Emakume gazteek bat egingo dute grebarekin. Berdintasuna dagoela diotenei, «ideia faltsua» dela erantzun diete Aintzane Zufiriak eta Ane Etxeberriak. Kontzientzia hartzea eta heziketa dira egoera iraultzeko gakoak bien ustez.
Zufiria eta Etxeberriak plantoarekin bat egitera deitu dituzte emakume gazteak.
Martxoaren 8an greba egiteko hamaika arrazoi dituzte emakumeek, baita gazteek ere, Aintzane Zufiria Etxeberria oiartzuarrak eta Ane Etxeberria Arzak pasaitarrak esan duten moduan. Oiartzungo Feministen Asanbladako eta horren barruan dagoen Antiju Morik taldeko kidea da Zufiria, eta Harremantxo talde feministako kidea Etxeberria.
Berdintasunik ez dagoela dio Zufiriak, «berdintasun hori faltsua da, hamaika arlotan gaudelako zapalduak emakumeak: lan eremuan, hartzen ditugun lanak ez direlako ikusarazten, zaintza lanak egozten zaizkigulako, ezabatu gaituztelako…».
Iritzi berekoa da Etxeberria, eta hezkuntzan, parekidetasun «faltsua» saltzen dela salatu du, «lan handia dago egiteko oraindik ere edukiei dagokienean. Hezkuntzan lantzen diren pertsonaia gehienak gizonak dira, historian edo literaturan da hala, baita beste arloetan ere. Gizon eta emakumeen arteko bereizketa txikitatik jasotzen dugu eta oso nabarmena da».
Harago jo du Zufiriak: «Haur askok uste dute hala dela, emakumeek historian ez dutelako ezer egin. Horrek erakusten du ezabatu egin gaituztela, izan badirelako». Oraindik ere, mutilak eta neskak ezberdin hezten direla sinistuta daude biak, «batzuei eta besteei egozten zaien motxila ezberdina da; eskaintzen zaizkien jostailuak ere ezberdinak izaten dira, baita bizitza bideratzeko ordua heltzen denean egiten zaien eskaintza. Lanbide Heziketan, mutilei elektronika edo mekanika eskainiko dizkiete, baina ez diete esango ile-apaintzaile izan daitezkeela». Biak ari dira irakaskuntzan, eta eskolatik gurasoak deitu behar direnean ere, ohikoa omen da amari deitzea beti.
Maitasun erromantikoa
Harremanena da Zufiria eta Etxeberriaren ustez gazteei eragiten dien faktore nagusiena: «Maitasun erromantikoaren mitoak jarraitzen du bizirik, erreproduzitzen behin eta berriz. Gaur bertan entzun dut irratian 14-17 urte arteko bikoteen arteko eraso salaketek gora egin dutela». Arazoa, botere harremanetan oinarritutako harremanak eraikitzea dela erantsi du Zufiriak, «dependentzia harremanak dira».
Harreman mota horiek, zein belaunaldiz belaunaldi errepikatzen ari diren soldata arrakalak, emakumeen lana ezkutatzea, eta zaintza lanak emakumeei egoztea, hezkuntzatik landu beharrekoak direla diote: «Hezkuntza da gakoa horiek iraultzeko, txikitatik jasotzen ditugun mezuak, telebista, sare sozialak… bide horretan doaz, eta heziketan dago gakoa, jaiotzen garenetik jasotzen ditugun balioetan».
Ikastetxeek zeregin handia jokatzen dute bien ustez, «ordu asko ematen dugulako bertan», baina horri etxeko heziketa batu diote, «etxean sortutako harremanak nolakoak diren, nola dauden eraikiak… Hori oso garrantzitsua da. Jaio direnak hezi behar dira, baina hemen gaudenon artean ere aldaketak eman behar ditugu».
Kontzientzia hartzea, eta arazoa azalaraztea da beste gakoa bi gazteen esanetan, eta belaunaldi gazteei dagokiela hori egitea gaineratu dute: «Min handiena arazoa estaltzeak ematen du. Jende gazte askok uste du berdintasuna existitzen dela. Ezetz azaltzea dagokigu, eta erakustea horren adibide errealak, egoera iraultzen saiatzeko, eta eredu izan. Berdintasuna ez dagoela kontziente izan behar dugu».
Zufiriak eta Etxeberriak bat egingo dute greba feministarekin, eta horretara deitu dituzte emakume gazte guztiak, «egun horretan ez dugu kontsumitu behar, ez dugu inor zaindu behar eta mobilizazioetan parte hartu behar dugu, kalea hartu», esan du Zufiriak. Martxoaren 8a ez dela hasiera, ezta amaiera ere erantsi du Etxeberriak, «baina balio dezala indarrak metatzeko, izan dadila pizgarri lanean jarraitu eta motibatzeko».