24.000 kontsulta bideratu dituzte iaz Herritarren Arreta Zerbitzuan

HAZ

Izaskun Gomez eta Marisol Garmendia, Trintxerpen, Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoan.

Iazko maiatzean zabaldu zituzten Pasaian Herritarren Arreta Zerbitzuko hiru bulegoak eta zortzi hilabeteko epean 24.000 kontsulta baino gehiago bideratu dituztela jakinarazi dute gaur zerbitzua baloratzeko egin duten agerraldian.

Pasaiako alkate Izaskun Gomezek, eta Mugikortasun eta Garraio diputatu Marisol Garmendiak egin dute balorazioa, Trintxerpeko alkateordetzan. Alkateak hartu du hitza lehenik, balorazioa “ezin dela hobea izan” baieztatzeko. Zehaztu duenez, eguneko 150 kontsulta inguru bideratzen dituzte bulegoek, batez beste %40 Trintxerpen, %35 Antxon, eta % 25 Donibanen.

Askotariko tramiteak egitera jotzen dute herritarrek HAZ bulegoetara, baina gehien eskatu direnak errolda agiriak izan direla esan dute gaur agerraldian. Ordainketen helbideratze asko egin omen dituzte, eta lizentzia eskaerak eta matrikulazioak ere bideratu dituzte.

Gomezek  nabarmendu duenez, herritarrek asko eskertu dute zerbitzua, bulegoak zabalduz geroztik herritarrek norbere barrutian badutelako izapideak egiteko aukera, Donibaneko udaletxeraino mugitu gabe.

Mugi eta B@kQ txartelak

Zerbitzua hobetzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute baita ere gaurkoan, eta norabide horretan martxoko bigarren hamabostalditik aurrera HAZ bulegoetan Mugi garraio txartela eskatzeko aukera izango dela ohartarazi dute. Udalak eta aldundiak hitzarmena sinatuko dute aurki zerbitzua martxan jarri ahal izateko.

Horrez gain, 2018ko urtean eskainiko duten bigarren berritasuna B@kQ txartela izango dela iragarri dute. Txartel horren bidez, izapideak online egin daitezke, udaletara, Osakidetzara, Eusko Jaurlaritzara eta, laster, Gipuzkoako Foru Aldundira bertaratu gabe. Horregatik, herritarrak txartela eskatzera animatu ditu alkateak.

Bizi-kalitatean eragin

Zerbitzua baloratzean inbertsioa “errentagarritasun handikoa” izan dela baietsi du Mugikortasun eta Garraio diputatu Marisol Garmendiak, eta estrategia eskualdeko beste udalerriekin badia biziberritzeko duten estrategia partekatuaren barruan kokatu du.

Garmendiaren arabera, biziberritzea ez da beti “porlanezko proiektuetara” lotu behar eta “herritarren bizi-kalitatean eragiten duten egitasmoen alde” agertu da, HAZarena adibide.

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend