Arrosak nagusi Gipuzkoako Batel Ligako lehen jardunaldian
Seniorren kategorian, mutil zein nesketan, San Juan Koxtapek irabazi du estropada.
Euri zaparrada mardulen artean abiatu zen atzo Gipuzkoako Batel Liga, Pasaian, Trintxerpeko Illunbe Arraun Elkarteak antolatutako estropadarekin. Sanjuandarrek indartsu ekin diote denboraldiari. Lau kategorietan irabazi zuten atzo goizeko estropada: senior kategorian, mutil eta neskek irabazi zuten; horrez gain, neska gazteak eta kadete mutilak baita ere nagusitu ziren Torreatzetik bokale aldera lehiatu zen erlojupekoan. Batel arrosekin lehian Tolosako Arraun Elkarteko batel beltzak aritu ziren atzo. Tolosa hiru kategorietan gailendu zen: Haurren Mailan, neska zein mutiletan, eta kadete nesketan. Neska kadeteen Hibaikako batela ere fin aritu zen, bigarren postuan, Tolosatik hiru segundora baino ez. Hurrengo jardunaldiak, hilaren 27an eta 28an, berriz ere Pasaian.