‘Musika denon eskura’ jarriko dute

Agerraldia egin dute gaur Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteko kideak.

Agerraldia egin dute gaur Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteko kideak.

Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteak ilusioz hasi du urte berriko musika programazioa. Musika denon eskura goiburuarekin, hamasei kontzertu, sei kolaborazio eta Oarsoaldea Kantari Jaialdia antolatu ditu aurtengo egitarauaren barruan. Eskaintza horren gakoa, aniztasuna izango dela esan du Jose Luis Insausti Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkartearen ordezkariak: “Emanaldi guztiak dibertsitatetik antolatu ditugu kontzertuetan ahalik eta jende gehien biltze aldera, eta aldi berean, jendea ahalik eta gehien asetze aldera”. Gogotsu egin dutela lan musika egitarau zabala prestatzeko gaineratu du, “harrotasun handiz antolatzen ditugu kontzertuak eta gaur egun musika koral zein instrumentalaren jarraitzaileentzat hitzordu ekidinezina bilakatu dira”.

Antolatutako kontzertuen harira, hainbat aurrerapen egin ditu Insaustik. Besteak beste, aldaketekin helduko da aurtengo Errenteria Kantari Jaialdia: “Bi asteburu jarraian egingo dugu, eta ostiral eta larunbatetan izango dira emanaldiak”. Parte hartzeko jaso dituzten eskaerak “ugariak” direla zehaztuta, aurten hamabi proposameni ezezkoa eman behar izan diotela erantsi du Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteko ordezkariak, “ezinezkoa dugu denak sartzea eta izugarria da jasotzen dugun eskaera kopurua. Eskertzekoa da benetan emanaldietan parte hartzen duten taldeek doan egiten dutelako”.

Jaialdiaren barruan parte hartuko duen taldeetako baten izena ere eman du Insaustik, Paulino Otamendi Orkestra arituko da: “Iruñeko orkestrak mendeurrena beteko du aurten, eta lehenengo aldiz izango dira Gipuzkoan emanaldia egiten. Pozgarria da oso hemen emanaldia egitea”. Ekainaren 19an izango da hori.

Horretaz gain, Musikasteren barruko kontzertu bat basilikan egingo du Eresbilek. Maiatzaren 19an izango da hori eta oraindik zehazteke dago zein emanaldi izango den. Beste emanaldi batzuen artean, martxoaren 16an, Susana Cecillo andoaindarraren Akordeoi Orkestra, eta apirilaren 14an, Irungo Ametza Gazte abesbatza, arrastoa uzten saiatuko dira Madalena Basilikan.

Gitarra kontzertua
Asteburu honetan bertan, larunbatarekin, helduko da lehen emanaldia. Unai Insausti gitarristak egingo du emanaldia. Ez da elkarteak Madalenaren Basilikan antolatu duen gitarra emanaldi bakarra, izan ere,  hilaren 28an Carmen Becerrak eskainiko du hileko gitarra emanaldien zikloa osatzeko bigarren kontzertua.

Bi emanaldiak osagarriak izango direla jakinarazi du larunbatean kontzertua eskainiko duen Insaustik, «nire emanaldiko errepertorioa klasikoa izango da, musika kultoa ere deitzen dute, eta Becerrak berriz herri musikaren barruan sailkatutako piezak eskainiko ditu bere emanaldian».

Orain arte Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteak antolatutako emanaldi guztiak bezala, larunbatekoa ere doakoa izango da eta 20:00etan hasiko da. Garai erromantikotik hasi eta XX. mende arteko musika bildu du Insaustik bere biharko emanaldirako, «garai ezberdinak eta musika estilo ezberdinak hautatu ditut kontzerturako. Oso lirikoak diren piezak eta osagai erritmikoak dituztenak nahastuko dira»

Nazioarteko hainbat sari eskuratu dituen gitarrista donostiarrak Errenterian kontzertua ematea, «Gipuzkoan jotzea plazera da beti, etxean emanaldia egitea hunkigarriagoa delako, beti».
Napoleon Coste, Antonio Ruiz-Pipo, Antonio Jimenez Manjon, Joaquin Rodrigo, eta Alberto Ginasteraren lanak joko ditu donostiarrak.
Gitarra zikloa, Becerraren kontzertuak osatuko du hilabetearen azken igandean. Hura 12:00etan izango da.

Kontzertu honetara eta antolatutako besteetara parte hartzera deitu dituzte herritarrak antolatzaileek, “publikoak egiten duten lana baloratzen jakitea nahiko genuke. Normalean emanaldietan lepo izaten da basilika eta hori ere pozgarria da guretzat”. Eskerrak emateko ere baliatu dute gaur goizean egin duten agerraldia, “Andra Maria Jasokundearen parrokiari eskerrak eman nahi dizkiogu biltzeko lokalak uzteagatik, eta Jon Collar Kultura zinegotziari berriz, elkartearekiko duen jarrera izugarria eta eskuzabaltasunagatik”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend