Lezoko negua bero-bero dator kulturari dagokionez. Udalak eta herriko eragileek prestatu dituzten ekitaldien artean, Lesoinu Aste Musikal Pedagogikoa.
‘Hozkailua’ antzerkia otsailaren 4an emango dute.
Negua bor-bor dator Lezon, kulturari dagokionez behintzat. Udalak egitarau osoa antolatu du, denentzat, baina batez ere haurren atentzioa piztuko duten ekitaldiekin. Horrela, haur jarduerak, antzerkiak, literatur solasaldiak eta bestelakoak izango dira egitarauaren barruan. Eta denen artetik, Lesoinu nagusi (martxoaren 16tik 25era), Lezoko Aste Pedagogiko Musikala.
Haurrei begira,
Pintto-Pintto emanaldia (hilaren 19a, 17:30ean Gezalan), Eriz magoaren ikuskizuna (otsailaren 2an, 17:30ean, Gezalan) edo hainbat ikus-entzunezko nabarmendu beharrekoak dira.
Gazte eta helduen atalean, gaurko
Bisaiak, jauziaren aurpegiak ikus entzunezkoa (20:00etan Gezalan), edota
Frida Kahlo, viva la vida,
Cronocopia,
Hozkailua,
Mami Lebrun eta
Codigo atenea antzerki saioak izango dira denentzat gozagarri.
Jarduera horien guztien zerrenda zehatza, egun eta orduekin,
udalaren webgunearen agendaren atalean kontsulta daiteke.
Aldaketak
Udalak gogoeta egin du Lezoko kultur eskaintzaren gainean. Eta horren araberako aldaketa eta berritasunak iragarri ditu aurtengo udazkenerako. Hala, haurrentzat bideratutako saioetan sarrera jartzeko aukera onetsi du udalak —ikus-entzunezkoetan izan ezik—, “prezio sinbolikoarekin”, udalak zehaztu duenez, bi eurokoa. Horren helburua da kultur ekitaldiak sustatzea, baina era berean, jarduerek duten balioaz herritarrak ohartaraztea.
Prezioa bai, baina abantailak ere bai. Izan ere, Kultur Bonoa eskura jarriko du udalak, hamar eurokoa. Hori erosiz gero, hamar emankizunetarako sarrera izango dute haurrek, hau da, emanaldi bakoitzeko euro bakarra ordaindu beharko dute.
Gainera, haurren jardueretara horiek bakarrik joan daitezen kanpaian egingo du udalak. Izan ere, horiek Gezalan egiten direnean adibidez, guraso asko ere joaten dira, haurrei tokia kenduz. Hala, kanpainaren mamia izango da gurasoek haurrak emanaldietara joaten laguntzea, eta tokirik balego, gurasoek ere goza dezatela emanaldiaz. Hau da, haur bakar bat ere ez dadila gelditu aretoetara sartu gabe tokirik ez dagoelako.