Martxel Toledo: “Guk errea dugu etapa bat; sokatik beste batzuek tira behar dute”

ESAIT taldea orain dela hiru desegin zen. Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldarriaren egoerari buruzko hausnarketa egin du.
martxel toledo

Martxel Toledo (Oiartzun, 1951).

Pilotaren munduan ibili zen eta dabil Martxel Toledo (Oiartzun, 1951). Bertatik iritsi zen euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarrira. Beste hainbat lagunekin batera sortu zuen ESAIT, Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea. Duela hiru urte desegin zuten taldea, ofizialtasunaren aldeko aldarria gizartean hedatuta zegoela iritzita. Eremu publikotik aldenduta, Girizia Oiartzungo elkartearen pilota sailean jarraitzen du lanean. Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekia antolatzen dute bertan, amateur mailako jendetsuena.

Bi aldiz parte hartutakoa zara Munduko Txapelketan, palista gisa.
Bai. 1982an, Mexikon; eta 1986an, Gasteizen, Espainiako selekzioarekin, afizionatu gisa. 1990ean, berriz, erakustaldi moduan joan ginen Kubara euskal selekzioarekin, ezin genuelako parte hartu modu ofizialean. Gustura ibili ginen han; gerora iritsi zen aldarrikapenaren aurrerapena izan zen hura. Izugarrizko jarraipena izan zuen Kubakoak, hemengo hedabideetan, batez ere. Handik lau urtera Miarritzen izan zen Munduko Txapelketa, eta itxaropen handia geneukan. Aurretik erakustaldi moduan parte hartzen utzi baziguten, hurrengo pausoa selekzio gisa parte hartzea izango zela uste genuen guk. Etxean, gainera. Baina oker geunden: 1994ko Munduko Txapelketa hartan ez zen izan ez erakustaldirik eta ezta desfilerik ere.

Nola elkartu zineten ESAITen mugimendua gauzatzeko?
Ni pilota federazioan nenbilen orduan, eta jende dezente ezagutzen nuen. Gauza serioren bat antolatzen hasi beharra geneukala ikusi genuen 1994ko txapelketaren ondoren. Kultur arloko jendea, kazetariak eta beste hainbat kirol diziplinatakoak biltzen hasi ginen. Elastiko bat atera genuen, gazteleraz, Sin Euskadi no hay mundial [Euskadi gabe ez dago Munduko Txapelketarik]. Indartzen hasi zen mugimendua, oinarri bat jartzen, eta pilotatik kirol guztietara salto egin genuen. Taldetxo bat elkartu ginen, eta euskal selekzioen inguruan zein iritzi zegoen aztertu genuen. Kirol kazetariak elkartu, eta lehen hitzaldia antolatu genuen. Izena behar genuen bideari ekin berritan, eta Euskaldunon Egunkaria-n zebilen kazetari batek Iritzi Taldea gehitu zuen. 1995a zen.

Duela hiru urte desegin zen ESAIT, ofizialtasunaren aldeko aldarria hedatu zelakoan.
Faktore asko egon zen atzean. Hori izan zen bat; gizartean bazegoen selekzioen aldeko iritzi bat. Ikusi besterik ez dago 2008ko Gabonetako lagunarteko partidaren aurretik antolatu genuen manifestazioan zenbateko jendetza elkartu zen; 28.000-30.000 lagun inguru bildu ginen. 1995ean ez zegoen hainbesteko aldarrikapenik. Jokalariekin hitz eginda, 1998an atera zuten lehen aldiz ofizialtasunaren aldeko pankarta. Euskadiko Futbol Federazioak esaten zuen ezin zela pankartarik atera, jokalariek ez zutelako nahi, baina ez zen hala. Azpiegitura eta gainerakoak sortzeko lanean hasi ginen gero: elastikoak saldu, sarea antolatu, prentsaurrekoak eman, kirolariekin lotura landu…

Erreferente bilakatu zineten ia nahi gabe.
Nahi izan gabe ere, norbaitek bete behar zuen hutsune hori. 2008an ez zen jokatu futbol partidarik, jokalariek planto egin zutelako. Guri bota ziguten errua, baina jokalariek erabakitzen dute azkenean. Beste gauza bat da jokalariek gizarteko eragile baten laguntza izatea, babesa jasotzeko eta zalantzak argitzeko. Jokalariak ausartu egin ziren zentzu horretan. Pena da 2010ean, berriz ere, proba moduan, partida jokatzea erabaki zutela jokalariek, bi urteko hutsunearen ondoren erreferentzia hori ez galtzeko. Baina 2011tik aurrera ere berdin jarraitu zuen federazioak. Beti erabili izan dute partida hori dirua lortzeko.

Xarma galdu al du partidak?
Garrantzia galdu duela esango nuke. Bi helburu zituen federazioak. Alde batetik, dirua biltzea, San Mames bete egiten zelako eta dirutza jasotzen zutelako. Klubak kontent egoteko behar zen hura. Eta, bestetik, gizarteari iruzurra egitea: Espainiako Futbol Federazioarekin kontrolatzen zuten aldarrikapena. Federazioarekin harremana beti izan da gogorra. Nazioartean ofizialtasuna aldarrikatuz urrats bat egin behar zela esaten genien, gizartearen babesa zeukatelako horretarako. Bizpahiru aldiz lortu genuen akordioa, guk gizarte gisa aurrera eramateko eta haiek federaziotik lantaldea sortu eta urratsak egiteko. Baina ez ziren gauzatzen gero.

Aldarrikapena gehiegi bideratu da futbolera?
Mediatikoki indar handia dauka futbolak. Ofizialtasunaren aldeko eskaera azaltzeko eta jendeak ikusteko aukera ematen zuen horrek. Gainontzeko kirolak ere hor daude, noski. Sakanako tiralariek ondoan izan gintuzten euren aldarrikapena egin zutenean, eta baita beste diziplinetakoek ere. Komunikabideetan futbolari ateratzen genion zukua, baina orduan hala esaten genuen, eta orain ere bai: noizbait ofizialtasuna lortzen badugu, futbol selekzioa izango da azkena.

Zergatik?
Interes asko dagoelako. Beste kirol txikietan ez du hainbesteko garrantzirik, ez mediatikoki eta ezta ekonomikoki ere. Debeku hori jartzen dute Espainiak eta Frantziak. Eusko Jaurlaritzak txosten bat egin du orain, euskal selekzioaren ofizialtasunaren arazoa juridikoa ez, politikoa dela esanez. Beti izan da hala. Ligarik ez geneukala eta estatu ez ginela, horiek ziren kontrakoen argudioak. Baina badaude hori gezurtatzen duten adibideak. Frantziak eta Espainiak eragin handia daukate nazioarteko federazioetan, eta sona txikiagoko kiroletan ere mozten zuten ofizialtasunaren kontua, dei efekturik ez sortzeko.

Euskal selekzio ofizial batzuk badaude, ordea.
Bai. Baina atzeko atetik sartutakoak dira. Nazioartean badaude bi federazio dituzten kirolak; boxeoa eta areto futbola, adibidez. Bigarren horretan badago federazio ez-ofizial bat. Horrelako aukerak badaude. Beste kirol batzuetan, berriz, Espainiak ez du parte hartzen, eta Euskal Herriak bai. Sokatirarena da beste adibide bat, lortu duten azkena. Gauza bitxia gertatzen zen: Espainian eta Frantzian ez zegoen federaziorik, eta, ez zegoenez, posible zen eskualdeko federazio bat egotea. Gure kasuan, badago herri kirolen federazioa. Ez dago Espainiakorik, baina Espainia ordezkatzen zuen hemengo federazioak. Izugarrizko kontraesana zegoen hor. Nola ordezka daiteke federazio bat existitzen ez bada?

martxel toledo

Toledok hogei urteko ibilbidea egin zuen ESAITen.

Gaur egun nola ikusten duzu ofizialtasunaren aldarria?
Beti esaten dugu federazioek tira egin behar dutela. Arazoa politikoa izan arren, ezin du bultzatu Jaurlaritzak, azken batean federazioak daudelako nazioarteko kirol erakundeetan. Federazioek orain arte bezala jokatuko dute beharrik ikusten ez badute. Txapelketak antolatu; beste nazioren bat etortzen bada, partidaren bat antolatu… Nolabait tapatzen dute dena, eta beste lau urtez kudeatzen jarraitzen dute.

Hutsune bat dago; gizarteak ez du hainbeste aldarrikatzen. Alde horretatik, akuilu lana egiten genuen guk: “Hemen Espainiak ez du jokatzen, eta gureak jokatu behar du”, esaten genuen. Federazioek nahikoa lan badute txapelketak antolatzen eta kudeatzen. Ez dute diru askorik, eta eurentzat ia-ia zuloa egitea da txapelketa bat antolatzea. Dirua mugitzen dutenek, berriz, beste interes batzuk dituzte. Futbolari dagokionez, Espainiako Federazioko kide dira Euskadiko Federazioko asko. Horiek Espainiakoaren kontra jartzen badira, eta haiek hemengoen kontra… Horietako asko munduko txapelketetara joaten dira bizpahiru astez, eta ederki bizi dira. Nola jarriko dira kontra?

ESAIT helburuak beteta desegin zela esan duzu, baina xaxatzen ariko den norbaiten hutsunea dagoela ere aitortu duzu.
Bai… Abenduan ez zuten jokatu gizonezkoen futbol partidarik, 2016an oso jende gutxi joan zelako. ESAITek aspaldi esan zuen Gabonetako partida hori ezin zela helburu izan, nazioartean aldarrikapena egiteko tresna zela baizik. Beste planteamendu bat eskatzen genuen. Orain, FIFA datetan jokatuko dutela esan du Euskadiko Federazioak, aurreko eredua agortuta dagoelako. Gaitz erdi, hala ere, urte asko delako agortu zela. Konturatu dira gutxienez. FIFA datetan jokatuko dute, ados, baina lagunarteko beste partida bat besterik ez da izango azkenean. Txapelketa bat jokatu beharko lukete; lehiaketa indartsuago eta erakargarriagoren bat. Ezin gaituzte eduki beste hogei urtez engainaturik.

Jende askok zergatik desagertu ginen galdetzen digulako esaten dut hori. “Zerbait egin behar da”, “ez zenuten utzi behar” eta horrelakoak esaten dizkigute. Ziklo bat bete genuen guk, eta, ondo edo gaizki, baina lan bat bete zuen ziklo horrek. Guk ere ikusten dugu hutsunea dagoela, baina Jauziak hartu zuen horren ardura. Jauzia ez aurrera eta ez atzera dabilela, hori da kontua, eta zerbait egin beharko litzatekeela. Herri mugimenduak beharrezkoak dira, baina babesa behar dute; babes politikoa eta ekonomikoa. Erraza da gauza bat uztea, baina zaila berriro sortzea. Hutsune hori tapatzeko saiakera egin beharko luke herri honek.

Ez dakit zorionerako edo zoritxarrerako den, baina modu desberdinean pentsatzen duen jendea batzeko aitzakia da kirola; horretarako balio du. Herri honek izan behar luke horrelako eragile bat. Guk erreta daukagu etapa bat, eta beste batzuek tira egin behar dute soka horretatik. Gure laguntza edukiko lukete, noski.

Ez zara oso baikorra.
Ez. Federazioak beste gauza batzuetarako erabiltzen dituztelako agintzen duten horiek. Herri mugimenduaren beharra dago hainbat gauza aktibatzeko.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend