Oreretako ezker abertzalearen izenean, Paki Perez gogoratzeko gutuna egin dute Naroa Iturrik eta Iñaki Zeberiok. Euskal Herriko gatazka politikoa lehen pertsonan bizitakoa izan zen duela aste batzuk zendu zen oreretarra. Lau seme-alabaren ama, egun espetxeratua dagoen
Zigor Garroren ama zen.
Hemen gutuna:
Paki
Paki, negu hotz eta euritsu honetan utzi gaituzu eta hotza barruraino sartu zaigu, baita ere euritan nahasturiko malkoak.
Euskal herritarra, oreretarra, betidanik pairatu duzu herri honen ukazioa, herri honek jasandako errepresio itzela. Bizitzari ilusioz ekin zenion, lau seme-alaba zure magalean, baina lehen kolpea zure familiarekin Iparraldera ihes egin behar izatea, seme alabak altzoan zenituela.
Hala ere, han bizitzera ere moldatu zineten, bizitzari beti aurre eginez, indartsu eta gogotsu, inoiz atzera pausurik eman gabe, zuen seme-alabak zainduz eta beraien barruan ere Euskal Herriaren aldeko maitasuna uztartuz.
Emakumea, langilea, ama… Lau seme-alaba. Eta hauekin ere gatazkaren ondorioak bertatik bertara ezagutzea tokatu zitzaizun. Zure seme-alabak etxean ikasitako eta ikusitako koherentziaren ondorioz errepresioa jasan zuten eta jasaten ari dira oraindik ere.
Atxilotuak, espetxeratuak… ezagunak dituzue zuen etxera ordu txikitan bortizki sartutako haiek, abesti batek dioen bezala, ostikoz bota digute atea, zeintzuk dira deitu gabe datozenak? Ostikoz sartu bai, eta etxekoak eraman ere bai.
Pairatu zenituen ere komisaldegiko infernuzko egun horiek, zuk erditutako seme-alaben ahotik entzun beharra jasandako torturak, eta zuk ezin hori ekidin baina bai ordea haien esperoan egon, haiei kemena eta maitasuna eman.
Eta hori egin duzu urte luzeetan zehar, kilometroak eta kilometroak beraiei zure maitasuna adierazteko, hor zaudela esateko.
Zigorren hitzak bozgorailu txiki batean barruraino sartu zitzaizkigun, Nereak irakurritakoa ere hain fina, goxoa eta maitasunez betea izan zen… eta Landerrek iragan egunean artikulua idatzi zuen, oraindik ez zaiola gertatu, baina esan diotela gertatuko zaiola, ikusiko zaituela, kalean zu ikustea irudituko zaiola eta erreala izango dela, errealegia beharbada, eta krudelegia, berriz, benetako errealitatean murgiltzerakoan.
Ez zaio bakarrik Landerri gertatuko, askori irudituko zaigu Landare inguruan zaudela, lagunekin, potetxoarekin eta horrela mantenduko dugu gogoan.
Lau seme-alaba, haien bikoteak, bilobak, familia handia, lagunak, asko utzi duzu zure atzean eta zure lanari esker, beraz, agur Paki, agur eta ohore!
Naroa Iturri eta Iñaki Zeberio, Oreretako ezker abertzalearen izenean.