Oiartzun eta Galizia, biak bat

Bihar, urtero bezala, omenduko dute Kontxa Murgia. Manuel M. Murgia Galiziako abertzaletasunaren sustatzailearen ama izan zen. Xose Estevezek eman du haren bizitzaren berri.
kontxa murgia 1

Egungo biblioteka dena Kontxa Murgiaren jaiotetxea da.

Galiziako abertzaletasunaren jatorriaren zati txiki bat Oiartzunen dago, Galiziatik ia 700 kilometrora. Gehiegi esatea izan daiteke, baina esaldi horretan ez da gezurrik.
Bihar, hemeretzigarren urtez jarraian, Kontxa Murgia Egaña (Oiartzun, 1806-Santiago, 1854) omenduko dute, Oiartzungo Manuel Lekuona Bibliotekan. Manuel Martinez Murgia —aitaren izena ez zuen jartzen, ama utzi zuelako— galiziar abertzaletasunaren bultzatzaileetako baten ama zen oiartzuarra. Galiziako nazionalismoaren lehenengo teorikoa izan zen Martinez Murgia, eta Galegoaren Erret Akademiaren lehenengo presidentea izan zen, sortu zenetik —1906— hil zen arte —1923—. Bere emaztea, Rosalia de Castro, sona handiko idazlea izan zen.

Urtero-urtero oroitzen dute Fato Cultural Daniel Castelao, Donostiako Galiziako Etxeak eta Oiartzungo Udalak elkarlanean antolatutako ekitaldi sortarekin, eta aurten ez da gutxiago izango.

Murgia duela bi mende jaio bazen ere, duela erlatiboki gutxi jakin zen oiartzuarra zela. Hori aurkitu zuena Xose Estevez izan zen, Oiartzunen bizi den historialari eta Fato Daniel Castelaoko kidea. Horrela azaldu du: «Nik Manuel Martinez Murgiaren biografia irakurri nuenean, 1920ko hamarkadakoa, jartzen zuen bere ama euskal herritarra zela, Tolosakoa. Nire buruari esan nion begiratu behar nuela: ‘Joño! Tolosan jaio bazen, Tolosan jaio zen, baina bere jaiotze partida begiratu behar dut’». Donostiako apaiztegira jo zuen, baina ez zuen deus aurkitu 1800 eta 1820 urteen artean jaiotako tolosarren jaiotza partiden artean.
Kasualitateak eraman zuen Murgiaren jaioterria ezagutzera. Galeuscari buruzko ikerketa bat egiten ari zela, Euskal Erria izeneko aldizkari batekin egin zuen topo, eta bertan, Ignacio Kerejetaren artikulu bat agertzen zen, Gipuzkoako musikariei buruzkoa. Estevez: «Domingo Murgia Azkonobieta izeneko organista bat aipatzen zuen, eta Tolosan egon aurretik, Oiartzunen egon zela azaltzen zuen. ‘Hara!’, pentsatu nuen, ‘ea Kontxa Murgia Oiartzunen jaio zen…’. Eta bai, jaiotze partida begiratu eta 1806ko urtarrilaren 29an jaio zen Murgia, Oiartzunen».

Uste zen Murgia tolosarra zela, baina Xose Estevezek gezurtatu zuen hori

Aita Tolosako organista izateko proposatu zuten, 1815ean, eta bederatzi urte zituela jo zuen hara Murgia-Egaña sendiak. «Tolosara joan zenerako bazituen bederatzi urte. Orduan proposatu zuten bertako organista izateko. Garai hartan, udalaren funtzionario ziren organistak; kuriosoa da». Herriko kapareek aukeratzen zuten organista; eta Domingo Murgiari 1797en eskaini zioten Oiartzungoa. Egun Manuel Lekuona Biblioteka den eraikina orduan ospitalea zen, eta bigarren solairuan eman zieten etxe bat, baita ondoko baratze bat ere.

Murgia nobleen familia batetik zetorren. Astigarragako jauregikoak ziren, eta bertako Jasokundearen Andra Mariaren parrokia ere beraien arbasoek eraiki zuen. Horrez gain, Ergobiako zubitik pasatzeko zubisaria ere kobratzen zuten. Gainera, Astigarragako familia bakoitzak zerri bat eman zien urtero. Beraz, garai bateko jauntxoengan zuen jatorria.
Egañatarrak, berriz, Zestoa, Aizarnazabal eta ingurukoak ziren. Familia onekoak ziren eurak ere bai. Horietako bi, aita eta semea, Gipuzkoako idazkari izan ziren. Batek —Domingok—, gainera, Gipuzkoako historia ezagutzeko liburu oso garrantzitsu bat idatzi zuen: El guipuzcoano instruído. Antoniok, berriz, foruei buruzko beste liburu oso garrantzitsu bat idatzi zuen. Familia onekoa zen Kontxa Murgia, baina gainbeheran joan ziren. Horrela, aita ia dirurik gabe hil zen, Villafuerteseko konteen  etxean. Esan behar da Villafuerteseko konteek alderdi liberal-foruzalea sortu zutela Tolosan, eta hartan sartu zen Domingo Murgia. 1823an Galiziara joan behar izan zuten, beste hainbat liberalek bezala, San Luisen Ehun Mila Semeak Espainian sartu zirenean.

Kontxa Murgiaren aita organista izan zen Oiartzunen, 1797tik 1815era

Kontxa betiko geratu zen Galizian, eta Jose Martinez botikariarekin ezkondu zen. Bi seme izan zituen; Manuelen anaia itsas medikua izan zen, eta gaixotasun tropikal baten ondorioz hil zen.

Donostian, ekimena

Murgia omentzeko ekimena ez zen Oiartzunen piztu, Donostian baizik. Daniel Castelaori buruzko jardunaldi batzuk antolatu zituzten, 1999an, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. «Luis Mari Bandres pasaitarra han izan zen, eta orduan Kultura ahalduna zen, EAJrekin», gogorarazi du Estevezek. «Urte batzuk lehenago», jarraitu du, «Iberdueroko ordezkaria izan zen Galizian, eta oso ongi iruditzen zitzaion Euskal Herria eta Galiziaren arteko harremanak indartzea. Bandresek berak gaita jotzen zekien». Horrela, Estevezek aipatu zion oiartzuarra zela Murgia, eta zerbait egin behar zela arrapostu eman zion Kultura diputatuak. «Hori bai», zehaztu du historialariak, «baldintza bat jarri nion: Oiartzungo Udalarekin adostu behar zela. Baina bera EAJkoa izanda, eta orduko alkate Xabier Iragorri EHkoa… Iragorriri deitu nion, eta ideia ona iruditu zitzaion».
Orduan, Kontxa Murgiaren eta bere seme Manuel Martinezen biografia bat argitaratu zuten, euskaraz eta galegoz. 2000 urte hartan bertan, estreinako omenaldi ekitaldian, plaka bat jarri zuten Manuel Lekuona Bibliotekako pareta batean. Hor ere, bi hizkuntzetan adierazten dute etxe horretan jaio zela Kontxa Murgia.

Amaren eragina

Estevezek nabarmendu duenez, Manuel M. Murgiak ez zuen izan Galiziako literaturan bere emazte Rosalia de Castrok izan zuen hainbesteko eraginik. «Politikan bai, ordea. Bera izan zen lehena esaten Galiziak betetzen zituela nazio izateko ezaugarriak».

M. Murgiarengan abertzaletasuna sortzearen errua amarena izan zen. Estevez: «Semeak esaten du, Los precursores izeneko lan kolektibo batean, berak bere aberri galiziarra maitatzen ikasi zuela bere ama jatorrizko euskal aberria —«beldurtzen ez zen eta  gezurrik esaten ez zen lurraldea»— maitatzen ikusi zuenean. Horregatik, abertzale galiziarra izateko eragin handia izan zuen amak, eta horretara bideratu zuen semea». Beraz, pixka bat bada ere, abertzaletasun galiziarrak Oiartzunen jatorri duela esan daiteke.

Galizia eta Euskal Herriaren arteko loturak, indartuta

kontxa murgia

Asteazkenean poesia errezitaldia eskaini zuten.

Kontxa Murgia zena omentzeko, urtero, ekitaldi sorta antolatzen dute Fato Cultural Daniel Castelaok, Oiartzungo Udalak eta Donostiako Galiziako Etxeak. Herenegun poesia errezitaldi musikatua egin zuten. Xose Estevezek eta Antton Kazabonek XX. mendeko zazpi poeta galiziarren poema bana irakurri zituzten, baita Kazabonen beraren beste bi poema ere. Edurne Saizar pianistak, Haizea Lekuona flautistak eta Oihane Mitxelena soinujoleak jarri zuten soinu banda.

Irakurri zituzten poemak Joseba Sarrionandiak itzuli zituen, eta Poemas naufragos. Galegoz heldutako poemak (Susa, 1991) liburuan bildu zituen. Honakoak dira hautatu zituzten egile eta poemak: Manuel Antonioren Ao reverso da noite; Luis Amado Carballoren Os piñeiros mortos; Luis Pimentelen Neve na miña villa; Aquilino Iglesiaren Quero oir o teu silenzo; Luis Seoaneren As Ratas, faxistei buruzkoa; Gabriel Arestirengan hainbesteko eragina izan zuen Celso Emilio Ferreiraren Deitado frente ao mar; eta Alvaro Cunqueiroren Quen pudeira namorarla, Luis Emilio Batallanek musikatu zuena. Azken horretan, Estevez bera abestera animatu zen.

Antton Kazabon.

Antton Kazabon.

Sitio distinto eta ekitaldia

Atzo, berriz, Davide Cabaleiroren Sitio distinto dokumentala proiektatu zuten, eskualdeko estreinaldian. Euskal Herrira etorritako galiziarrei buruzkoa da, baina integrazioaren ikuspuntutik egina egon beharrean, interakzioaren begiradatik egina. Galiziarrekin harremana duten euskaldun asko agertzen dira.

Bihar, berriz, omenaldi ekitaldia egingo dute. Josune Cousillas Kultura zinegotziak eta Estevez berak hartuko dute hitza. Historialariak Alexandre Bovedaren figura dibulgatuko du. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, bibliotekan, eta Trisquele taldeko gaiteroek hartuko dute parte. Luntxa ere emango dute.

Fato Cultural Daniel Castelao, 41 urte lanean

Xose Estevez.

Xose Estevez.

Fato Cultural Castelaok lau hamarkada darama galiziar izaera sustatzen. «1977an sortu genuen, Trintxerpen. Fato Castelao jarri nahi genion, baina Fato Saudade jarri genion, gobernatzaile zibilak ez zigulako uzten. 1978an aldatu zen, eta orduan Fato Cultural Galego Daniel Castelao jarri genion», esan du Estevezek. Castelao Galiziako nazionalismoaren figura handienetako bat da. Sempre en Galiza liburua argitaratu zuen 1944an, galeguismoaren biblia bezala kontsideratzen dena.

Hainbat ekitaldi egiten dituzte. Maiatzaren 17aren inguruan, Letra Galiziarren Eguna ospatzeko jarduerak, kasu. Magosto ere antolatzen dute, gaztainerre festa bat. Gero, noizbehinkakoak daude; idazleren bat etortzen bada, zerbait antolatzen dutela adierazi du. Jatorrizko identitatea sustatzeaz gain, garai bateko Galeusca berreskuratzeko helburuarekin jaio zen taldea. «Uste dut, nolabait, lortu dugula».

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend