Ondartxo, kantuz sortu eta kantuz bizi nahi

Ondartxo zuzenzdaritza

Ondartxo Abesbatzaren zuzendaritzako kideak, udal aretoan.

Historia luze eta oparoa du San Pedroko Ondartxo Abesbatzak, baina gaur egun ez dago bere onenean. Abesbatzaren etorkizuna bermatzeko behar adina kide ez dira, eta berandu baino lehen lanari ekitea erabaki dute abesbatza osatzen duten lagunek.

Abestea maite duen jende bila hasiak dira, korura batu daitezen. Zehaztu dutenez, gaur egun, “ilusioa eta lanerako gogo handia duten 20 lagunek” osatzen dute abesbatza, baina gehien gehienak emakumeak dira, eta ahots-tinbreak tarteko, horrek desorekak sortzen ditu lanerako orduan. Ateak, edonola ere, gizon zein emakumeentzat dituzte zabalik.

Interesdunek koroarekin harremanetan jartzea besterik ez dute (657 797 403). Beso zabalik hartuko dituztela ziurra da.

35 urteko ibilbidea

Datorren hilean beteko ditu San Pedroko Ondartxo Abesbatzak 35 urte. 1983 urteko otsailaren 28an sortu zen korua, eta lehen emanaldia Tirri Tarra Fanfarrearen X. urteurren ospatzeko ekitaldien barruan eman zuen.

“Bataio korala” urtebete beranduago hartuko zuen, Errenteriako Andra Mari Koralarekin eta Hondarribiko Eskifaiarekin batera eman zuen kontzertuan.

1986. urteaz geroztik, urtero-urtero San Pedroko Abesbatza Musika Astea antolatzen du Ondartxok, eta hari eskerrak kontzertu koral handiak entzun ahal izan dira barrutian.

Haur abesbatza bat ere izan zuten, Aingura izenekoa. 70 neska-mutil bildu zituzten haurren koroan. Topaketa bat ere antolatu zuten garai hartan, Jaizkibel inguruko haur abesbatzekin.

1986. urtean Gipuzkoako V. Ttopara antolatu zuen Ondartxok San Pedron, Pasaiara 30 abesbatza eta mila kantari gonbidatuta.

Lan honi guztiari jarraipena eman nahiko lioke Ondartxok, baina biziraungo badu, taldea indartu behar du, kantuz sortu eta bizi izan denak, ez duelako kantuz hiltzea merezi.

 

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend