Topoa lurperatzearen aldeko dinamika abiatu du EH Bilduk

EH Bildu, topoa

EH Bilduko Jon Albizu, Larraitz Ugarte eta Migel Mari Torrea, gaurko agerraldian.

«Baliabideak egon badaude. Lehentasun kontua da». Hala adierazi dute gaur goizean  EH Bildu koalizioko ordezkariek Pasaian topoaren trenbidea lurperatzearen alde egin duten agerraldian.

Pasai Antxoko Alkartetxean, Altza eta Galtzaraborda arteko  proiektua abiatu dadin eskatzeko martxan jarriko duten dinamika aurkeztu dute, eta han izan dira Pasaiako Udaleko zinegotzi Migel Mari Torrea, Larraitz Ugarte legebiltzarkidea, eta Jon Albizu batzarkidea.

Torreak iragarri duenez, proiektuaren gaineko informazioa biltzen duen diptikoa banatuko dute Pasaian etxez etxe datozen egunotan, eta horrez gain, erakunde guztietan Pasaian topoa lurperatzeko proiektua martxan jarri dadin ekimenak bultzatuko dituztela jakinarazi du.

70 milioiko aurrekontua
Jon Albizu batzarkideak gogoratu duenez, EuskoTrenen planaren arabera, Altzako geltokia bukatuta ekin behar zioten Pasaia eta Galtzaraborda arteko zatia berritzeari, zehazki 2016. urtean.

Proiektu hark 70 milioi euroko aurrekontua zuela gogorarazi du, bide batez, Albizuk. Tartean, baina, Donostiako pasantearen proiektua sortu eta EAJk eta PSE-EEk hura lehenestea adostu zutela salatu du batzarkideak, Donostiako proiektuak 200 milioi euroko aurrekontua duela ohartaraziz.

«Baliabideak badaude borondate politikoa dagoenean», defendatu du batzarkideak, eta EH Bildurentzat lehentasunezko proiektu Pasaiakoa dela defendatu du.

«Easotik Kontxara arteko bidea oinez zazpi minutuan» egin daitekeen bitartean, Pasai Antxon «etxea trenbidetik 50 cm-ra» duenik badela gaineratu du Jon Albizuk.

Bizi-kalitatea aldarri
Norabide bidetik mintzatu da Larraitz Ugarte legebiltzarkidea. Esan duenez, «ez da murrizketak egiteko garaia» eta «Pasaiaren biziberritzeaz hain beste hitz egin ordez, pasaitarren bizi-kalitatearen alde» egiteko unea dela defendatu du.

Pasaiako udalerriak “guztiena den portua urteetan pairatu” behar izan duela eta “herri atseginago bat” eraikitzea bidezkoena dela gaineratu du legebiltzarkideak. Bide beretik, Antxoko trenbidea herriarentzat «zauri bat» suposatzen duela eta horri irtenbidea ematea beharrezkoa dela defendatu du.

Pasaia eta Galtzaraborda arteko trenbidea berritzea, «zauri  arkitektoniko» horri irtenbidea emateko ez ezik, garraioarentzat ere onuragarria izango dela ohartarazi du Ugartek, trenbidea berrituta trenen maiztasuna bikoiztuko litzakeelako. «Abantailak dira guztiak Gipuzkoar askorentzat. Obra hau gehiago atzeratzeko arrazoi bakar bat ere ez dago», defendatu du.

Azkenik, Donostiako pasantearen proiektua ez dela lehentasunezkoa defendatu du legebiltzarkideak: «Lehentasuna ez dago Donostian. Donostiar askok ez dute azpiegitura hori nahi», eta «Euskal Herriak behar dituen azpiegiturak» ez direla «ez metroa ez eta AHT» defendatu du.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend