Kaleratze bati aurre egiteagatik LAB-eko kide bat epaituko dutela salatu dute

LAB sindikatuko ordezkariek agerraldia egin dute salaketa jarri duen farmaziaren aurrean.

LAB sindikatuko ordezkariek agerraldia egin dute salaketa jarri duen farmaziaren aurrean.

Errenteria-Oreretako LAB sindikatuko kide bat epaituko dute datorren asteazkenean (martxoak 7) Donostiako epaitegian, Enrique Rodriguez Zarzuelo farmaziako nagusiak sindikatu abertzalea “derrigortzeengatik” salatu eta gero. Gogor salatu dute erabakia gaur LAB sindikatuko hainbat enpresetako ordezkariek, salaketa jarri duen farmaziaren aurrean egin duten agerraldian. Askatasun sindikalaren alde eta ekintza sindikala aurrera goiburua zuten kartelak esku artean, bildutakoek, gogora ekarri dute, farmaziako nagusiak ez zuela onartu hauteskunde sindikalak bertan egitea, eta horren harira, langile bat kaleratu zuela: “Urtebete pasa da farmazia honetan hauteskunde sindikalak egiten saiatu ginenetik. Eta saiatu diogu, XXI. mendean ulertezina izan arren, farmazia honetako nagusiak bereak eta bi egin zituelako hauteskunde horiek egin ez zitezen. Ordutik, bertako langileen eskubideak behin eta berriz urratu dituzte, eta gu, LAB sindikatua, epaitegiko zitazio batekin aurkitu gara”.

Bildutakoek LAB sindikatuak egiten duen lanarekin “harro” azaldu dira, “harro, halako nagusikerien aurrean kikildu ordez, hortzak erakusten dakielako, eta behar denean, adostasunera iristen dakielako. LABek ez du langilea bakarrik uzten. Talde gisa antolatu, eta elkarlanean egiten diogu aurre gatazkari. horiek direlako gure funtzioak: langileak antolatzea beren eskubideen defentsan, langileon bidelagun izan, eta ekintza sindikalaren bidez erasoei erantzutea”. Farmazia horretako nagusiak, bertako langile bat “bidegabeki” kaleratu zuela ekarri dute gogora, eta halako egoeren aurrean LAB sindikatua ez dela besoak gurutzatuta gelditzen, “Zer uste zuen nagusiak, gure herrian, gu ere erabiltzaile ginen farmazia batean emandako gehiegikeriak ez genituela salatuko? Berak probokatutako egoera batek ez zuela herri haserrea piztuko?”.

Gogor salatu dute sindikatuaren aurka farmaziako nagusiak zabaldu duen epaitegietako bidea, eta halako jarreren aurrean langileek bizi duten babesgabetasuna, “farmaziaren jabea ez zen kikildu antzinatasun gutxien zuen langilea kaleratzeko garaian, legeak onartzen zion indemnizaziorik ziztrinena aukeratuta. Langileen babesgabetasunaren beste adibide bat da hori, legeak hau bezalako nagusiek edonor, arrazoirik gabe, otzan eta pasibo ez izateagatik, kaleratzea baimentzen die  diru kopuru exkax baten truke. Geroz eta gehiago dira patronalaren pribilegioak, eta geroz eta gutxiago langileen eskubideak”.

LAB sindikatuaren epaile bakarrak langileak direla esan dute agerraldia amaitzeko, “langileok osatzen dugulako LAB, eta guregana datorren langile bakoitzak gure tresna guztiak izango ditu eskura, langile bakar bat ere ez dugulako bakarrik utziko. LABen langile guztiok dugu tokia gure eskubideen defentsan borrokatzeko”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend