Euskara eta galegozko poemak, gaur, udaletxean

Galiziako XX. mendeko zazpi poetaren lanak irakurriko dituzte, gaur arratsaldean; bihar 'Sitio distinto' proiektatuko dute
alvaro cunqueiro

Alvaro Cunqueiro izango da errezitatuko duten poetetako bat.

Urtero, otsailaren hasieran, Kontxa Murgia Egaña (Oiartzun, 1806ko otsailaren 3-Santiago, 1854) zena omentzen dute. Galiziar nazionalismoaren bultzatzaileetako bat izan zen Manuel M. Murgiaren ama izan zen oiartzuarra. Bi herrien arteko lotura indartzeko aprobetxatzen dute urteurrena hura.

Horrela, gaur poesia errezitaldi musikatua egingo dute. XX. mendeko zazpi poeta galiziarren lanak irakurriko dituzte, euskaraz eta galegoz, Antton Kazabon idazleak eta Xose Estevez historialariak. Joseba Sarrionandiak galegotik euskarara itzuli zituen hainbat poema, Poemas naufragos. Galegoz heldutako poemak (Susa, 1991) liburua osatzeko, eta hori izango da gaurko errezitaldiaren oinarria. Honako poeta galiziarren lanak irakurriko dituzte: Manuel Antonio, Luis Amado Carballo, Alvaro Cunqueiro, Aquilino Iglesia Alvariño, Luis Pimentel, Luis Seoane eta Celso Emilio Ferreiro. Euskal Herriko ordezkaria Antton Kazabon bera izango da, eta bere Bide zaharretik eta Ez galdetu poemak irakurriko ditu, bi hizkuntzetan baita ere.

Edurne Saizar pianistak, Haizea Lekuona flautistak eta Oihane Mitxelena soinujoleak jarriko dute musikaren partea. Emanaldia 19:00etan hasiko da, udaletxeko areto nagusian.

Bihar, dokumentala

Ekitaldien segida bihar izango da, toki eta ordu berean. Kasu horretan, Sitio distinto dokumentala eskainiko dute. Izena Os Resentidos musika taldearen Galicia, sitio distinto abestian du jatorria. Davide Cabaleirok zuzendutakoa da, eta Euskal Herrira etorritako galiziarren testigantzak jasotzen ditu; integrazioaren ikuspuntutik egin beharrean, interakziotik egiten da begirada. Horrela, galiziarrekin harremana duten euskaldunen lekukotasunak ere hartu dituzte. Zuzendaria bera egongo da emanaldian (trailerra ikusteko, jo behera).

Larunbatean, berriz, Kontxa Murgia Egaña zena omenduko dute, haren jaiotetxea izan zenean —egungo Manuel Lekuona biblioteka dena—. 12:00etan hasiko da ekitaldia, eta Estevezek berak eta Josune Cousillas Kultura zinegotziak hartuko dute hitza. Estevez Galiziako pertsonaia bat ezagutarazten saiatzen da urtero, eta, aurreratu duenez, Alexandre Boveda izango du hizpide. Partido Galeguistaren sortzaile izan zen, eta 1936ko gerran fusilatu zuten.

Lartaungo txistulariek zein Donostiako Trisquele gaitajole taldeak hartuko dute parte bertan. Bukatzean, luntx bat eskainiko dute. Jardunaldiak Trintxerpeko Fato Cultural Galego Daniel Castelaok, Donostiako Galizia Etxeak eta Oiartzungo Udalak antolatu dituzte.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend