Oiartzungo Udalaren artxiboen dibulgazioa: eguraldia

oiartzun.artxiboa

Garai batean ere kezka eragiten zuten eguraldi kontuek. Aktetan jasota dago.

Oso aberatsa da Oiartzungo Udalaren artxibategia. Hona hemen, artxibategian eguraldiaren gainean bildu dituzten hainbat jakinbide.

Klima kontuak, Historian ere hizpide

Eguraldiak gu harritzeko gaitasuna du; azkeneko asteetako elurteak horren lekuko dira. Horien inguruan esan eta idatzi direnak ikusita, badirudi guztiz bitxia dela, sekula santan gertatu gabekoa. Agidanez, Aralarren, Etzegaraten, Herrerako mendatean edo Orreagan urtarrilean hotza eta elurra aparteko gauza dira.

Klimak garapen historikoa izan du eta aldaketa horiek azkeneko mendeetan ere jazo ziren. Badirudi XIII. mende amaiera arte klima leunagoa, gozoagoa, epelagoa izan zela; ordutik XIX. mendeko azken hamarkadetara arte, hotzerantz jo zuen, “Izotz Aro Txiki” izeneko garaia.

Azkeneko urteetan, Klimaren Historiak berezko leku bat topatu du historiografian, Euskal Herrian ikerkuntzak oso gutxi badira ere. Ikertzaileak metodologia finkatzeko lanetan daude. Gaia aztertzeko erabiltzen diren tresnen artean, erreguteak daude.

Eguraldia, Jaungoikoaren eskuetan

Duela urte gutxira arte Euskal Herriko gizartea katolikotasunez blai zegoen. Erreguteak eragin horren isla ziren. Nekazaria jakitun zen meteorologiak bere uzten nondik norakoa baldintzatzen zuela. Landare, fruta-arbola edo animalientzako elikagaiak sasoitik kanpo ematen ziren gertakarien atzetik Jaungoikoaren nahia zegoen; apaiz, bikario eta beste elizgizonek pulpitutik esandakoek errealitate gordin hura oroitarazten zuten. Lehorte, eurite, uholde, elurte edo dena delakoak Jainkoak gizakia zigortzeko bidalitakoak ziren; bekatuen kondena. Goikoaren haserrea irudikatzen zuten eguraldi kontuak amaitu zitezen eskatzeko, Ama Birjina eta santuak bitartekari moduan hartzen ziren, Jaungoikoari zigorren amaiera erregutuko ziotelaren itxaropenaz.

Gizarte erlijioso horretan, Jainkoaren erabakitzen zuen patua. Hori dela eta, Hari egindako eskaerak ohikoak ziren. Baina erreguterik ezagunenak eguraldiarekin zerikusia zutenak ziren.

Erreguteak Oiartzunen

Oiartzunen eskaera hauei lotutako lehen berriak 1681ean ditugu, haien inguruko desadostasunen baitan. Horrek ez du esan nahi halako ekitaldirik lehenago egiten ez zenik. Egunerokotasunean guztiz barneratuak zeuden. Lehenagoko aktetan horien aipamenik ez badago, esateko gauza berezirik ez zegoelako izan liteke. Ezadostasunak, ika-mikak edo aldaketak sortzerakoan, bileren erregistroek gaiaren inguruko aipamenak jasotzen dituzte. Hori izan zen erreguteen kasua 1681 eta 1687 urteen artean.

Oiartzunen ohikoa izan zen ekaitza, kazkabarra eta laino pilaketen kontrako erreguteak burutzea, uzta onak lortzeko eta euri-jasek sortutako arazoak saihesteko. Eskaera hauek elizgizonek egiten zituzten, baina dokumentazioaren arabera, 1681 baino lehenago ekitaldi horiek egiteari utzi zioten. Udalbatzak behin baino gehiagotan eskatu arren, bikario zein benefiziodunek entzungor egin zieten eta desadostasunak argitzeko eta konpontzeko prozesua hasi zen.

1681, urte latza
Itxura guztien arabera, 1681 eta 1682 urteetan eguraldi kontuak ezohikoak suertatu ziren. Oiartzunen ere, uztailaren erdialdera sekulako ekaitza izan zen, kazkabarra erruz bota zuen. Hilaren 14an gertatu zen, eta Portuereneberri etxean eta Eizagirre basetxeko teilatuetan kalteak eragin zituen.

…para reparar las dichas cassas del daño que en sus tejados le ha hecho la piedra…” (Martin del Puertok edo Portuk Portuereneberri eta Eizagirreko teilatuak konpontzeko egindako eskaera)

Aparteko izaera hori 1682ko abuztuaren 10eko honako testuan irakurri dezakegu:
en todos los años, y en particular en el de mil y seiscientos y ochenta y vno y este presente, se a experimentado repetidas amenazas de la tenpestad de la piedra de que se an orijinado y reconoçido daños muy considerables y en particular en la que arrojó en dicho año pasado de ochenta y vno, que fue total perdiçión de los frutos d’este dicho valle en que es interesada la dicha yglesia y dicho cauildo como todos los demás vezinos y moradores d’este diho valle, e temiendo que en adelante a de continuar las dichas tenpestados [sic] y amenaza de dicha piedra ser el vnico remedio la asistenzia a los conjuros y exsorçismos de los ministros de Dios, para que por sus medios tenga Dios, Nuestro Señor, piedad y clemençia de sus criaturas, asistan en los tiempos que fueren necessarios como tales cura y benefiziados y cauildo a los dichos conjuros”.

Ondoriorik larrienak uztetan gertatu ziren. Horren larriak, ezen elizari ordaindu beharreko hasikin edo lehen fruituetan beherapena eskatu zela. Perituek egindako azterketaren bidez, eta aurreko urteetako datuak aintzat hartuta, kalteak balioztatu egin ziren. Liho ekoizpenak eta arkumeek ez zuten ondoriorik pairatu; gari, sagar eta artotan, ordea, ondorioak agerikoak izan ziren: gari-uztaren %58,75a galdu zen, sagarren %75a eta artoaren %43,75a.
Bereziki 1682tik aurrera, Oiartzungo elizgizonei erreguteak egiteko eskaerak areagotu egin ziren. 1681eko abuztua amaieran, udalbatzaren mandatua agerikoa zen: eliz-benefiziodunek ekaitzen aurkako erreguteak egin zitzatela agintzen zen.

por quanto de algunos años a esta parte los sazerdotes benefiçiados no an proseguido en los conjuros de tenpestades en los tiempos nezesarios

Eliz-kabildoak, aldiz, ez zuen erreguteen kontua obligazio moduan ikusten, laguntza edo karitate ekintza bezala baizik: “la asistencia y continuación de los conjuros por las amenazas de la tenpestad de la piedra (…) no ser de obligación presissa sino voluntaria, y fundarse de caridad por no constar en sus constituziones”. Are gehiago, halako lanengatik pertsonako 50 zilarrezko erreal eskatzen zuten. Elizgizonek propio horretarako kontratatu zuten Jose Lazkaibar-Balda abokatuaren hitzetan, erregute hauek ohitura ziren arren, ez zuten inolako betebeharrik. Diskurtso hori hainbat urtez mantendu zuen.
1687an bi aldeek akordio bat erdietsi zuten. Hutsik geldituko ziren hiru benefizioetako hautagai berriek, erregute edo araoak egiteko betebeharra izango zuten maiatzeko Gurutze Santu egunetik iraileko Gurutze Santu egunera arte: maiatzaren 3tik irailaren 14ra bitartean. Iruñeko gotzainak akordioa begi onez ikusi zuen, adostasun hitzarmena berretsiz eta 1688ko urtarrilean horren jakinarazpena egitea erabaki zen.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend