Ertzak zizelkatzeko dantzan

Entre Orillas

Amaia Muguruza eta Betania Mendoza, Entre Orillas izeneko proiektuaren bultzatzaileak, San Pedroko Torreatzen.

Dantza komunitarioa. Horixe otsaila hasiz geroztik Antxon eskaintzen ari diren ikastaroa. Tailerra asteazkenero eskaintzen dute, 7 eta 100 urte artean interesa duen pertsona ororentzat zabalik eta doan. Entre Orillas kolektiboaren proposamen bat da, Pasaiako Udalaren Aniztasun eta Berdintasun arloen babesarekin.

Betania Mendoza eta Amaia Muguruza dira proiektuaren gidariak. San Pedron bizi dira biak, eta orain dela ez asko ezagutu dute elkar, Mendoza Pasaiara bizitzera etorri denean. Argentinarra da jaiotzez Mendoza, baina hamabi urte ditu Euskal Herrian bizitzen, azkeneko biak San Pedron. Orain gauzatu berri duen proiektua buruan aspalditik zuela aitortu du: «Hona bizitzera etorri nintzenetik pentsatu izan dut hau toki oso aproposa zela tailerra antolatzeko, aniztasun handiko herria delako».

Dantzaria da Betania Mendoza, eta pasioz bizi du bere ogibidea. «Oso gaztea nintzenetik dantzatzen dut. Dantzatuko ez banu ez nintzen izango», hala hasi da bere burua aurkezten. Artea ikasi zuen, eta moda eta estilismoaren munduan ere murgildu izan da, baina dantzatik urrun, ez du lortu bere tokia topatzerik, «mundu guztiz friboloa» iruditu zitzaiolako. Horregatik, bere sustraietara itzuli nahian, gorputz adierazpena ikasi zuen Madrilen eta Bartzelonan, eta ordutik ez da geratu, aitortu duenez, «oso ipurtarina» delako.

Muguruzaren formazio esparrua oso bestelakoa da. Ez du dantzarekin zer ikustekorik. «Nik gizarte antropologia ikasketak egin nituen, Donostian, eta Argentinan ere izan nintzen, sei hilabetez», kontatu du sanpedrotarrak. Karrera bukatu eta Bartzelonara joan zen Muguruza migrazioetan master bat egitera. Bartzelonatik bueltan bere familiak San Pedron duen tabernara itzuli behar izan zuen, beste lan bat bilatu artean. Bertan ezagutu zuten elkar Muguruzak eta Mendozak, eta orduan jo zuen argentinarrak sanpedrotarrarengana dantza komunitarioko tailerra antolatzeko proposamenarekin, Muguruzak adierazi duenez momentu ezin aproposagoan: «Nire gaiarekin bete-betean asmatu zuen Pasaiaz eta bertako kultur aniztasunaz hitz egin zidanean». Entre Orillas kolektiboren sorrerarako lehen urratsa izan zen hura, ia oharkabean.

Dantza baino gehiago

dantza komunitarioa

Gorputz adierazpenaren teknika ikasten ari dira partaideak.

Dantza komunitarioak asko du dantzatik harago. Proiektu sozio-kultural bat da, komunitatean topaguneak sortzeko helburuz garatua. Mendozak azaldu ditu dantza komunitarioaren jatorriaren gainekoak. «Dantza komunitarioak antzerkian du jatorria, eta Argentinan du iturburu». Aurelia Chillemi dantzariak sortu zuen, eta Mendozak jakinarazi duenez, bere taldea da  dantza komunitarioan aitzindari: «Katedra bat du, erabat irekia, eta bada talde bat hamabost urte dituena katedra honetatik lanean».

Azaldu duenez, Argentinako talde honek giza eskubideen gaineko lanak sortzen ditu batez ere: «Dantza komunitarioak hori lantzen duelako gehienbat. Ahotsa jartzen die jendearen kontzientzian era subliminalean dauden behar horiei. Jendeak ez du jakiten horiek nola adierazi, eta guk forma estetikoa eta artistikoa ematen diogu».

Izan ere, «dantza komunikaziorako tresna bat» dela defendatu du Mendozak, eta «dantza komunitarioak jendeari komunikatzeko ez ezik, elkartzeko gune bat eskaintzen diola azaldu du: «Dantza komunitarioak proposatzen du komunitatearentzako topaguneak sortzea, askotan erakundeetatik kontuan izaten ez diren horiek guztiak garatzeko, eta herriari ahotsa emateko, ikuspuntu estetiko eta sortzaile batetik».

Mugitu, entzun, adierazi

dantza komunitarioa

Ikastaroan parte hartzeko ez dago adin mugarik.

Bi esparru lantzen ditu dantza komunitarioak, bat mugimenduarekin zerikusia duena da, eta bigarren bat hausnarketarekin lotzen dena: «Oinarri teknikoa gorputz adierazpena da, eta horrez gain, badu hausnarketa zati bat, gerora materiala emango diguna mugimendutik lan egin ahal izateko».

Baina Antxoko tailerrean ez dira oraindik hausnarketara  heldu, lau saio baino ez dituztelako egin orain arte. «Beste era batera hitz egiten ikastea da, hizkuntza berri bat geureganatzea», azaldu du argentinarrak. Eta hizkuntza berri bat ikasteko lehenbizi hitzak ikasi behar diren bezala, dantza komunitarioaren lengoaia ikasteko lehenbizi gorputz adierazpena ikasi behar da. «Mugimendurako lan metodologia bat da, ikasten den teknika bat, gorputzaren bitartez, eta taldean».

Dantza komunitarioa Argentinan sortu zen eta antzerkian du jatorria
Gorputz adierazpena lantzen dute, komunikaziorako tresna gisa

Horretan ari dira orain Antxon, eta oso pozik daude emaitzarekin. «Tailerrera datorren jendeak inoiz ere ez du esperimentatu halakorik, eta oso ondo ari dira. Beren jarrera oso-oso positiboa da, disfrutatzen ari dira», nabarmendu du Muguruzak.

Gonbidapena ere luzatu dute: «Ez da izena eman behar. Nahi duena joaten da nahi duenean, eta ez da ezinbestekoa astero-astero parte hartzea». Taldea irekia eta malgua da, eta inguruan ez dago antzekorik. Iruñean da dantza komunitarioa lantzen duen talde gertukoena.

Esperientzien laborategia

Parte hartzeko ez da zertan dantzan jakin behar.

Topagune bat komunitatearen zerbitzura. Elkar ezagutzeko, elkarri entzuteko, eta elkarrekin aurrera egiteko. Muguruzak ikuspuntu horretan jarri du azpimarra: «Kontua ez da dantza bera. Elkarri entzuteko topagune bat izan behar du». Izan ere,  euskal prototipo batez hitz egitea gustuko ez duen arren, euskaldunoi adieraztea «asko kostatzen» zaigula erabat sinetsita dago, eta elkarrizketaren beharra, gaur-gaurkoz agerikoa eta premiazkoa dela iritzita, esperientziari balio berezia aitortzen dio: «Are gehiago momentu honetan, elkarri asko esateko dugun arren, ez garelako elkarri entzuteko gai».

Elkarrizketarako bide berriak topatzeko modu bat izan daitekeela uste du sanpedrotarrak: «Gure testuinguru politikoan oso garrantzitsua iruditzen zait elkarrizketarako bide berriak topatzea. Gaur egun, batzuek uste dute dena konponduta dagoela, baina ez da egia. Errealitate asko daude, eta dena ez dago ondo. Goazen hitz egitera, goazen errealitate horiek guztiak mahai gainean jartzera, eta goazen horri ekiteko bide berriak topatzera».

Tailerra asteazkenetan da,   Antxoko Azokan, 17:30etik 19:30era.
Sarrera erabat librea da, debaldekoa, eta ez dago aurrez izena eman beharrik

Norabide horretan, gorputz adierazpena tresna berritzaile eta eraginkorra izan daitekeela uste du Muguruzak: «Arte eta gorputzaren bidez, nik dakidala, hemen ez da inoiz halakorik egin».

Eta hori guztia artetik zergatik galdetuta, Mendozak argi du erantzuna: «Artea adierazpide bat da, ez hain erasokorra, errealitateak alderatzeko orduan atseginagoa».

Eta atseginagoa ez ezik, «terapeutikoa» ere badela defendatu du, «osasun mentalarentzat onuragarria».

Obra proiektua

Kide bakoitzak atseginagoa zaion mugimendua hautatzen du.

Ez da ziurra, ez eta ezinbestekoa, baina taldeak hala erabakitzen badu izan daiteke helmuga bat. Litekeena da obra proiektu bat garatzea eta Pasaiako Udalak urtero antolatu ohi duen Aniztasun Astearen barruan aurkeztea. Mendozak aurreratu duenez, «ideia hori da, tailerra lan batekin bukatzea, eta hori, ahal bada, udalak antolatzen duen Aniztasunaren Astearen barruan aurkeztu ahal izatea». Hala proposatu diete eta ideia oso ona iruditu zaie, «batetik, ez delako erraza dantza komunitarioa egin ahal izateko guneak topatzea, eta bestetik, horrek helburu eta norabide bat» emango dielako.
Obra proiektu bat garatzeak, gainera, bestelako abantailak dituela uste du Mendozak: «Inspirazioa topatzen dugunean obra proiektu baterako hobeto ulertuko dugu dantza komunitarioa zen den, eta zertarako ari garen parte hartzen, zein adierazpideri ematen diogun ahotsa».

Sentitzetik, pentsatzera eta pentsatzetik ekitera: «Pentsatzetik egitera pasatzen dugun une hori da garrantzitsua. Ez dakizu noiz gertatuko den, ez eta nola bukatuko den, baina mugimendu bat bada, eta norabidea emango dizu».
Baina obra egin edo ez taldeak erabakiko duela argi utzi dute, «dantza komunitarioan ezin delako ezer ere inposatu».

Elkarlana
Proiektua hastapenetan da, eta nola eta norantz garatuko den ikusteke, Muguruzak eta Mendozak desio bat badute: «Jendeak parte hartzea, eta askatasunez gozatzea».

Ateak zabalik dituzte, jaso, eta emateko. Proiektu batek zenbat eta diziplina gehiago batu orduan eta aberatsagoa dela erabat sinetsita daude, eta zer eskaini badutenez, herriko beste eragileekin elkarlanean aritu nahi dute. Datorren astean, esaterako, Martxoak 8an, plazara bilduko dira dantzara, Antxoko Gure Zumardian, mugimendu feministak antolatutako egitarauaren barruan, dantza komunitario tailerra eskaintzera.

Kolektiboaren izenaz eta izanaz

Kolektiboa pasaitarra izanik, Entre Orillas izenak barrutien arteko loturari egiten diola erreferentzia zalantzarik ez da. Ikuspuntu inklusibo batetik, barrutien arteko harremanari lotzen zaio, eta eraiki nahi duten topaguneari. Baina Betania Mendozak argitu nahi izan duenez, ez soilik horri: «Ertza, ura ingurutzen duena da, eta giza gorputza neurri handi batean urez osatuta dagoenez, guretzako ertzak gorputzari ere egiten dio erreferentzia, gorputza biltzen duenari, finean guri».

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend