Emozioa ziurtatua dago asteburuan Plazeta futbol zelaian. Gizonen Erregional Preferentean liderraren bisita jasoko du Allerruk.
Bihar arratsaldean da Allerruren partida.
Otsaila izanda ere, kirol sasoi bukaerako emozioak Plazetara etorriko dira bihar. Allerruren gizonen talde nagusiak, Erregional Preferentekoak, liderraren bisita jasoko du 17:45ean hasiko den partidan. Allerru-Deusto Donostia da lehia. Lezoarrak bigarren dira sailkapenean, eta irabazita ere lehen postua ez lortu (lau puntu ditu alde Deustok egun), donostiarrei abisua emateko balio dezake lehiak. Hau da, irabazi eta puntu batera hurbilduz gero, adi egin daitezela liderrak, Lezoko taldeak azeleragailua topera jartzen badakiela, alegia. Ohorezko Erregionalera igotzeko plaza zuzena ematen du lehen postuak.
Allerruk 42 puntu ditu sailkapen nagusian, Deusto-Donostiak 46. Partida bakarra galdu dute hiriburukoek, hiru Allerruk. Lehen itzuliko norgehiagoka 2-1 irabazi zuten liderrek. Donostiako taldea unibertsitatekoa bada ere, Lezo osoa unibertsitatea da. Eta Plazetara bertako biztanleak euren taldea animatzera joaten badira, jokalarien talentuak eta gogoak handira egingo du jauzi. Emozioa, behintzat, ez da faltako berdegunean eta kanpoan.
Eskubaloian, bestalde, Munttarperen gizonen taldeak lider jartzeko aukera garbia izango du asteburuan. Tranpa du baieztapen horrek, izan ere, lezoarrekin batera Gipuzkoako Bigarren Mailan lider den —puntu berberekin— Elgoibarrek atsedena du oraingoan. Hortaz, lezoarrek irabazten badute, lider bakarrik jarriko dira, baina partida bat gehiagorekin. Donostian, hirugarren den Saiekoren kontra jokatuko dute Munttarpekoek igandean. ‘Irabazteko moduko partida da’ esaldia erantsiko diogu parrafo honi, bi arrazoigatik:
Munttarpe oso bolada onean dagoelako, eta lehen itzuliko partidan 40-24 irabazi zutelako. Baina erne, ‘irabazi beharreko’ horiek, gero kantxan irabazi behar dira.
Bi horiez gain, beste partida asko jokatuko dituzte Lezoko talde nagusiek. Hemen zerrenda:
FUTBOLA
Gizonen Erregional Preferentea
- Allerru-Deusto Donostia, bihar (larunbata) 17:45ean Plazetan.
Emakumeen Erregionala, Kopa
- Goierri Gorri-Allerru, bihar (larunbata) 18:30ean Ordiziako Altamira zelaian.
Gizonen Lehen Erregionala, Kopa
- Astigarragako Mundarro-Allerru, etzi (igandea) 11:45ean Astigarragako Zarkumendegi zelaian.
Gizonen Gazteen Lehen Maila, Igoera Fasea
- Allerru A-Beti Ona B, bihar (larunbata) 19:45ean Plazetan.
Gizonen Gazteen Lehen Maila, Kopa
- Allerru B-Gure Txokoa, bihar (larunbata) 15:30ean Plazetan.
ESKUBALOIA
Emakumeen Euskal Liga, Bigarren Maila
- Munttarpe-Egia, bihar (larunbata) 18:00etan Bekoerrotan.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Saieko-Munttarpe, etzi (igandea) 11:30ean Donostiako La Salleko kiroldegian.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Egarri Taberna-Jaixki AFT, bihar (larunbata) 16:30ean Villabinako Olaederra kiroldegian.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Inter Eder-Gaintxu AFT, bihar (larunbata) 18:00etan Donostiako Mons kiroldegian.
SASKIBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Hirugarren Maila
- Oarso-Kurkubi SBK, etzi (igandea) 11:45ean Errenteriako Galtzarabordako kiroldegian.