Kamioilari bat hil da Oiartzunen, bere kamioiak harrapatuta

kamioiak

AP-8ko Irungo ordainlekuaren ondoan dago zerbitzugunea.

06:00ak inguruan izan da lan istripua, Oiartzungo zerbitzugunean, Irunerako noranzkoan dagoenean. Segurtasun Sailak azaldu duenez, AP-8ko zerbitzugunean geldituta zegoen kamioia. Hildakoa errumaniarra da.

Kamioi gidaria ibilgailutik jaitsi eta —lagun batekin ari zen bidaia egiten— kabina eta atoiaren artean zegoen, azken hori mugitu eta gainera etorri zaionean. Larrialdi zerbitzuak iritsi direnerako hilda zegoen gizonezkoa. Ertzaintza istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da.

Elkarretaratzea, ostiralean

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, eta HIRUk elkarretaratzea egingo dute lan istripua salatzeko, datorren ostiralean, 11:30ean. AP-8ko Oiartzungo zerbitzugunean izango da, Bilboko noranzkoan.

Sei sindikatuek doluminak eta elkartasuna adierazi dizkiete kamioilariaren hurbilekoei. Garraiolarien sektorean prekarietatea gero eta handiagoa dela salatu dute. “Azpimarragarria da garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak direla, baina sektorearen beste zati handi bat gidariek osatzen dute”, esan dute.

Administrazioen utzikeria ere gaitzetsi dute, azken urtetan garraiolarien bizi baldintzak ez direla hobetu esan baitute. “Ezinbestekoa da garraiolari nahiz gidarien egoera hobetzea, bai porteen prezioetan, bai lan orduetan, Europako herrialde askotan hartzen ari diren antzeko neurriak kontutan hartuz, izan ere, sektorearen zati bat prekarietatean egoteak, bestea ere, bertara bultzatzen baitu”.

Errepideetako merkantzien garraioaren prekarietatea jarri dute jomugan. “Garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira”.

Sindikatuek esan dutenez, garraiolarien heriotzak askotan ez dira, askotan, lan istripuen zenbakietan sartzen, baizik eta errepideetako istripuetan edo heriotza naturaletan.

Euskal Herrian, hamar egunetan, hil den bigarren langilea da gaurkoa. Iaz 53 hil ziren.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend