Pasaiako portua, egokitzen

portua

Trenbide sarean inbertsio handiak aurreikusiak ditu Portuak, operazio logistikoetarako eta trafiko berriak erakartzeko asmoz.

Ez dira betiko garai onenak, horretan zalantzarik ez da. Eta 2017ko datuak dira baieztapenaren erakusgarri. Merkantzien trafikoak %13,9 egin zuen behera iaz, Pasaiako portuan. Guztira 2,9 milioi tona merkantzia garraiatu zituen, eta kezkagarria da datua, 1960ko hamarkadatik 2013. urtean soilik izan delako antzeko daturik, azken ekonomia krisiak portua gogorren astindu zuen urtean, hain zuzen ere.

Ezagunak dira beherakadaren arrazoi nagusiak. Arcelor-Zumarraga eta Corrugados Azpeitiaren itxierak, batetik; eta zentral termikoa desagertu izana, bestetik. Horiek izan dira azken urteotako gainbeheraren eragile nagusiak. Txatarraren trafikoak historikoki pisu handia izan du Pasaian, eta, urte askoan zentral termikoa bertan egonik, baita ikatzaren trafikoak ere. Itxierei lotutako trafiko galerak izanik, gainera, ez dute atzera-bueltarik, eta, oraingoz, behintzat, ezta etenik ere.

2016ko datuekin alderatuta, txatarraren trafikoak, iaz, %64 egin zuen behera, eta, horrenbestez, ia marjinal bihurtu da garai batean trafiko nagusia zena. Baina badira kontuan hartu beharreko beste hainbat datu ere. Iaz %10,5 egin zuen behera bestelako siderurgia produktuen trafikoak; eta, hori gutxi ez, eta iaz %1,05 apaldu zen automozioaren trafikoa ere, azken urteotan gorako joera izan duen arlo bat izan arren.

Errealitatea aztertuta, oso analisi ezkorra egin dute batzuek, portua “hondoratzen” ari dela baieztatzeraino. Kontrara, portuko zuzendari Cesar Salvadorrek esan du ez dagoela batere ados horrekin. Egungo bezeroak egonkortu eta trafiko berria erakartzeko lanean ari dela azaldu du, eta, iazko argazkia “kaskarra” izanik ere, sinetsita dago egoera ez dela behin betikoa izango.

Datuak ez direla onak aitortuta ere, portuko zuzendariak argi du badaudela irtenbideak. Nabarmendu du 1990eko hamarkadatik siderurgia produktuek eta automozioak osatu dutela Pasaiako portuaren joan-etorri nagusia, eta gaineratu du beste hainbat portutan “asko” handitu den trafikoari eurek ezin izan diotela lekurik egin, “espazio falta” dela medio. “Industria siderurgikoa desagertzen hasten denean, bestelako trafikoa erakartzeko prozesua jartzen da abian, baina ez dira prozesu erabat sinkronizatuak”, ohartarazi du. Horrez gain, zentral termikoa itxi zutenean, beste terminal bat egokitzeari ekin ziotela gogoratu du: “Terminala egokitu egin behar da, eta bezeroak erakarri behar dira. Trantsizio lan hori ez da egun batetik besterakoa”.

Autoen garraioan izan den beherakadaren inguruan ere badauka azalpenik Salvadorrek: “2017an, automozioak atzeratu egin du hazkundea modelo berriak txertatu ahal izateko”. Horrez gain, brexit-aren eragina ere nabarmena izan dela gaineratu du. Egoerari aurre egiteko, zuzendariak baieztatu du egun dituzten bezeroak “sendotzea eta egonkortzea” dela lehentasuna, eta, horrez gain, “bestelako trafiko batzuk handitu daitezen lanean jarraitzea”.

Alde horretatik, Lezoko trenbidea hobetzen ari direla jakinarazi du Salvadorrek, “autoak garraiatzeko tren bakoitzak hamazazpi bagoi izan ordez, bidaia bakoitzean hogei eraman ahal izan ditzan; kostuak merkatuko ditu horrek”. Bide beretik, Adifen hirugarren haria portuaren paretik pasatuko denez, kairaino eramatea aztertzen ari direla jakinarazi du, “portua Europako trenbide sarearekin lotzea trafiko berriak erakartzeko atea izan baitaiteke”.

Edukiontzien trafikoa

Granel likidoen garraioari ere heldu nahi diotela jakinarazi du Salvadorrek, eta iragarri du zentral termikoak Jaizkibel mendian zituen biltegiak erosiko dituztela horretarako. Horrez gain, meategietako produktuen inportazioari ere ekingo diote, eta urtero milioi bat tona potasa ekarriko dituzte Nafarroatik eta Aragoitik. Portuak edukiontzi bidezko trafikoari ere ekin dio berriki, eta apustuaren balorazio “positiboa” egin du zuzendariak: “Pasaiako portua horretarako gai dela eta trafikoa badagoela frogatu dugu”.

Materialen garraioez gain, azken urteotan luxuzko itsas bidaiak erakartzeko egiten ari diren ahalegina ere nabarmendu du portuko zuzendariak: “Inor joaten ez den tokira joan nahi izaten du luxuzko itsas bidaiariak, eta gurea bezalako portu bat erakargarria da halako bidaiarientzat”. Aurten, oraingoz, “dozena erdi bat” bidaiari ontzi hitzartuak dituztela baieztatu du Salvadorrek, eta azpimarratu du merkatuan txertatu ahala kopuruak gora egin dezakeela.

Felix Gartziandiak hartuko du Ricardo Peñaren lekukoa

Karguan bost urte igaro eta gero, Pasaiako Portu Agintaritzaren buru izateari utzi dio Ricardo Peñak. Eusko Jaurlaritzak Felix Gartziandia Telleria izendatu du bere ordezko, eta egunotan hartuko du kargua, izendapena Espainiako Aldizkari Ofizialean argiratuta. Gartziandia pasaitarra da jaiotzez, eta Sprilurreko zerbitzuen buru izan da orain arte. Pasaiako badiaren biziberritzea zuzentzea helburu zuen Badia Berri elkartearen kudeatzailea izan zen Gartziandia 2002tik 2006ra.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend