Urki bat pikoketan Antonio Prior oroitzeko

Atzo egin ziote omenaldia Antonio Prior errepublikazalea zenari Pikoketan. Argazkia: Foto Valentin

Atzo egin ziote omenaldia Antonio Prior errepublikazalea zenari Pikoketan. Argazkia: Foto Valentin

Omenaldia egin zioten atzo Antonio Prior errepublikazaleari Pikoketan, Pikoketa Oarsoaldeko Errepublikazaleen Elkarteak antolatuta. Bertan aldatu zuten urkiak oroituko du joan den abenduaren 14an zendu zen errenteriarra. Hamarnaka lagun bildu ziren atzo Priorri egindako omenaldian, eta tartean izan ziren besteak beste, PSE-EEren alkate izandako Adrian Lopez, edo Errenteriako EH Bilduren egungo alkate Julen Mendoza.

Priorren konpromiso politiko eta soziala nabarmendu zuten bildutakoek, eta bere bizitza markatu zuten gertaerak ekarri zituzten gogora: II Errepublikaren aldarrikapena, 1936ko Gerra, Sobiet Batasunean erbesteratzea, eta Errenteriara itzulera Francoren diktaduraren erdian. Bere militantzia politikoa ez dela inoiz oztopo izan beste pertsonekin harremanak eraikitzeko nabarmendu zuten, bestalde, “bere militantzia konpartitzen ez bazuten ere, garapena eta giza zein herrien eskubideen alde egiten zuen edonorekin aritzeko prest izan da beti”.

1925eko abenduaren 10ean jaioa, Primo de Riveraren diktadura betean, errepublikaren aldeko itxaropena sortzen ikusi zuen txikitatik. Azkar itzali zen esperantza hori, ordea, altxamendu faxistarekin. Beste milaka haurren modura, La Habanan ontziratu eta Sobiet Batasunera eraman zuten Prior 1937an. 20 urte eman zituen han, eta bertan ezagutu zuen Luisa. Bi haur izan zituzten.

1956an itzuli zen eta 1959an behin betiko finkatu zuen bizitokia Errenterian. PCE Espainiako alderdi komunistako militantea, 1962an Meliton Manzanasek atxilotu eta espetxeratu egin zuen Prior. Bizitza gogorra Priorrek izan duena, justizia soziala, berdintasuna eta adiskidetasunari estuki lotutakoa.

Oarsoaldeko errepublikazale ugariren erreferente izan da Prior, “errepublika, askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna oinarri dituen gizarte justuago bat zen beretzat”. Berezia da, sinbolikoa, Pikoketa errepublikazaleentzat. Urki bat aldatu zuten bertan atzo, “Antonio [Prior] betiko oroitzeko”.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend