[Bideoa eta galeria] Joxean Etxeberriak harrera beroa jaso du Oiartzunen

Dultzaineroek eta joaldunek lagunduta heldu da Joxean Etxeberria.

Dultzaineroek eta joaldunek lagunduta heldu da Joxean Etxeberria.

Joxean Etxeberriari harrera beroa egin diote gaur bere sorterrian, Oiartzunen. 18/98 makrosumarioagatik espetxean zen azken euskal presoa zen Etxeberria, eta hilaren 4an atera zen aske, hamar urteko zigorra beteta, Soriako espetxetik.  Gaur bere herrian harrera beroa jaso du Madalensoro pilotalekuan. Hamarnaka eta hamarnaka lagun bildu dira bertan, Etxeberriari ongi etorria ematera. Dultzaineroak eta joaldunek lagunduta heldu da preso ohia Madalensorora, eta txaloka hartu dute pilotalekuan bildutako lagunek Etxeberria. Dantzarien agurra, lagunarteko kantua, bertsoak, eta bere bizitzaren ibilbidea laburtu duen bideoak izan dute tartea bertan.

Makila jaso du Jexux Leonet Oiartzungo alkatearen eskutik, Oiartzunen izenean, baita opariak ere herriko beste eragile ugariren eskutik. Leonetek esan du, zoriontzekoa dela Oiartzunen preso bat gutxiago izatea, eta gogora ekarri du Joanes Larretxea, Herrera de la Mancha (Ciudad Real, Espainia) espetxeratuta dagoen oiartzuarra. Gutun bidez eman dio ongi etorria Larretxeak Etxeberriari.

Irten zenetik ia hilabete pasa denean “ederra” dela Oiartzunen eta oiartzuarren artean “berriz ere” egotea esanda, lehen hitzak, espetxean eta ihesean daudenentzat izan ditu Etxeberriak: “Nire iritziz, batzuk zein besteak, gure egunerokotasunean kokatu behar ditugulako, auzo, herri eta nazioan, eguneroko gauzetan, harremanetan, gure bizitzan. Ez baita nahikoa ezker abertzaleko egituretatik jasotzen den baebsa. Guk denok, hartu beharreko konpromisoa izan behar du”.

Hamar urtean gauzak asko aldatu diren ideiarekin bat etorrita, “batzuen aldetik saiakerak” nabariak izan direla gaineratu du oiartzuarrak, “ekintzetara pausuak ere eman ditugu”. Bi estatuen jarrera, ordea, “oso bestelakoa” dela esan du, baita Euskal Herritik estatuen jarrera sostengatzen dutenena ere, “gatazka politiko batean gauzkate, garela ere aitortu gabe, eta gatazkaren ondorioak, mingarrienak ere, egoerak diren bezala izendatuta hasten dira bideratzen. Guk aitortzeko genuena esana dago, eta konponketarako, elkarbizitzarako nahia aspaldi adierazia, baita urratsak emateko prestutasuna ere. Aldiz, eskakizun asko egiten zaizkio ezker abertzaleari egunero. Gauza bat baino ez diet esango: ausartu zaitezte, eta errebindikatu itzazue egindako guztiak, ez baita zilegi beste aldera begiratu zenutela esatea, ez torturaren aurrean, ezta baitu eta hil dituztenekin, edo bide bazterrean iraindu, mehatxatuekin, edota eratzen ari zareten gizarte ereduarekin”.

Harago jo du Etxeberriak eta gizarte kapitalistaren oinarriak berak ukatzen duela etika erantsi du, “ez etorri beraz, halako ikasgaiekin. Ilegalizazio garaietan erakutsi genuen tresnak aldatzeko gaitasuna, eta aurrera egiten, ez baitira tresnak gure ideologiaren oinarria, egoera berrietara egokitu eta helburuen baitan, dagokionarekin ekiten ikasitakoak gara, jakinik gure eguneroko ekinak egiten gaituela euskaldun, feminista, ekologista, edo sozialista. Neronek ere asko dut ikasteko eta aldatzeko, benetan esan ahal izateko ezkertiar eta abertzalea banaizela”.

Eskerrak babesa erakutsi duten guztiei
Globalizazioaz ere mintzo da Etxeberria, “mundu global honetan, lur honi, ohitura eta baloreei, hizkuntzari eta kulturari lotua sentitzen naiz. Kolonizatua bai, menperatua ez. Nire eta gure arteko ezberdintasunak, mundua aberasten duela konbentzitua, ezberdina onartzen ez duenak, ez duelako ez errespeturik ez eta tolerantziarik ezerekiko. Bertan gauzatzen dugun borrokak erakusten du nolakoak garen, baita askatasun egarria duten beste herriekiko elkartasunak, bide honetan kataluniarren borrokak erakusten digu hemen ere urratsak eman daitezkeela, borondate politikoa da falta dena. Auzoan, ikastetxean, bertako hezkuntza ereduaren alde, gaztetxean, lantegian, sindikalgintzan, nekazaritzan, euskalgintzan, emakumeekiko berdintasunaren alde, ingurumenaren alde, drogen menpekotasunari aurre egin eta beraiekin bizitzeko lanean, kirol taldeetan, mendi taldeetan, antzerkigintzan, inauteriak antolatzen, kazetaritzan, musikagintzan, bertsolaritzan, euskal dantzan, kultura eta ohiturak berreskuratzen, munduko beste herriekiko pertsonekiko elkartasuna lantzen, Elea mugimenduan, Etxeraten, erabakitzeko eskubidearen alde, Bildun, baita instituzioetan ere, eta ahaztu zaizkidan horietan ari zaretenoi: guztion ekinak du garrantzia, bakoitza berean eta behar denean denok batera. Ez dezala inork ez pertsonarik, ez eremurik gutxietsi eta jar gaitezen denok gure herria askatasunera eramango duen ekinean”.

Azken hamar urtean Oiartzunen hildakoak ere izan ditu gogoan, “Karla, Periko, Txemi, Anttoni eta Uxua, gugan zaudete”. Hamar urte hauetan babesten izan diren pertsonei ere egin die aipamena, eta etxekoak nabarmendu ditu, “oinarrizkoak, bizitzaren zutabeak. Atzoko gudariei, gugan zaudete betiko. Gaurko burkideoi, saiatuko naiz etenik gabeko patxadarekin, poliki poliki, han edo hemen egunerokoa botatzen. Hau da herria maitatzeko nire ere, eta halakoxea da espetxean edo ihesean daudenena ere”.

Bertsoa ere bota du Etxeberriak. Oiartzungo emakume batek idatzitako gutunaren harira eman zion erantzuna partekatu du bildutakoekin. Orri zurian zer kontatu askorik ez zeukala aitortu zion baino idatzi, gutun hura eta jasotako guztiek suposatzen dutena azaldu du, une batean burdin eta hormen baldintza gainditzen laguntzen dutela, irudimenaren giltza direla, eta hiztegietan hori eskertzeko hitza ez dela aurkitzen abestu du oiartzuarrak.

Harrera amaituta herri bazkarian bildu dira.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend