Hondakinen kudeaketarekin kezkatuta, gobernu talde osoaren dimisioa eskatu dute

Errauste Planta, hondakinak

Pasaiako Udala hondakinen kudeaketa “lotsagarria” egiten ari dela salatu zuten errauste planaren kontrakoek.

 

Pasaiako alkateak ohiko posta bidez erantzun ditu iazko martxoaren 3an hondakinen kudeaketarekin kezkatuta agertu zen herritar talde batek zuzendu zizkion galderak, eta pasa den ostegunean, erantzuna baloratzeko agerraldia egin zuen herritar talde berak, Trintxerpeko alkateordetzan. Haserre mintzatu ziren, eta alkatearen eta bere gobernu talde osoaren dimisioa eskatu zuten, “bi urte luze hauetan azaldu duen hondakinen kudeaketa lotsagarriarengatik”.

Atez atekoa bertan behera geratu denetik birziklatze tasak Pasaian 20 puntutan egin duela behera nabarmendu zuten: “Edozein leku serioetan bi urtetan birziklatze tasa 20 puntu jaitsi dituen kudeatzaileak kargutik kanpo beharko luke”, salatu zuten, eta jarraian gobernu taldearen dimisioa eskatu zuten: “Bere eta bere gobernu talde osoaren dimisioa eskatu beharrean gaude”.

Talde berberak gaiaren gaineko karakterizazio publikoa egin zuen Pasai Antxon lehengo azaroan, errefusaren edukiontzi grisa hustuz, bosgarren edukiontziaren politikaren porrota bistaratzeko asmoz.

“Pilota beste batzuen patiora”

Alkateak “ganorako erantzun bakar bat ere” ez duela eman salatu zuten, bide batez, alkateordetzako agerraldian. Izaskun Gomezek “bere posizioa zuritzeko” ardura beste erakundeengan jarri duela iritzi diote, eta erantzuna horixe izanda, duela hamar hilabete zituzten kezkak “areagotu besterik ez” direla egin gaineratu zuten: “Alkatearen ahotik errauste plantaren proiektu bidegabe eta inposatuak zertara lotuko gaituen azaltzea nahi genuen. Horren trukean, pilota beste batzuen patiora bota du”.

Izan ere, alkateak Partzuergoaren erabakiak errespetatzera mugatu dela aipatzen baitu erantzunean. Aitzitik, erabakiak errespetatzera mugatu ordez, “horien mesedetan” eta “Pasaiaren kaltetan lan zikina” egitea leporatu diote salatzaileek.

Intxaurrandieta eta Errazkini elkartasuna

Alkateordetzan bildutako herritarren ustez, “politikariek jokabide arduratsuak babestu eta bultzatu beharko lituzkete”, baina horren ordez “errauste planta eta  proiektu haren atzean dauden interesak” defendatzea leporatu diete EAJ eta PSE-EEri.

“Herritarren interesen aurka inposatutako proiektua garatzea eta honen aurrean alternatiba gorpuztea larrutik ordaindu beharreko kontua” izan dela salatu zuten, eta zentzu horretan Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkini elkartasuna helarazi zieten, haien kontra abiatu duten auziarengatik.

Bien bitartean  “hondakinak hobeto, garbiago, osasuntsuago eta merkeago kudeatzeko alternatiba gizarteratuz borrokan” jarraituko dutela iragarri zuten, “kutsaduraren aurka eta gure osasun eta ekonomiaren alde”.

Alkatearen erantzuna

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend