Hiru saio aurreikusi dituzte, lehengo biak,aste honetan.
Jaten duguna omen gara eta gaiak gaur egun pizten duen interesaz jakitun, Donibaneko Bixi-Bixi elkarteak elikadura osasuntzeari buruzko hiru tailer antolatu ditu.
Elikadura eta dietetikan aditu Kristina Osa Garciak gidatuko ditu hiru saioak. Gaiak, berriz, publiko espezifiko bati erantzun nahian adostu dituzte, tailer bakoitza adin tarte zehatz bati zuzenduta antolatu baitute.
Lehen tailerra, helduei zuzendutakoa, ostegun honetan izango da (hilak 15).
Zertarako eta nola elikatzen garen izenburupean, ondoko gaiak jorratuko dituzte: Jatearen helburu nagusia, elikagai talde orokorrak, proportzioak eta jakien dastaketa.
Bigarren tailerra, 14 eta 16 urte arteko nerabeei zuzendua, ostiralean izango da (hilak 16).
Zuk zeuk egindakoa jaten izenarekin, gaiak ondokoak: noiztik jaten dugu horrela, elikagaien banaketa, sukaldatzen eta afari-merienda.
Hirugarren eta azken tailerra, haurrei zuzendutakoa, hilaren 24ean izango da
Bazen behin leizeetako gizakia ipuin kontaketaren bidez. Gizakiaren elikaduraren nondik norakoa, gaur egungo bizimodua eta merienda hartuko dituzte hizpide.
Aste honetako saioak, biak, 19:00etan izango dira Bixi-Bixi elkartearen egoitzan, eta haurrentzako tailerra, berriz, 16:30ean, liburutegi berrian.