Emakume musikagileen ondarea lehen lerrora ekarriko du Musikastek

Jon Bagues Eresbilen balantzea eta erronkak aurkezten.

Jon Bagues Eresbilen balantzea eta erronkak aurkezten.

Balantzea egin du gaur Eresbilek 2017ak emandakoaren gainean, eta horrekin batera, erronka berriak aurkeztu ditu aurtengorako. Emakumeei leku berezia emango die urte osoan, eta bereziki, Musikasteren ekitaldi berrian, lehen lerrora ekarriko du eta ezkutuan izan diren horien lanei tarte berezia eskainiko die. Hala jakinarazi du gaur Jon Bagues  Erriondok, Eresbilen zuzendariak, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean egin duen agerraldian: “Emakumeen ezkutuko ondarea izango da ardatz nagusia, eta bi kontzertu osorik emakume musikarien lanen gainekoak izango dira”. Horietako batean gainera, iaz zendu zen Maria Luisa Ozaitari omenaldia eskainiko diote. Gainontzeko emanaldietan, emakumeek ere izango dute tartea.

Ondarearen Europako Urtea izango den honetan, “izaera femeninoa” izan nahi dutela Eresbilek eta Musikastek esan du Baguesek, “Maria Luisa Ozaita musikagile barakaldarra goraipatu eta egin zuen lana eskertuko dugu. Emakumeak Musikan elkartearen burua izan zen Ozaita,  eta bere funtsan emakumeek egindako partitura ugari daude gordeta, ez bakarrik euskal emakumeenak, baita Europa eta Mundu guztiko emakumeenak ere. Ondare hori, emakumeena, ezkutuan izan dela eta hala gelditzen dela iruditu zitzaigun, eta horregatik erabaki dugu aurtengo Musikasten, emakume musikagileek egin duten musikari tarte berezia ematea”.

Garrantzitsua iruditu zaiela “ezkutuko ondare” hori azalera ateratzea gaineratu du Baguesek, “Musikasteren barruan moja musikagileen lanak entzuteko aukera izango da. Mundu hori ezezaguna zaigu. Arantzazun jakin badakigu  XVIII. mendetik fraide musikagile ugari izan zirela, baina mojen gainekorik ez, eta izan baziren, organo jotzaileak zeuden,  musikagileak, baina ezer gutxi dakigu haietaz. Musikasten tartea egingo diegu haien lanei ere”. XIX mendean pianoa eta ahotserako idatzi zuten emakume musikagileak izan zirela gaineratu du, bestalde, Eresbilen zuzendariak, “eta haien lanak ahaztuta gelditu dira”. Emiliana Zubeldia da horietako bat. Jaitz (Nafarroa) herrian jaioa, gazteetan Parisen editatu zuen, eta Mexikora joan zen ondoren, “Augusto Novaroren ikasle izan zen eta  dodekafonismoaren teoriatik hurbil sortu zituen partiturak, bere garairako oso aurreratua zen emakumea”. Horiek guztiak, eta gehiago, beraz, Musikastek aurtengo edizioan bilduko dituenak.

Ez da ordea, aurten izango duen erronka bakarra. Arantzazuko monasterioak gordetzen duen musika funtsa katalogatuko du Eresbilek, “Euskal herrian garrantzitsuenetakoa da, eta 2018an zehar Eresbilek antzinako musika artxiboaren on line katalogoa egin nahi du”. XVII eta XIX mende arteko milatik gora sorkuntza lan daude, “1835ean monastegia erre aurretik frantziskotarrek abesten zituzten obrak ere badaude”. Pablo Sorozabalen gaineko web orria argitaratuko du gainera musikaren euskal artxiboak, eta hainbat kongresutan izango da.

252.921 dokumentu inbentariatu

Musikaren Euskal Artxiboak lan eskerga egin du amaitu berri den urtean. Horren adierazle, inbentariatu dituen 252.921  dokumentuak. Baguesek zehaztu duenez, horietatik ikus entzunezkoak dira gehientsuenak, %45 ( 111.861 ); %37 (94.073) partiturak dira;  %10 (20.578) liburutegiko dokumentuak; eta %8  (24.409) bestelako dokumentuak.

Euskal autore eta musikarirekin duten partituren kopurua, berriz, 33.953ra iritsi zen iaz lortutako 708 partitura berriekin,  bost funts berri sartu ziren Eresbilera, eta aurretik zeuden zenbait funtsetako material berriak iritsi ziren. Honakoak dira funtsak: maria Luisa Ozaita funtsa; Jose natonio Loinaz funtsa; Jose Mnauel Azkue funtsa;  Cipriano Cardenal funtsa; eta Familia Aurza funtsa. Horien lagatzaileei eskerrak eman dizkio gaurko agerraldian Eresbilek.

Iaz, gainera,  EHUko Mikel Laboa Katedrak Imanol abeslariari buruz garatu zuen web orrian lagundu zuen Eresbilek. Hainbat hitzarmen ere sinatu zituen Eresbilek, Mintzola eta Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin, eta  Nafarroako Artxibategi Orokor eta Errealarekin. Difusioaren eremuan, berriz,  EAE Euskal herriko Abesbatzen Konfederazioarekin lankidetzan argitaratutako Ahaire koru antologia nabarmendu du Baguesek: “Bertan 50 euskal musikagileren obrak jaso dira, eta Bartzelonan egindako Koru Musikako hamaikagarren Sinposioan aurkeztu genuen”.

Dantza tradizionalaren bideoak berreskuratzeko lanean aritu da bestalde Musikaren Euskal Artxiboa. Iaz, Deban, Elgoibarren, Oñatin, Portugaleten eta Santurtzin egindako jaialdi eta dantza emanaldien 286 bideo zintza berreskuratu zituzten. Bideoak digitalizatu ostean, aztertu, identifikatu, trakeatu eta balorazioa egin zieten.

Lankidetzari erreferentzia egin dio Baguesek, azkenik, , “erakundeen arteko trukea baita ondarearen aberastasunaren gakoa. Elkarlana, Tolosako Santa Maria Musika Kapera; Andaluziako Musika Dokumentazio Zentroa; Euskal herriko trikitixa Elkartea; Donostia 2016; Espainiako Liburutegi Nazionala; La Habanako Musikaren Museoa;  Bertsozale Elkarte; Nafarroako Artxibo orokorra; Baga Biga diskoak, edota Bonberenea Ekintzak erakundeekin izan dugu”.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend