‘Darth Wagner’, musikatik harago, elkartasuna

Garai,Tolaretxipi,Mitxelena, Sainz Alfaro eta Lopez de Etxezarreta.

Garai,Tolaretxipi,Mitxelena, Sainz Alfaro eta Lopez de Etxezarreta.

Errenteriako Musika Bandak kontzertua emango du hilaren 24an, larunbata, Fatimako Andre Mariaren elizan. Darth Wagner maila goreneko kontzertua izango da, izan ere, Alain Aierdi zuzendariarekin batera ariko da Jose Antonio Sainz Alfaro Donostiako Orfeoiko Maisu zuzendaria. Musikatik harago, elkartasun kontzertua izango da, sarreretatik bildutako diru guztia Juneren Hegoak Errenteria-Oreretako elkartearentzat izango baita. Juneren Hegoak elkarteak laguntza sare bat sortzeko hasi zuen bidea, haurren gaixotasun, heriotza edo dolu esperientzia bizitzean kalteberatasun egoeran dauden Gipuzkoako familiei laguntza eta babesa emateko.  Jasotako dirua,  familiak laguntzeko, bidea egiten jarraitzeko baliatuko dute elkarteko kideek.

Bi zuzendari eta bi garai izango dituela kontzertuak azaldu dute gaur egin duten agerraldian. Bertan izan dira Josu Mitxelena EMKEren presidentea, Sainz Alfaro zuzendaria, Amaia Tolaretxipi eta Nora Garai Juneren Hegoak elkarteko kideak, eta Garazi Lopez Etxezarreta Errenteria Musikal Patronatuko lehendakaria. Richard Wagnerren musikak izango du tartea kontzertuan, baita John Williamsen doinuek ere, “XIX. mendetik XXI. mendera egingo dugu jauzi. Bi belaunaldi eta bi ikuspegi ezberdin”. Kontzertua, musika bandak eskaintzen duen “une zoragarrietako bat” izango dela nabarmendu du Mitxelenak: “Zuzendari artistikoak kontzertua nola lantzen ari diren ikusita, eta kontzertuaren egitarauari erreparatuta ez dugu zalantzarik horrela izango dela”.

Sainz Alfarok kontzertuaren prestaketa “erronka” dela esan du, “batez ere haizezko instrumentuentzat, klarinete jotzaileek bereziki lasterka joan behar dute. Esfortzu izugarria da. Erantzun egokia jasotzea espero dut eta jendea gustura irtetea, denbora neurtua dugu, jendeak esan dezan ‘ze motza’. Hori seinale ona izango da, gustura egon direla esan nahiko du”. Sainz Alfaro bezalako zuzendaria bandarekin elkarlanean izatea “ohorea eta luxua” dela erantsi du, “batutarekin plus bat emango dio kontzertuari, musikariak gora datozelako halako pertsona baten aurrean”. Kartelaren egileari, Ibon Izagirreri ere egin dio aipamena Mitxelenak, “kartel ikusgarria prestatu duelako oraingoan ere”.

Amaitzeko mezu garbia helarazi du Mitxelenak, “bete dezagun eliza lepo, kontzertutzarra izango delako”. Bat egin du Lopez Etxezarretak, musika bandaren lana eta kalitatea aitortu ditu, “horren erakusle datorren larunbateko kolaborazioa da”. Herritarrak animatu ditu kontzertu solidarioan parte hartzera. Eta beste hainbeste egin dute Tolaretxipik eta Garaik, musika bandari kontzertua elkartearen alde egiteagatik eskerrak emanda, “animatu eta parte hartzera deitu nahi ditugu herritarrak, elkarteak familiak laguntzen jarraitzeko erabiliko du bildutakoa eta”. 20:30ean hasiko da kontzertua, sarrerak 5 euro balio ditu eta Niessen Kulturguneko leihatilan eros daitezke txartelak astelehenetik aurrera.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend