[Bideoa eta galeria] Juanba Berasategi gogoratuz eman diete hasiera Donibaneko inauteriei

Donibane, inauteriak

Bosgarren arteak ezagun egin dituen askotariko pertsonaiak dantzatuko dira bihar Donibanen.

Banpiroz mozorrotuta Luisma Laboak aurkeztu ditu gaur goizean Donibaneko aurtengo inauteriak, ohi bezala Aiton-Amunen Aterpean.

Zinema da aurtengo gaia, eta horregatik, aurkezpenean, biharko desfilearen aurrerapen gisa, askotariko pertsonaiak bildu dira: Los diez madamientos filmeko aingerua, Mujercitas pelikulako ordezkaritza zabala, Cantando bajo la lluvía, el gordo y el flaco… denak elkarrekin bandera igota eman diete hasiera inauteriei.

Aurkezpenean Juanba Berasategiri aitortza egin diote, iaz zendutako zinegilea, Donibaneko inauterien bultzatzaile nagusienetakoa izan delako. Haren oroimenak toki berezia izango du aurtengo inauterietan eta Kalabaza tripontziaren pertsonaiak ere irtengo dira bihar kalera.

Zinegilearekin batera, garai bateko Donibaneko zinea ere ekarri dute gogora, “zine parrokiala”, urtetan Donibaneko haur asko eta askoren topaleku izandakoa.

Horiek guztiak eta beste askok izango dute toki bihar Donibanen antolatu duten festa handian. Lehen hitzordua 10:30ean da bihar, aterpean bertan talde argazkia egiteko. 11:00etan irtengo da desfilea, Meipira bidean lehenik, eta jarraian plazara.

Herri bazkaria ere izango da, bikoitza; batzuk aiton amonen aterpean, eta beste askok Koxtaperen egoitzan bazkalduko dute, indarrak biltzeko, arratsaldez berriz ere desfilatzera irteteko.

San Pedron eta Antxon, arratsaldean

San Pedro eta Antxon gaur arratsaldean hasiko dira inauteriak ospatzen. Lizeoko ikasleak dantzatuko dira lehenik, 16:00etan, eta ondoren, San Pedron, Proisak antolatuta,  bihar erabiliko dituzte musika trenak sortzeko tailerra egingo dute. 17:30ean hasiko da tailerra, frontoian.

Antxon, berriz, 9:00etatik aurrera, Alkartasuna Dantza Taldeak antolatuta, Lantzeko inauteria ospatuko dute. Azokatik abiatuko da kalejira eta barrutiari bira eman ondoren, Gure Zumardian elkartuko dira, Miel Otxin erretzeko.

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend