Denek jaia berdin goza dezaten

indarkeria matxista

jai parekideen eta eraso sexisten aurkako kanpaina martxan jarri du udalak.

Inauteriei begira jai parekideen aldeko eta eraso sexisten kontrako kanpaina abiatu du udalak. Helburua, errespetuzko jarrerak aldarrikatzea eta guztion gozamenerako jaiak izatea, inolako eraso sexista, homofobo, xenofobo eta transfoborik gabe. Horri begira, tabernetan erasoen aurkako informazioa zabalduko dute, nola jokatu behar den jakiteko, eta festetan beldurrak gurekin jai goiburuarekin,  jai parekideen aldeko kartela jartzearekin batera, eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloan eta Eraso bat ikusi, entzun edo jasaten baduzu, erantzun pegatinak banatuko dituzte, emakumeen komunean, taberna, txosna edo elkarteko arduradunentzat ikusgai dagoen toki batean jartzera animatuta.

Udaltzainak kanpaina horren parte direla nabarmendu du udalak, eta eraso egoeraren bat gertatuz gero herritarrak haiekin harremanetan jartzera deitu dituzte: “Gizarte zerbitzuak, berdintasunerako azpisaila eta udaltzainak koordinatuta daude egoera bakoitzean ahalik eta erantzun egokien eta azkarrena eman ahal izateko. Udaltzainak aldi berean, Ertzaintzarekin koordinatuta daude”.

Emakumeak emakume izateagatik, aurre egin behar izaten dietela batzuetan gogaitu edo inbaditu egiten dituzten pertsonei nabarmendu du udalak, “baita jazarpen eta eraso egoerei ere. Tabernak jai leku direnez, toki aproposak dira sentsibilizaziorako eta errespetuzko eta tratu oneko harremanetarako ekintzak aurrera eramateko”. Elkar errespetatzera eta elkarbizitza jarrerak sustatzera deitu ditu udalak herritarrak.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend