Lizeotik Herbehereetara
Pasaia-Lezo Lizeoko Batxilergoko ikasleak Herbehereetara joan dira, ohikoa duten eskola trukea egitera. 18 ikasle eta bi irakasle daude han jada.
Ikasleak eta irakasleak, atzo, Herbehereetarako hegaldia hartu aurretik, Loiun.
Pasaia-Lezo Lizeoko Batxilergoko 18 ikaslek eta bi irakaslek egonaldia egingo dute Herbehereetako Roermond hirian, bertako Bisschoppelijk College Broekhin institutuarekin egin ohi duten eskola trukearen barruan. Atzo (osteguna) abiatu ziren gazteak, pozik eta urduritasun puntuarekin, Europako herrialde horretara. 14. aldiz egingo dute eskola trukea.
Trukearen xede nagusia da ingelesean trebatzea. Baina helburu akademikoaz gain, kulturen arteko elkartrukea ere bada Lizeoak Herbehereetako ikastetxearekin egiten dutena. Hala, ikasleek bertakoen etxeetan izango dute ostatu, eta astebeteko egonaldian zehar txango eta irteerak (Maastricht, Belgikako Maaseik), bisitak, edota nederlandarren bizimodua ezagutzeko aukera izango dute Oarsoaldeko gazteek. Gainera, Margrat hiriko amerikarren guda hilerria bisitatuko dute, baita Anna Frank-en etxea ere (Amsterdamen dago).
Lizeokoak han egon ondoren, Herbeheeretakoak etorriko dira bertara.
Bisitaren gora-beherak jakiteko bloga dago, ikasleen kronika eta guzti.