Udal artxiboaren dibulgazioa: “Euskararen zipriztinak gaztelaniaren uretan”

Udal akta zaharretan jasotako euskarazko hitzen berri eman dute; gauza kurioso asko topatu dituzte gaztelania erabat nagusi den testuetan

Hilabete hauetan Oiartzungo udalak aktetatik ateratako plazaratzen ari gara. Ekimen honek duen originaltasunak proiektua burutzeko aukeratutako hizkuntzarekin zerikusia du. Beste hainbat herritan ere euskara hutsean burutzeko hautua egin zen. Gehienetan, ordea, garai berrietan jarri dute begirada (XX. mendean edo, asko jota, XIX.ean). Oiartzungo Udalak hartutako erronka da Antzinako Erregimena izatea lanaren abiapuntua. Mende haietan erabiltzen zen hiztegia ezberdina zen, kontzeptuak galdu edo eraldatu egin zaizkigu, ez daude euskal hiztegietan jasoak eta dokumentazioa gaztelania hutsean dugunean, euskarazko baliokidea topatzea ez da batere erraza.

Gaur egun euskarazko hiztegi historikorik gabe darraigu. Hamaika diziplina zientifikotan halako tresnak sortzen joan dira, baina Historian, ez. Horrek gure iragana euskaraz eta zientifikotasunak ematen duen sakontasunez aztertzea zaila edo ezinezkoa bihurtzen du. Hiztegi gabezia hori dela eta, akten hustuketa lanak bideratzerako garaian gaztelaniatik euskarara itzultzeko hamaika kontzeptuk berebiziko zalantzak eta mugak planteatu dizkigute. Horrek, guztiz zuzenak ez diren erabakiak eta behin-behineko adostasunak hartzera eraman gaitu.

Hiztegia osatzeko garaian muga nabarmenena dokumentazioak berak ematen digu, gugana iritsitako idatzien %99a erdara hutsean baitago. Jakina da Euskal Herrian historikoki eta administratiboki euskarak izan duen isla eskasa. Erakundeek sortutako dokumentuak populazioaren gehiengoak erabiltzen ez zuen hizkuntza batean ageri zaigu, salbuespen batzuk badaude ere.

Gure hizkuntzak egoera dokumental diglosiko nabarmena bizi bazuen ere, egunerokotasunean erabiltzen zen tresna izaki, ia edozein zirrikitutik igarotzeko aukera izan zuen. Hori dela eta, dokumentazioan aztarnak utzi ditu; euskaldun ia elebakarra zen gizarte batean, ezin bestela izan.

Uste baino adibide gehiago

Akta liburuei dagokienez, adibideak uste baino gehiago dira. Kronologian aurrera egin ahala, hitz gehiago topatzeko aukerak handiagoak dira. Hein handi batean, arrazoia udal akta liburuen egitura eta eduki bereziei zor diegu, bileren erregistroaz gain txostenak, hitzarmenak, iritzi-idatziak, azterketa edo ikuskatzeen nondik-norakoak eta abar gordetzen baitituzte.

Udalbatzaren erabaki eta mandatuak elizan eta jendearen aurrean euskaraz jakinarazten zirela badakigu, dokumentazioak berak adierazten digulako. Horren zantzuak lehenengo momentutik ditugu, akta liburu bezala identifikatuta dagoen lehenengo sortan halakoak baitira. 1658ko urtarrilaren 6ko bileran hartutako erabaki eta mandatuak, adibidez, elizan eta euskaraz argitara eman zitezela adostu zen eta hala egin zen: “en alta e inteligible voz, en lengua bascongada”. Ia 50 urteren ondoren, 1705eko urtarrilaren 1ean, gauzek beren horretan zirauten: “al tiempo del apertorio de la missa popula de oy, en lengua bulgar bascuenze publicó y dio a entender lo contenido en las ojas antezedentes al pueblo de este Valle”. Halaber, udalbatzaren batzarrak euskaraz egiten ziren zantzuak eta datu zehatzak daude baina erregistrorik ez zaigu iritsi eta ezin dugu jakin, zehatz-mehatz, zer-nolako euskara erabiltzen zen.

“En el valle de Oyarçun, seis de henero de mill y seisçientos y çinquenta y ocho años, don Sebastián de Arpide, vicario, estando la gente oyendo la missa popular, al tiempo de ofertorio, en alta e inteligible voz, en lengua bascongada, dio a entender los capítulos del decreto de suso y en fee de ello firmé. Juan de Magierena de Zubieta”.

Euskal hitzak

Halakoez gain, dokumentazioan hamaika euskal hitz eta kontzeptu ditugu: batzuk ezagunak dira, gaur egun ere barra-barra darabilzkigunak edo nolabaiteko erabilera dutenak. Hauetako askok abeltzaintza edo nekazaritzarekin zerikusia dute: ainu (“espliego silbestre, alias añoa”), ainizkar (“yerba que llaman ‘añazcarra’”), ametz (“…robres carauallos que llaman en basquençe amezas…”), arbazta (“necessita algunos troncos de castaños y arbastas…”), arpiko, arraska, borra, enbor, fago/pago, heskai (“zerrar de nueuo de escayas”), kartola, larre-ote (“larotea”), ote-motz (“otamocha”), mazo, sega edo txerto bezalakoak. Beste batzuk, aldiz, gizartearen ohitura, usadio eta beste jardun batzuekin lotuak ageri zaizkigu. Honela, mozorro (“los mozorros o mascarados de San Juan y San Pedro”), segizio (“…se escuse el salir los hombres de cimiterio al modo de seguicio…”), edo Oiartzunen tradizio handia izan duen tobera musika tresna.

Ezagunak eta ohikoak diren hitz horien aldetik, “txerto” hitza dokumentazioan zuzenean eta inolako bitartekaririk gabe murgiltzeak dakartzan aurkikuntzen adibide argia da. Orotariko Euskal Hiztegira hurbiltzen bagara, “txertatu” aditza Iparraldean tradizio handiko hitza dela aipatzen du, XVII. mende hasieratik dokumentatua. Egile gipuzkoarrek XIX. mende erdialdetik aurrera erabiltzen dutela dio. Gurean, aipamen zaharrenak 1700 urtetik datoz, uste baino mende eta erdi lehenagotik. Urte hartako maiatzean Frantzisko Erretegik gaztainondoetan egin beharreko txertatzeei buruzko memoria edo txostena aurkezten du: “Memoria jurado que yo, Francisco de Retegui, tengo en chertar los castaños con diferentes sujetos”.

Hitz ezezagunak

Hitz ezagunez gain, ele ezezagunagoak iritsi zaizkigu, idatziengatik ez balitz, zeharo galduta leudekeenak. Euskararen aberastasuna eta dinamismoa, teknologia, industria eta bestelako esparruetan garatutako hiztegia agerian uzten dute.

Burdinolen mundua da, zalantzarik gabe, lekukorik bikainena: bai euskararen erabilera agerian uzten duelako, baita hamaika kontzeptu zeharo arrotz egiten zaizkigulako. Oiartzungo Olaberria burdinolarekin zerikusia duten agiriak dira hiztegi hau ageri-agerian geratzen dutenak. 1694an egin zen inbentarioa adibide ezinhobea da. Euskarazko kontzeptuak etengabe ageri zaizkigu: agerrietako-kakoa, agoagorrika, aldabarra, boga, burniperekia, eskanbela, gorba, makoa, suar(e)a, tormentatokia, traba, zamargorrika, zigilua… Honako testua adibide azpimarragarria da: “…hazer entrega de las herramientas de la dicha herreria a Miguel de Ynchaurrandieta… y en cunplimiento, justas sus concienzias, declararon lo seguiente:

Primeramente (…) vnas gorricas suficientes; vna palanca de aboapalanca; dos palanquetas de fundidor; otra palanqueta para limpiar la tobera; vnas gorricas para apanar agoas; otras gorricas que llaman agoacorrias; otras gorricas para partir las agoas y su talladera; vna (…) tres arpones; vn mazo mayor; otro mazo biejo que está en el fogón; dos bogas de fierro que están en el fogón; una cruz de pessar fierro con sus tablas y cadenas que no están de prouecho; vn quintal de pesar fierro; otra pessa de dos arrobas; vn perequi de fierro; vn gancho de fierro; la cadena llamada aguerrietacocacoa; tres gorricas con su talladera, mayores que de la de arriba; vn junque; vn perequi de fierro; vna suara; vnas mojorretas.

Y para las cosas que rezeuió el dicho Ygnacio de Olaizola, faltan en esta entrega y deue entregar al valle dicho Ygnacio: vna pala de fierro; vn burniperequi de fundidor para la fragoa; vnas samargorricas; dos aldabarradas de fierro; vn martillo para enderezar la planchuela; tres martillos del prestador para la mena.

Y además de ello ha entregado dos escanbelas, dos argollas y dichas escanbelas, dos macoas, todas de fierro; quatro cepos de dicha barquinera con sus cauillas de fierro; unas gorbas de apañar las piezas. // r.º Y el miembro llamado zigilua se ha de hazer nuevo a costa del dicho Ygnacio de Olaizola, quien hademás [sic] de las cossas referidas deue entregar un gancho de fierro que falta de las que rezeuió (…).

Y los dichos Miguel de Aldaco y Miguel de (Aldaco) Ysasti como tales carpinteros, so cargo del dicho juramento, declararon hauer reconozido (…) las anteparas de dicha herrería (…)
Yten, por quanto en la parte llamada tormentatoquia, digo barquinera, vn fierro llamado traua, le condenan al dicho Ignacio por su balor (…)

Yten declaran que las estoldas están limpias y en buen estado con sus ballados.

Yten la galdurra de la pressa falta y conbiene que se aga con toda breuedad a costa del Valle porque está en gran peligro la pressa”.

Han egindako konponketa lanetan ere hainbat hitz daude: bioholadura (“violadura”), gezurraska, gailur (“galdur”), uztarri, uzkurriko (“uzguerrico”), alasea, errezuma, burukotegi, zinguna, azpizungile edo azpizunbilkoak ditugu. Goizueta eta Oiartzunek Urraideko zubian konponketak egiteko 1701an adostutako hitzarmenean, aldiz, zumizamarrak, zapatak, karelak, uztarriak eta, berriz ere, “zinguñak”. Azken hitz hau, adibidez, “zinkuna” aldaera jasota, burdinolen inguruko hiztegitxoa plazaratu duen Iñaki Azkuneri esanahi ezezagunekoa zaio.

Euskara eta toponimia

Euskara eta toponimia uztartzen dituen datuak ere topatu ditugu: erdarazko dokumentazioan agertzen diren herri edo herrialdeen euskal formak. Honela, Donostiako udal-diruzain Sebastian Larreandiak Oiartzungo udalbatzari 1696ko maiatzaren 27an idatzi zionean, Mutrikuko Batzar Nagusietako banaketa-sutenaren inguruko kontuak zirela eta, “de lo repartido en la de Mutricu” adierazten zuen. Bestalde, 1697ko urtarrilean egin ziren Migel Agirrekoa agotearen aurkako kanporatze-autoetan, Agirrek honela deskribatzen zuen bere burua: “dijo que es vezino y natural del lugar de Arbona, en la Prouinçia de Lapurdi, Reyno de Francia, de edad de veinte y dos años (…) y su oficio es de jular [sic]”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend