Euskal zinema handitzen ari da

‘Handia’ filma ekoitzi duten kideekin hitz egin du HITZAk. Trintxerpeko Moriartiko Jose Mari Goenaga eta Irusoingo Iñaki Gomez errenteriarrak euskal zinemaren egoera aztertu dute.

‘Handia’ filmeko talde osoa, Gipuzkoako Foru Aldundian. Argazkian, besteak beste, Jose Mari Goenaga, Iñaki Gomez, Ander Sistiaga eta Javier Agirre daude.

Joan den hilaren 3an, Handia filmak Espainiako Zinema Akademiaren Goya sariak menderatu zituen, gaueko izar absolutua izan zen. Guztira, hamar sari jaso zituen lanak. Altzoko erraldoiaren gaineko filmak sekulako arrakasta izan du, eta azken urteotan ekoitzi diren euskarazko filmeekin batera, euskal zinema handitzea lortu dute.
Oarsoaldera eta Bidasora ere iritsi dira zenbait sari. Zehazki, Javier Agirrek (Irun) eta Ander Sistiagak (Pasaia) sari bana eskaini dizkiete euren bizilagunei. Baina sariez gain, Oarsoaldeak ere bere hondar alea jarri du proiektu arrakastatsu horretan.

Trintxerpeko Moriarti izan da  filmean lan egin duen ekoiztetxeetako bat. Bertako Jose Mari Goenagak azaldu duenez, aspaldi zuen Jon Garaño zuzendariak buruan Handia filma egiteko asmoa. Ideia hura proposatu zuenetik, urte dezente pasatu dira filma egitera animatu diren arte. Tartean, marrazki biziduneko film bat egiteko aukera aztertzeko denbora ere izan zuen Andoni de Carlos gidoilariak, Goenagak arabera, «oso zaila izango zelako modu errealista batean egitea». Urtero proiektua atzera bota behar izaten zutela argitu du, Euskal Herrian tankera horrelako proiektu bat egitea oso zaila iruditzen zitzaielako: «XIX. mendeko erraldoi baten inguruko film bat egitea, bere garaian, erokeria iruditzen zitzaigun». Halere, Handia egiteko apustua egin zuten, «abentura berri bati» ekin zioten Goenagaren arabera.

Abentura horren hasieratik Donostiako Irusoin ekoiztetxekoak ere lanean egon dira. Bertan egiten du lan Iñaki Gomez errenteriarrak, hark ere jarri du hamar Goya sari irabazi ahal izateko Oaroaldearen hondar ale hori. «Oso erronka polita izan da profesionalki. Hasieratik proiektu zaila izan arren, zorionez ikaragarri ondo bukatu da», zehaztu du. Moriarti zein Irusoin produktorako langileak, lehen eszenatik, ideia aukeratu, gidoiaren jarraipena egin, proiektua osatu edota muntaketa lanetan aritu dira. Sorkuntza eta produkziozko lana izan da eurek egiten dutena.

Arrakastaren gakoa
Filmak, azken hilabeteetan muga guztiak gainditu ditu. Euskal Herriaz gain, Espainiako Estatuko eta Frantziako zinemetara ere iritsi da Handia. Zein da hainbesteko oihartzun hori izateko gakoa?

Iñaki Gomezen ahotan, proposamena «ezohikoa» izan delako erabat. «Istorioak badu bere interes puntu bat. Teknikoki eta artistikoki normalean jendeak ikusten ez dituen moduko gauzak egin dira, horrek atentzioa deitu du», adierazi du. Adierazpen horiekin bat egin du Moriartiko Goenagak: «Altzoko erraldoiaren bizitza kontatzeaz gain, filmak beste zerbait kontatzen duela uste dugu; ikusleekin konektatu du». Are gehiago, «puntu epiko bat» duela nabarmendu du, eta argazki arloan, errekreazioan eta jantzietan teknikariek «izugarrizko lana» egin dutela.

Bi ekoiztetxeetako kideak  ados azaldu dira ere ondorengo baieztapenarekin: euskal zinema gorakadan ari da. Iñaki Gomez: «Euskal zineman gauzak poliki egin ditugu, baina oso fin». Moriartikoak ere gorazko joera nabarmena dela adierazi du: «Orain ari gara urte askotan zehar landatutako uzta jasotzen».

Betidanik, Euskal Herrian zinema tradizio handia egon dela nabarmendu du Jose Mari Goenagak, eta geroz eta zaletasun eta interes handiagoa sortu dutela bertan egindako lan berriek. «Ea luzerako den», dio Goenagak.
Nazioarteko zinean txoko bat egin du Handia-k, hori argi dago. Eta ohiko zinemez gain, etxeko sofatik ikusteko aukera ere eskaintzen ari dira dagoeneko. Loreak filmarekin bezalaxe, Netflix ordainpeko plataformak jada filma erosi eta bere bezero guztien eskuetara jarri du.

Filma ofizialki iazko irailaren 23an estreinatu arren, bigarren txanda bati ekin diote azken asteetan. Oraindik filma ikusi ez dutenek beste aukera bat dute antzinako Altzora bidaiatzeko.

Goya sarien ajea alde batera utziz, dagoeneko beste lan batzuetan ari dira lanean Moriarti eta Irusoingo kideak, elkarlanean, nola ez. Gaztelerazko fikziozko film bati ekingo diote datorren maiatzean. Ideiak, egitasmoak, soberan dituzte.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend