Ander Sistiaga: «San Pedroko tabernetan derbia balitz bezala jarraitu zuten gala»

‘Handia’ filmak irabazitako hamar sarietatik Produkzio Zuzendari Onenaren Goya saria jaso zuen San Pedroko bizilagunak. Hilaren 4an harrera beroa egin zioten herrian.

Ander Sistiaga.

Zer izan da zuretzat Goya sari bat Pasaiara ekartzea?
Batez ere San Pedroko herritarrek izan duten ilusio hori ikustea oso pozgarria izan da niretzat. Sorpresaz harrapatu ninduen harrerak, ez nuen espero herriak horrelako erantzuna emango zuenik. Gainera, San Pedroko tabernetan ere gala jarraitu zutela esan zidaten, futboleko derbia izango balitz bezala. Oso-oso polita izan da jaso dudan berotasuna.

Zer bururatu zitzaizun zure izena entzun zenuenean?
Bada, egia esan, ez dut oso garbi oraindik [barrez]. Nire bikotekide Monseri musu bat ematea berehalakoa izan zen, eta hortik aurrera jaka ixteko eta eskailerak jaisteko nuen nahasmenarekin, bota nuen speech-a oso espontaneoa izan zen. Egia esan, orri bat irakurtzearen kontrakoa izan zen erabat. Ia mezu guztiak momentukoak izan ziren. Ez nintzateke berriro ezta esaldi bakar bat ere errepikatzeko gai izango.  Ez dut kamera eta jendearen aurrean hitz egiteko ohitura hori. Orokorrean, kamera teknikoek kameren atzetik egoteko joera izaten dugu, hor gusturago sentitzen garelako.

Nolakoa izan da filmaren esperientzia?
Erronka bat izan da, eta erronka izan denez, momentu oso gogorrak pasatu ditugu, baina egia esan oso pozgarria izan da film honetan parte hartzea. Zaila izan da hasieratik, buelta asko eman dizkiogu. Filmak berezitasun ugari zituen: road movie antzeko bat da, eta gainera, antzinako testuinguru batean. Garai konkretu hori irudikatzea zaila balitz, erraldoi bat sortzea are zailagoa izan da. Konplikazio asko zituen filmak, eta zinemaren magia hori erabili behar izan dugu. Perspektibekin eta eskalekin jokatu dugu, oso polita izan da lan guztia.

Handia-k izan duen arrakasta hori espero al zenuten ?
Ez genuen horrelakorik espero. Sari banaketaren aurretik, edota bertan, erraldoi baten inguruko euskarazko pelikula batek Espainian hamar sari irabaziko zituela esaten zuenak, loteriara joka dezala, tokatuko zaiola [barrez]. Egia esan, ez genuen erantzun hau espero. Gainera, zuzendariak eta taldeko langileak oso umilak dira, eta hori nabaritzen da lana egiterako orduan eta emaitzan. Egoera horrek harrokeriak alde batera uzteko aukera ematen du, eta modu profesionalean lan egiteko.

San Pedroko Begihaundi tabernan utzi omen duzu Goya saria. Zergatik?
Bai, hala da. Begihaundi tabernan nire harrera prestatu zuten, eta gainera, han Goya sarien gala gogoz jarraitu zuten. Besteak beste, Realaren partidak ikustera gerturatzen naiz taberna horretara, giro oso ona egoten da. Han utzi dut saria, sari banaketa ekitaldiarekin gozatu zutenek ikusi eta hartzeko aukera izan dezaten. Orain, sanpedrotarrena da Goya saria.

Noiz jakin zenuen zineman egin nahi zenuela lan?
Egia esan, ustekabe askoren kumulua izan da zinemaren munduan murgiltzea. Hemeretzi urte nituela, hemendik alde egin eta Londresera joan nintzen, ingelesa ikasi eta lan egitera. Ondo joan zen esperientzia eta handik urtebetera, New Yorkera bidaiatu nuen, bertan ere lan egiteko. AEBn batez ere ostalaritzan egin nuen lan, leku askotan. Daniel Kalparsororekin izan nuen zinemaren munduarekin lehen kontaktua. Une horretan ez nekien zertara dedikatuko nintzen etorkizunean, baina, ordutik gaur arte, ustekabe horiek tartean, zinemaren munduan aritu naiz lanean.

Realzale amorratua omen zara. Zein Goya sari emango zenioke egun taldeari?
Egia esan, egungo Reala ez dago inongo Goya sarietarako. Halere, egia da beti positiboa izaten saiatzen naizela, eta garrantzitsuagoa da denboraldia nola amaitzen duten, nola hasi duten baino. Oraintxe bertan sari banaketa bat izango balitz, ez dut uste aukera izango zuenik sari bakar bat ere lortzeko. Espero dut denboraldi amaierarako egoerari buelta eman izana. Biharko partida [atzoko Salzburgoren aurkako neurketari erreferentzia eginez], irabaztea espero dut, horrek asko lagunduko luke egoera aldatzen.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend