoa. Egosketa ere kontuan hartu behar da. Hartzidura eta egosketa denborak oso ongi neurtu behar dira, emaitza nahi dugun hori izan dadin”. Izan ere, hartzidura handiegia bada, itxuraz oso polita izango da errege opila, baina jateko garaian lehorregia izango da; hartzidura prozesua ez bada izan nahikoa, berriz, gogorregi geldituko da, “hartzidura da zaindu behar dena, eta hori da zaila, 1.000, edo 5.000 errege opil jarraian egin behar dituzunak, gozotegi tradizional batean”.

Aramendian banan bana ematen diete forma erroskoei, eskuz, eta prozesu hori ere zaila dela esan du, “oso kalitate handiko oreak dira gureak eta jalkitze denborak garrantzi handia du, denbora asko utzi behar da”.

Aramendian lau errosko neurri  dituzte, txikiena (2 lagun), txikia (lau lagun), ertaina (6-8) eta handia (10-12), eta hutsak, esne gainarekin beteak, kremarekin beteak, eta  erdia esne gaina eta beste erdia kremarekin beteak dituzte aukeran. Errezeta tradizionala jarraitzen dute egiteko, “Rich gozotegien errezeta jarraitzen dugu, eta Richeko gozogintza tailerreko burua mantentzen dugu ere, berak bideratzen du nola egin behar ditugun. Formula ez dugu ukitu, arrakastatsua delako”.

Errege opilak egun hauetan bihurtzen dira gozotegietako erakusleihoetako protagonista, baina askoz ere lehenago hasten da prozesua. Aramendiaren esanetan, irailean hasi ziren erosketak egiten, aurreikuspenak egiten, prezioak adosten… Erroskoak gainera, abenduko asteburu guztietan izan dituzte salgai, aste honetan zehar egunero, eta hilabetea amaitu arte astebururo salduko dituzte. Gustuko dutenek, beraz, opil horietaz gozatzeko aukera izango dute.

Egiten dituzten erroskoak prozesuak berak eta oreak direla berezi esan du, “horrekin batera esentzia naturalak erabiltzen ditugu, eta uste dut beste inork ez dituela erabiltzen. Oso garestiak dira esentzia horiek, baina uste dut merezi duela horiek erabiltzea”.

Aholkuak eta errege erroskoen gaineko tendentzien berri ere eman du Aramendiak: “Gaur errosko hutsak eramaten ditu jendeak bihar gosaltzeko eta txikiagoak, eta bihar bertan handiagoak eta beteak eramango dituzte, postrerako”. Erosteko garaian berriz, argi du hautua, ertaina eta esne gaina eta kremarekin betea eramaten dituela etxera dio, “Opil industrialak izoztutakoak dira denak. Esne gainak izozteko aukera ematen du, kalitatezko krema batek berriz, ez, ezinezkoa da hura izoztea fisika hutsagatik. Errege opil handiak egiteko denbora gehiago izaten dira labean, egosketak denbora gehiago behar du eta gehiago lehortzen da, beraz. Opilari bizitza kentzen ari zara. Guk produktu berezi bat erabiltzen dugu, %100 naturala, eta esango ez dudana, eta horrek bermatzen du errosko handia gehiago egosi gabe polita ateratzeko. Gure errege opilak ez darama ur gramo bat ere, eta hori, arrautza eta esnearekin ordezkatzen dugu”.

Martuteneko gozogintza tailerrean ari diren langileei erreferentzia egin die azkenik, “familia eta oparirik gabe gelditzen garelako Errege egunean bertan lanean ari garen hamar lagunak. Hori batez ere egun hauetan gertatzen da, lana egitea tokatzen zaigulako egun hauetan. Gure familia gu gabe esnatzen ari da egun hauetan, guk lana gauerdian hasten dugulako Gabonetan bereziki errege opilarekin. Errege Eguna ospatzen dituzten lankideen kasuan, guk Olentzeroan egiten dugu, seme-alabek aita etxetik kanpo dagoela, lanean zabaldu behar dituzte. Maite dugu gure lanbidea, eta erroskoak egitea ere gustuko dugu, baina ondorioak ere baditu”.

 

 

 

 

 

 

Ekarpen bat

Egin iruzkin bat

*

*


*

  • Kike
    5 urtarrila 2018 at 22:40 - Reply

    Itxura ona badute, horregatik erosi dut krema betegarriarekin, baina ez dira artisauak.
    Masa edo delakoa zaporerik gabekoa eta krema kimiko hutsa.
    Lehen egiten zuten bezala Oreretan modu artisauan produktuak ekoiztera animatzen diet.

    Mesedez hobekuntza kritika bezala hartu itzazue nire hitzak.

    On egin! ; )

  • Send this to friend