Akademia ez zen Atenasen betikotu

Azmarrin-ek eta Abaraxkak elkarlanean, ‘Oi(h)artzun filosofikoa’ iniziatiba egingo dute. Haur filosofia saioak egingo dituzte datozen hilabeteetan, haurren kezkak eta interesak xaxatzeko asmoarekin
oi(h)artzun filosofikoa

[Egilea: Isabel Mancebo Balda].

Historiako filosofo ezagunenetako batek, Platonek, Akademia sortu zuen Atenasen. Hainbat diziplina erakusten zituzten bertan, eta gaur egungo unibertsitateen aurrekaritzat jo daiteke.

2.300 urte inguru geroago, Oiartzunen, proiektu bat abiaraziko du Oiartzun Azmarrin-ek, Abaraxka udal ludotekaren laguntzarekin: Oi(h)artzun filosofikoa. Helburua atenastarrena baino apalagoa da, baina badu bere mamia: Lehen Hezkuntzako haurrak eta DBHko nerabeak filosofatzen jartzea, formazio araututik harago. Horretarako, Izaro Toledo, June Retegi, Xabier Salaberria eta Maddi Nazabal elkartu dira, sustatzeko. Bik magisteritza ikasi dute, eta beste bik, filosofia.

«Donostian hasi zen proiektua, 2016ko hiriburutzaren artean», gogorarazi du Salaberriak. «Donostiako neska bat eta Miren Camison hasi ziren horrekin. Haur filosofian Euskal Herrian formatuenetako bat da Camison, eta erreferenteetako bat da Imanol Alvarezekin batera. 2016 bukaeran Kutxaren diru laguntza bat lortu zuten, 2017an proiektuarekin jarraitzeko, eta Tabakaleraz gain, beste nonbait ere egiteko». Oiartzungo taldearekin jarri ziren harremanetan, jakin baitzekiten bertan lehenago gaiarekin lotutako zerbait landu zutela —Hipatiaren Lorategia, esaterako—.

Haurrekin sei saio egin dituzte Oiartzunen, Tabakaleran bezala, eta hitzaldiak antolatu dituzte, irakasle eta gurasoekin. Bide hori sakontzen saiatu nahi dute.

Ohiko hezkuntzari buelta

Haur filosofiaren oinarriak Matthew Lipman estatubaturrak finkatu zituen, curriculum oso bat prestatuz. Horrez gain, Katalunian ere bada Noria izeneko proiektu bat. Camison eta Alvarezek hango eredura begiratzen dute. Hala ere, Oiartzungo berezitasunei toki egingo diete saio sortan. Oraingoz, herriko zortzi sortzaile gonbidatu dituzte: Jon Martin, Antton Mendizabal, Oihana Mujika, Ainara Lasa, Idoia Beratarbide, Lur Korta, Ander Iriarte eta Martxel Mariskal. Gidariak Camison, Alvarez eta talde sustatzaileko lau oiartzuarrak izango dira.

«Gure helburua ez da galdera potoloentzako erantzun zehatzak bilatzea. Beraien artean elkarri eragitea izango da helburua, xaxatzea», zehaztu du Nazabalek. Salaberriak azaldu duenez, haur filosofia Ameriketako hezkuntza formalaren barruan dago, baina eurek eskolaz kanpoko jarduera bezala planteatuko dute. «Agian gero ikastetxeetara eramateko beharra ikusiko da».

Eskoletan dagoen lan ildoari buelta eman nahi diotela azaldu du Salaberriak: «Normalean, galderak egiten dizkiegu, eta erantzun itxiak izaten dituzte. Honek buelta ematen dio horri. Beraien interesetatik sortutako galderak izango dira, eta ez dute  erantzun zehatz bat izango, edo bat baino gehiago izango dira. Mundu berri bat irekiko zaie, ez daudelako horrekin ohituta».

Nazabal bat dator baieztapen horrekin, eta haurrek duten bat-batekotasuna nabarmendu du: «Beti arrazoi bat adierazten saiatu behar dira, nola iristen diren horra, ez da erantzun memorizatu bat eman behar. Helduok filtro gehiago ditugu, baina beraiei ez zaie hainbeste inporta erantzunak botatzea». Saio horietan sortzen den giroak horri bide ematen dio. «Aurrean ez dute irakasle bat boligrafo gorri batekin, eta hori pila bat antzematen da», esan du Nazabalek, «eta gelan ziur aski ez luketela erantzungo. Konfiantzazko giro bat sortzen da, badago beste goxotasun bat». Aldarrikatu du filosofia ez dela helduen kontu bat, eta, gainera, horretarako ez dela liburuetara jo behar.

Kritikotasuna bultzatuko dutela iragarri dute. Izan ere, hutsune bat ikusten dute arlo horretan. Nazabal: «Esaten digute pertsona kritikoak izan behar garela, baina txikitatik ez bagaituzte horretara bideratzen, noiz nahi dute kritiko izatea? Unibertsitateko karrera bukatzean?». Ñabardura erantsi dio Salaberriak: «Sortzaile eta kritiko izatea dira gakoak. Ikastetxeetan saiatzen gara ematen, baina denbora falta da. Honek denbora eskatzen du, eta gizarteak duen erritmoarekin, hori falta da. Patxada bat behar da hausnartzeko, entzuteko, erantzuteko…». Praktikoak izango dira saioak; autore batzuek proposatutakoa memorizatu beharrean, haur eta gaztetxoak izango baitira protagonista. Esperientzia holistikoa izango dela esan dute; alegia, sentitu eta pentsatzen dutena adieraziko dute, bereizi gabe.

Igande arratsaldetan

Astelehenean itxiko dute izena emateko epea. Herriko ikastetxeetan edo Abaraxkan aurkeztu beharko da esku orria [deskargatzeko, sakatu esteka]. LH1 eta 2ko ikasleek bost saio egingo dituzte, larunbat goizetan. Gainontzekoek, igande arratsaldetan egin dituzte 8-10 saioak (osatzen diren taldeen arabera), hilaren 28an hasita. Igandez izatea ez dute ausaz hautatu, astegunetan falta den patxada eskaintzen baituelako. Saioak Abaraxka ludotekan egingo dituzte, baina litekeena da, eguraldi onarekin, Hipatiaren Lorategira hurbiltzera. Hala ere, parte hartzaileekin eurekin zehaztuko dute egutegia, ahotsa eman nahi dietelako.

Ekarpen bat

Leave a Reply to Ezeztatu ekarpena

*

*


*

  • Lotura bilduma 2018-01-19 – etzi.pm
    23 urtarrila 2018 at 8:21 - Reply

    […] Akademia ez zen Atenasen betikotu […]

  • Hitza gurea da

     

     

    Albiste irakurrienak

    Send this to friend